Debagoieneko 29 kasu positibo berrietatik 26, Arrasaten

Jone Olabarria 2020ko api. 9a, 14:16

Egun bakarrean Debagoienean egon den positibo kopururik altuena dira atzoko 20:00ak arte erregistratutako 29 Koronabirus kasu berriak. Herrika aztertuta,  Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatin kasu berri bana atzeman dute eta 26 kasu berri daude Arrasaten. Honenbestez, Arrasaten 157 kasu baieztatu dituzte, eta ondorioz, bederatzigarren postura igo da EAEko herrietako positiboen zerrendan.

Orain arte apirilaren 4a zen kasu berri gehien erregistratu dituen eguna, 22 positibo berrirekin. Hala gaurkoan jakinarazi dituzten 29 koronabirus kasu positibo berriekin, guztira 249 pertsona kutsatu ditu Debagoienean COVID-19 gaitzak orain arte. Horietatik, Arrasaten 157 kasu baieztatu dituzte, 28 Oñatin, 26 Bergaran, 25 Aretxabaletan, 8 Eskoriatzan, bina Antzuola eta Aramaion, eta bakarra Elgetan.

Herri gehienetan igoera nahiko pausatua antzeman daiteke goiko bi grafikoetan. Arrasatek baina, igoera esanguratsuak izan ditu hainbat egunetan. Hala, Arrasatek jarraitzen du izaten kasu gehien erregistratu dituenDebagoieneko herria, gainontzeko herriekin geroz eta diferentzia handiagoa izanik.

Herria Positiboak 100.000 biztanleko tasa
Arrasate 157 713,02 (1.postua)
Oñati 28 247,02 (3.postua)
Bergara 26 178,13 (5.postua)
Aretxabaleta 25 353,50 (2.postua)
Eskoriatza 8 195,74 (4.postua)
Antzuola 2 93,63 (7.postua)
Aramaio 2 134,86 (6.postua)
Elgeta 1 88,11 (8.postua)
Leintz Gatzaga 0 0,00 (9.postua)

Hego Euskal Herria

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 480 gaixo baieztatu dituzte azken orduetan. Kasu gehien Bizkaia atzeman dituzte, 224 positibo berri hain zuzen ere. Arabari dagokionez,hasierako fokuetako bat bertan kokatu bazen ere, azken egunetako beheranzko joera hartu du, eta 63 kutsatu baieztatu dituzte. Era berean,  Gipuzkoan 85 positibo berri daude eta 108 Nafarroan.

Ospitaletako datuei dagokienez,  1.485 pertsona daude ingresatuta EAEko ospitaletan; horietatik 204 ZIUn. Arrasateko ospitalean hamalau gaixo daude koronabirusarekin eta atzo bost alta eman zituzten. Azkenik, Hego Euskal Herrian 62 pertsona hil dira azken orduetan eta 375 lagun sendatu.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Test azkarretan lanean

Jaurlaritzak adierazi duenez, koronabirusaren test azkar bat prestatzen ari dira. Gaixotasuna detektatu ahal izateko proba "azkarra, segurua eta merkea" da lanean ari diren hori, Murgaren hitzetan. Test hauen mekanismoa haurdunaldi testa egiteko erabiltzen dutenaren "oso antzekoa" izango dela azaldu du Murgak.

Murgak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza 60 proiektu ezberdin lantzen ari da, koronabirusaren aurka "modu eraginkorrean" lan egin ahal izateko; birusaren azterketa epidemiologikora, diagnostiko azkarra, koronabirusak eragindako pneumonia edo inpaktu sozioekonomikora bideratuko dituenak.

Oharra: EAEko kasu berriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Ministerioari helarazitako datuak eta Irekian partekatzen duen buletin ofizialeko datu zehatzak ez datoz bat. Albiste honetan jakitera ematen diren datuak, Jaurlaritzaren eguneko buletin ofizialean oinarrituta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak