Debagoieneko ospitalean plantan ingresatuta egon direnen egunez eguneko kopuruei dagokienez, kopuru handiena martxoaren 24tik 29rako tartean izan zen. Martxoaren 15ean zazpi lagun ziren ingresatuta zeudenak, eta kopuru hori hazten joan zen hilaren 24ra arte; 30era iritsi zen orduan. Gorabehera batzuekin, 31ra arte iritsi zen kopurua, eta hilaren 29ko 30en ostean, Debagoieneko ospitaleko ingresatu kopuruaren joera beheranzkoa izan da, apirilaren 13ko 13ak arte. Erkidego osoko datuei dagokienez, joera antzerakoa da, nahiz eta ingresatu gehieneko egunak bizpahiru egun beranduago izan eta beste hainbeste beranduagora arte iraun. Ospitale gehienen kasua da hori, salbu, Debagoienekoarekin batera, Gasteizko ospitaleena. Gasteizko eta Debagoieneko bilakaerak antzerakoak direla erakusten dute datuek, zenbakiak desberdinak izan arren. Apirilaren 13an 1.026 lagun zeuden erkidegoko ospitaleetan plantan ingresatuta.
Ospitaleratze gehieneko egunei dagokienez, Debagoienean, eguneko bat eta sei ospitaleratzeren artean mantendu da kopurua azken hilabetean, egun batean salbu: martxoaren 20an 13 lagun ingresatu zituzten Arrasateko ospitalean. Eguneko ingresatu berrien kopuru handiena ere lau egun geroago iritsi zen EAE mailan. Apirilaren 12an eta 13an ez zen ospitaleratze berririk egon Debagoienean; erkidegoan, berriz, apirilaren 13an, denera, 52, martxoaren 24ko 348etatik urrun.
Debagoieneko ospitaletik beste ospitale batzuetara hamasei lagun aldatu dituzte aipatutako denbora tartean –Arrasatekoak ez du ZIUrik–.
Alta kopuruaren bilakaera aztertuz, berriz, eguneko bat eta sei artean izan dira azken hilabetean Debagoieneko ospitalean –denera, 73–, martxoaren 25ean –hamar– eta 30ean –bederatzi– salbu. Etxeko ospitaleratzeko altak, berriz, 35 izan dira martxoaren 15etik apirilaren 13ra. Erkidegoan, alten kopurua –4.000 inguru dira denera– bi astez eguneko 200 lagunen bueltan ibili ostean, azken astebetean nabarmen gutxitu da, 100en bueltara, ingresatuta daudenen kopurua ere heren bat murriztearekin batera.
Zainketa Intentsiboen Unitateak
Erkidegoko Zainketa Intentsiboen Unitateei dagokienez, apirilaren 2an jo zuen ingresatu kopuruak goia, 229rekin, eta joera beheranzkoa da ordutik, apirilaren 13ko 170ak arte. Ingreso berri gehieneko egunak martxoaren 24a eta 27a artekoak izan ziren, eguneko 26 eta 40 ingreso arteko kopuruekin. Gainerako egunetan 20tik beherakoa izan da kopurua, nabarmen txikiagoa azken astebetean: apirilaren 11n, adibidez, hiru ingreso berri ZIUra, bost hurrengo egunean eta bat apirilaren 13an. ZIUetako altak nahikoa paretsu mantendu dira martxoaren 25etik, eguneko 10-20ren bueltan, azken egunak arte. ZIUetan ingresatuta daudenen kopuruak behera egin ahala, alta kopurua ere eguneko hamarretik beherako kopuruetan finkatu da.
Hildakoei dagokienez, martxoaren 15a eta apirilaren 13a artean 11 lagun hil dira Debagoieneko ospitalean, heriotza bat edo birekin, heriotzak izan diren egunetan. Erkidegoko ospitale denetako datuak kontuan hartuta, berriz, 621 lagun hil dira denera martxoaren 15a eta apirilaren 13a artean. Martxo amaierakoak izan ziren egun latzenak, eguneko 34 heriotza arte iritsita. Ordutik, joera beherakoa da, baina gorabeherekin.