Gipuzkoako Osasun Profesionalen Elkargoetako lehendakariek Kontseilu Orokorrak egindako adierazpenarekin bat egin dute.
Diote, Osasun Ministerioak apirilaren 3an aurkeztutako jarraibide berri horietako batzuk "guztiz arriskutsuak" direla profesionalen eta pazienteen segurtasunarentzat, eta horregatik, "guztiz arbuiatzen" dituzte. Bereziki larritzat jo dute jarraibideen dokumentu horretan jaso izana osasun langileak lanpostura itzuliko direla sintomak agertu eta zazpi egunera, sukarrik eduki ezean, proba diagnostikorik egin gabe.
Gipuzkoako Osasun Profesionalen Elkargoko kideen iritziz, "onartezina" da edozein osasun profesional lanpostura itzultzea testa egin gabe, hau da, negatibotasuna egiaztatzen duen probarik egin gabe: "Oso arriskutsua izan daitekeelako pazienteen, lankideen eta norberaren osasunerako". Uste dute horrek agerian uzten duela, batetik, behar besteko testik ez dagoela, eta bestetik, giza baliabideen planifikaziorik eza.
Gaineratu dute gida horretan ez dutela kontuan hartu ospitaleetan ez diharduten profesional asistentzial askoren egoera, beste osasun zentro eta establezimendu batzuetan lan egiten dutenak, hain zuzen ere.
Eta gogorarazi gura izan dute Espainia dela "munduan kutsatuta dauden osasun profesional gehien dituen herrialdea"; horregatik hain zuzen ere azpimarratu dute, beharrezkoa dela neurri egokiak hartzea, beste osasun langilerik ez dadin kutsatu babesteko bitartekorik ez dagoelako.