Uxue Otxoa: "Kirolariek orain dute aukera mentalki indartzeko"

Xabier Urtzelai 2020ko api. 8a, 18:00
Uxue Otxoa kirol psikologoa. Argazkia: Mikel Alberdi.

Uxue Otxoa (Arrasate, 1990) kirol psikologoa da, edo, euren lanbidean esaten duten moduan, "kirol errendimendu erreztailea", nahiz eta enpresekin ere jarduten duen, taldeen kudeaketan, lidergoan eta bestelako kontzeptuetan lanean. Iaz arte Kirolgiko kirolariekin ibili da, eta egun, futbol jokalariak –UDAko lehenengo taldearekin dihardu–, arraunlariak, ziklistak eta surflariak ditu bezeroen artean. Kirol ikuspuntutik abiarazitako elkarrizketa da hau, nahiz eta egungo egoerari aurre egiten dabilen edonorendako den baliagarria.

Lan askorekin ari zara egun hauetan?

Ezin naiz kexatu, egia esan. Egia da konfinamenduko lehen egunetan beherakadatxoa igarri nuela. Bezeroei eskaini nien eurekin egiten dudan lan-saioa modu telematikoan egitea. Batzuek segituan onartu zuten, besteren batek esan zidan gurago zuela saioa aurrez aurrekoa izatea eta, oraingoz, eten bat egingo zuela, eta denbora apur bat eskatu zidatenak ere egon ziren, eta gehienak animatu egin dira modu telematikoan jarraitzera. Nik ere gurago ditut aurrez aurreko elkarrizketak, baina saio txukunak egin daitezke horrela ere.

Kirol psikologian egiten duzu lan, bereziki, eta Zikloland aldizkari digitalean kolaboratzen duzu. Bertan idatzi duzun artikuluan diozu prozesu honetan –koronabirurasen krisialdian– izaten dugun jarrerak baldintzatuko duela indartuta ala makalduta irtengo garen.

Badirudi gauza oinarrizkoa dela, baina garrantzi handia du. Egun osoa pasatzen badugu ondokoak daukanari begira eta guri zer falta zaigun nabarmentzen, ba, jai dugu. Esaterako, txirrindularitza munduko adibide txiki bat: Aleix Espargarok –Moto GPko pilotua eta amateur mailako txirrindularia– eta Purito Rodriguezek Ni etxean entrenatzen naiz lelopean bideoa igo zuten sare sozialetara. Eta noski, euren logelek gimnasioa ziruditen, ez zitzaien ezer falta. Horren aurrean gure jarrera baldin bada: nik ez daukat arrabolik, ez daukat ergonometrorik, ez ditut pisuak, etxean ez dut lekurik… Hor mentalki ez nabil nire buruari batere laguntzen. Kontua da non jartzen dugun arreta, eta arreta horrek eragingo du nire jarreran. Hori horrela, ziklista profesionala banaiz, eta arreta jartzen badut Suitzako txirrindulari batek egunotan entrena dezakeela eta nik ez, edo Chris Froome Hegoafrikan bizikleta gainena ibiliko dela pentsatzen… bada, pentsamendu negatiboak izango ditut. Hala, gauza asko ez daude gure kontrolpean, eta horien gainean ezin dugu eragin. Baina bai kontrola dezakegu non jartzen dugun fokua, arreta, hori gure esku dago. Egia da, hala ere, abiapuntua ez dela erraza.

Erabiltzen duzun esaldia da: "Bilakatu mehatxu hau erronka".

Sarritan nabarmentzen dugu hori psikologook. Gure egoerara egokitu behar dugu, eta, kasu honetan, gure kirol jarduera egokitu behar dugu egungo egoerara. Horregatik, orain, kirol errendimendua hobetzea ezin da izan lehentasuna, ez da inoizko sasoi onena bilatzeko momentua. Askoz ere helburu errealagoa da sasoia mantentzen ahalegintzea. Horregatik, garrantzitsua da egunotan kirol errutina batzuk izatea, eta, kontraesana badirudi ere, errutina horiek aldatzen joatea.

Egunotan, kirolari asko ikusten ari gara sare sozialen bidez etxean kirola egiten, gorputzeko giharrak lantzen. Baina lepo gaineko giharra ahaztu egiten dugu, sarritan.

Hori da profesional moduan pertsonalki dudan erronketako bat; izan ere, mentalki entrenatzea oso baztertuta egon den kontu bat da. Are gehiago, estigmatizatuta ere egon den gaia da. Gaur egun ere batzuek pentsatzen dute kirol psikologo bat duen kirolariak ahulgune bat duela, pentsa.

Stephen Hawkins-ek utzitako esaldi bat oso aproposa da egun hauetarako: "Inteligentzia aldaketetara egokitzeko gaitasuna da".

Eta halaxe da. Sarritan esaten dut bizitza ez dela zer gertatzen zaizun, baizik eta gertatzen zaizun horretatik ze interpretazio egiten duzun. Hori horrela, egiten duzun interpretazioaren arabera egoera berrira egokitzen asmatuko duzu, ala ez. Horren adibide oso ona da egunotan arrakasta handia izaten dabilen El día menos pensado [Netflix] dokumentala. Sei kapitulutan iazko denboraldiko Movistar ziklismo taldearen nondik norakoak kontatzen ditu, eta kirol psikologiaren ikuspuntutik oso emankorra da bertan azaltzen dena. Chentek [Garcia Acosta, kirol zuzendaria] esaten duenean lidergoa falta dela taldean, Mikel Landak esaten duenean erlojupekoan pentsamendu negatiboak izan dituela, Richard Carapazek esaten duenean oso urduri zegoela, edo Alejandro Valverdek nabarmentzen duenean Munduko Txapeldun izateak irabazteko gosea galarazi diola. Hor, den-dena, kirol psikologia da, eta, harrigarria bada ere, badakit, galdetzen ibili naizelako, UCI World Tour barruan oso talde gutxi daudela kirol psikologia lantzen dutenak.

