Azken datuen eguneraketarekin, EAEn positibo kasu gehien dituen bederatzigarren herria jarraitzen du izaten Arrasatek. Beste muturrean dago Leintz Gatzaga, herritarren artean kutsaturik izan gabe oraindik. Eskualdeka, Gipuzkoako zerrendan bigarrena da Debagoiena, Donostialdearen atzetik. Debagoieneko Ospitalean 13 lagun daude ospitaleratuta -bat bera ere ez zainketa intentsiboetako unitatean- eta pertsona batek jaso du alta azken orduetan.
Debagoieneko datu metatuak, herririk-herri, astelehen iluntzeko 20:00ak arte:
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 178 | 808,39 |
Oñati | 34 | 299,96 |
Bergara | 30 | 205,54 |
Aretxabaleta | 28 | 400,74 |
Eskoriatza | 9 | 220,21 |
Antzuola | 3 | 140,45 |
Aramaio | 2 | 134,86 |
Elgeta | 2 | 176,21 |
Leintz Gatzaga | 0 |
0,00 |
Kutsatze-tasa 100.000 biztanleko. 2018ko INEren biztanleria datuetan oinarrituta.
Baieztatutako kasuen portzentaia %15era jaitsi da
EAEko datuei dagokienean, kezka eragiten jarraitzen dutela adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak, baina alde onik ere badela esan du, izan ere, atzo egindako 1.367 probetatik 207k eman dute positibo, portzentaia %15era jaistea lortuz horrela. Horri gehitu dio gora doala errekuperatutako pertsonen kopurua eta behera ospitaleratutakoena, eta horrek lagunduko duela ospitale eta osasun zentroetako egoera egonkortzen eta osasun langileeak nahiz lekuak berrantolatzen.
"Jada pasatu da okerrena"
Ildo beretik hitz egin du Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak. Kutsatuei buruzko zifrek eta, batez ere, osasun-krisi honek eragin dituen heriotzek min ematen jarraitzen dutela esan du, baina nabarmendu nahi izan du aditu-taldeek diotela "okerrena jada pasatu" dela eta "bigarren fase" batean gaudela. Duela hilabete -Osasun Larrialdi Adierazpena sinatu zenean- abiarazitako Euskadiko Babes Zibileko Planak (LABI) nahiko ondo funtzionatu duela erakusten du horrek, bere hitzetan, eta Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalen eguneroko ahaleginari eta ardurari esker izan da hori posible.
Jarduerari Berrekiteko Jarduketa Gida
Gaur, apirilak 14, lan jarduerarako pixkanakako itzulera hasi dela kontuan izanik, autobabeserako neurriekin jarraitzeko dei egin diete herritarrei, datozen egunetako pausoak horren araberakoak izango direla gaineratuz. Edozein kasutan, Erkorekaren hitzetan, lanerako itzulera hori era ordenatu eta seguruan eman dadin lanean aritu dira, "lantegiak berriz zabaltzeko prozesuan osasuneko eta segurtasuneko derrigorrezko protokoloak bete daitezen lortzea" delako euren helburua. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Jarduerari Berrekiteko Jarduketa Gida bat prestatu du. "Alde guztien laguntzarekin, inplikazioarekin eta konpromisoarekin (sindikatuak, enpresa-erakundeak, OSALANeko prebentzio-zerbitzuak, Lan Agintaritza edo Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza) osatu dute gida, Lan eta Justizia sailburu Maria Jesus San Joseren esanetan.
Neurri murriztaileen erlaxatzea
Eguerdian egindako agerraldian, kazetariek egindako galderei ere erantzun diete Jaurlatitzako ordezkariek. Konfinamendu egoera maiatzera luzatzeko balizko aukerari buruz, Erkorekak esan du Pedro Sanchezek har dezakeen erabakiak euren babesa izango duela, baldin eta erabaki horrek oinarri zientifikoa badu. Baina horri gehitu nahi izan dio ona litzatekeela "erabakiak kontsentsu handiagoz hartzea" eta indarrean diren neurri murriztaileak erlaxatzeari buruz hizketan hastea ere; Jaurlaritza, bere aldetik, ari da normaltasunerako prozesu horretan bere proiektua lantzen.
Hauteskundeak uda aurretik edo ondoren egingo diren galdetuta, Josu Erkorekaren hitzetan goiz da oraindik ezer esateko; osasun alarma egoera altxatu arte Iñigo Urkullu lehendakariak ez ditu deituko alderdietako ordezkariak gaiari buruz hitz egiteko.
Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.