Alarma egoera ezarri zenetik Fagor Arrasatek neurriak hartu zituen langileen segurtasuna bermatzeko eta era berean, jarduera minimo bat bermatu ahal izateko: "Martxoaren 16an jarduera batzuk eten genituen langileen segurtasuna bermatzeko. Martxoaren 17an etxetik lan egiteko aukera daukagunak bide hori hartu genuen. Egun horretatik aurrera zuzendaritzatik zerbitzu minimo batzuk identifikatzen eta zehazten hasi ziren, ahal zen neurrian jarduera minimo bat mantendu ahal izateko" dio Fagor Arrasateko komunikazio arduradun Edorta Mendietak.
Fagor Arrasateko instalazioetan jardunean aritu diren langileak zorrotz bete dituzte pertsonen osasuna bermatzeko segurtasun-protokolo guztiak: "Jardunean aritu diren lankideek segurtasun protokolo batzuk jarraitu behar izan dituzte, Osalan eta AFMk adostutakoa. Neurrien artean, segurtasun distantziak mantentzea, ezinezkoa denean EPIen erabilera, higiene neurriak…".
Aurreko asteetan 40 lagun izan ziren ezinbesteko gutxieneko zerbitzuetan lanean eta atzo talde hori osatzeko 135 lagun inguru bueltatu ziren lanera. Datorren astean taldea hazten joango da, hori da asmoa behintzat.
Txinako instalazioei dagokienez, egoera desberdina da: "Urtarrilak 24tik otsailaren 10era bitartean, fabrikak itxita egon ziren Txinako gobernuak Urte Berri txinatarraren oporrak luzatu zituelako. Epe horretatik aurrera, fabrikak berriz ere martxan jarri ahal izateko baimena eman zuen, segurtasun neurri zorrotzekin. Gaur egun ia normaltasun osoz ari dira lanean, jardueraren %97-%110".
Mondragon Korporazioko kooperatiben jarduera orokorrean berrabiarazi egin da baina momentuz, modu ahulean egin dute. Sektore bakoitzaren berezitasunak alde batera utzita, jarduera %20 eta %25 bitartekoa da. Korporazioaren industria-negozioaren zati handi bat automobilgintzara bideratuta dago, eta oraindik ere erralentian dago herrialde askotan, bereziki Europan, fabrikatzaileen instalazio asko oraindik itxita baitaude.