Errendimenduan eragin daiteke kirol psikologiatik?

Ni ez nabil esaten, esaterako, Mikel Landak ondoan kirol psikologo bat izateagatik Tourreko erlojupekoan denbora hobea egingo zukeenik, baina pentsamenduen kontrol handiagoa izango zuen, duda barik. Eta mentalki ondo ez dagoenak nekez izango du kirol errendimendu ona. Hor bilatu behar da oreka sasoi fisikoaren eta psikologiaren artean.

Aste hauetan kirolari gehienek diotena da konfinamendua noiz amaituko den eta lasterketetan noiz hasiko diren ez jakitea dela okerren daramatena. Hau da, ezin dutela ezer planifikatu.

Halaxe da. Egunotan, pare bat txirrindularirekin berba egin ahal izan dut, eta nire gomendioa da egun hauek irudikatzea lesionatuta egongo balira moduan. Errendimendu altuko kirolari batek badaki zer den lesionatuta egotea. Badaki ondo errekuperatzeko lan egin behar duela, baina ez daki noiz errekuperatuko den erabat, eta noiz bueltatuko den lasterketetara. Egoera horrela enfokatzeak lagunduko digu ezjakintasun hori hobeto kudeatzen. Izan ere, halaxe daude kirolariak, sasoi fisikoa zenbat galdu duten jakin barik, eta horrek ezinegona sortarazten die.

Aste hauetan kirolariek –eta gainontzeko herritarrak– haserrea, beldurra eta halako sentimenduak izan dituzte.

Sentimendu normalak dira. Beldurra sentitzea, esaterako, normala da, ikusten dugulako birusarekin kutsatzeak ze ondorio izan ditzakeen. Eta haserrea egotea ere normala da. Esperientziatik diot, hasierako egunetan jendea halaxe nabaritu nuen, haserre. Eta eliteko kirolaria dago haserre orain zetozelako lasterketa garrantzitsuak, edo urte olinpiarra pikutara joan delako… Bada, hori sentitzea beharrezkoa da, ondoren egoerara egokitzeko. Eta ondoren tristura dator; haserrearen atzean ezkutatzen den sentimendua da tristura. Izan ere, horrenbeste ematen digun kirol jarduera ezin dugu egin, baina, gainera, gure egunerokoa ere hankaz gora geratu da, ezin dugu egin horrenbeste atsegin dugun hori: lagunekin egon, bikotekidearekin paseo bat eman... Horrenbestez, sentimendu normalak dira, eta kudeatu egin behar ditugu.

Ziklisten kasuan, egin beharreko entrenamendu saioak eramangarriagoak izan daitezen arrabolarekin funtzionatzen duten hainbat plataforma digitalek sekulako gorakada izan dute.

Korrika egiteko zintak baino gehiago, ikusten ari gara kirolari askok arrabolak dituztela etxean. Eta arrabola egiteko Bkool edo Zwift moduko plataforma digitalak oso baliagarriak dira, berez aspergarria den zerbait entretenigarriago egiten dutelako; mendate bateko irudiak ikusten ditugu pantailan, aldapa dagoela simulatzen du arrabolak. Bale, oso ondo. Baina uste dut elite mailako kirolariak horiekin ez direla behar moduan entrenatzen, ez dabiltzalako arlo mentala lantzen. Pantaila bidez aplikazioak estimulu batzuk bidaltzen ditu, eta gorputzak erreakzionatu egiten du, baina mentalki ez gabiltza lanean, ez gabiltza pentsamenduak kudeatzen, arraboleko ordubetea ahalik eta azkarren pasatzea bilatzen gabiltza. Eta hori egin beharrean, uste dut kirolariek aukera paregabea dutela egunotan prozesu mentalak deritzona lantzeko.

Joan den domekan plataforma birtual batean lehiatu zuten Flandriako Tourra, arrabolak erabiliz. 15.000 ikusle izan zituen emankizunak zuzenean.  

Eta zelan egiten da hori?

Modu asko daude. Esaterako, arrabolean gabiltzan bitartean, eta gure bihotz taupadak atalase-mailatik gora ditugunean [bihotz taupada altuetan ibiltzea] ezagutzen ez dugun kanta bat jar genezake, eta letran jarriko dugu erreparoa. Zergatik? Frogatuta dagoelako kirolari batek pentsamenduekin konektatzen duenean errendimenduan behera egiten duela; hau da, zenbat eta gehiago pentsatu, orduan eta watt gutxiago mugitzeko kapaz izango gara. Baina mentalki entrenatzen banaiz eta lortzen badut gauzetan pentsatzen nabilen bitartean watt kopuru berbera mantentzea, kontrarioaren aurrean abantaila lortzen nabil. Egia da ez dela erraza.

Diozu, baita ere, entrenamenduetan lasterketetako kondizioak simulatu behar direla.

Sarritan esaten dut hori, bai. Lasterketetan izaten dugun presio mentala entrenamenduetara eraman behar da. Bestela, gerta daiteke gure egunerokoan ondo entrenatzen ibiltzea, baina lasterketa eguneko tentsioa eta estresa moduko faktoreek gura duguna baino gehiago eragitea errendimenduan. Horregatik gomendatzen dut, tarteka, arrabol gainera lasterketetako maillotarekin igotzea eta dortsal bat bizkarrean jartzea. Hala, fikziozkoko errealitate bat eraiki genezake, eta mentalki prestatzen lagunduko digu. Modu asko daude, horregatik diot momentu ezin hobea dela arlo mentala lantzen hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak