Gipuzkoako zaharren egoitzak
Gipuzkoan 65 zaharren egoitza daude eta horietatik 16 zentrotan daude kasu positiboak, Mendozaren esanetan: "Guztira 302 kasu positibo zenbatu dira, 99 egoiliar hil dira eta 26 sendatu".
Prentsaurrekoan egoitzetako egoiliar zein langileei egiten ari zaizkien probak izan ditu hizpide eta adierazi du, sintomak dituzten guztiei egin zaizkiela eta apirilaren 10az geroztik, proba bikoitza egiten ari direla.
Osasun sistemak beharrezko materiala banatu duela adierazi du Mendozak: "Gure kasa materiala ematen ibili gara eta material hori beharren arabera banatu dugu". Horrekin batera, Aldundiak materiala esterilizatzeko makina erosi duela eta Arrasateko Aita Menni ospitalean dagoela aipatu du.
Zaharren egoitzetako egoerarekin jarraituz, Aldundiak hartutako neurriak zeintzuk diren adierazi du bozeramaileak: "Arreta zentroak egokitu ditugu, giza baliabideak indartu, erizain eta medikuentzako lan poltsak sortu, ostatu sarea sortu, ikuskaritza egiten dihardugu, suhiltzaileak egoitzak desinfektatzen ari dira eta aholkularitza sistema ere indartu dugu". Horrekin batera, telezaintza sistema izan du hizpide eta egoitzetako langile zein familiei arreta psikologikoa eskaini zaiela.
Azkenik, ELAk Gipuzkoako hiru zaharren egoitzei (Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Zumarragako Argixao) jarritako salaketa izan du hizpide Mendozak: "ELAk salaketan aipatzen dituen hiru zaharren egoitzetako langile eta egoiliar guztiei egin zaie proba, material eraginkorra dute eta Osakidetzak sendagile zein erizain kopurua indartu du aipatutako hiru egoitza horietan. Egoera honi aurre egiteko buru-belarri dihardugu lanean eta gizartearen lankidetza eskatzen dut".
Indarkeria matxista
Gobernu kontseiluko beste gaietako bat indarkeria matxista izan da. Mendozak adierazi du, salaketak erdira jaitsi direla eta horrek kezka eragiten diela. Horregatik, baliabideak indartu dituztela adierazi du eta 112 aplikazioaren berri eman du: "Badakigu erasotuetako batzuk erasotzaileekin bizi direla eta aplikazio honen bitartez eta geolokalizazioari esker, erasotuaren kokapena zein den jakin dezakegu, hark botoi bati sakatzearekin bakarrik".
Gai honen harira Mendozak adierazi du, Aldundiak bilerak egingo dituela Gipuzkoako herrietako alkate zein teknikoekin, herrietan indarkeria matxistari aurre egiteko erabiltzen dituzten praktikak ezagutzeko eta amankomunean lan egiteko. Lehen bilera bihar bertan egingo da.
Errenta aitorpena
Aurrez aurreko errenta aitorpena eten egin denez, bihartik aurrera errenta aitorpena Internet bidez egiteko aukera egongo dela adierazi du Mendozak. Horretarako, herritarrek Zergabidea plataforma erabili beharko dute eta beraien datu guztiak sartu.