Egindako test kopurua bikoiztu bada ere, Debagoienean gorakada nabarmena izan da, azken egunetan atzemandako bi eta hiru positibokien alderatuta. Debagoienean dagoeneko 220 dira detekzio proben bidez baieztatu dituzten koronabirus kasuak.
Herri gehienetan igoera nahiko pausatua ematen dela ikus daiteke goiko bi grafikoetan. Arrasaten aldiz, salto handiak egon dira, egun batetik besterako igoera esanguratsuekin. Hala, Arrasatek jarraitzen du izaten kasu gehien erregistratu diren Debagoieneko herria, eta eskualdeko gainontzeko herriekin duen diferentzia gero eta handiagoa da.
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 131 | 594,94 (1. postua) |
Oñati | 27 | 238,20 (3. postua) |
Bergara | 26 | 178,13 (4. postua) |
Aretxabaleta | 24 | 343,50 (2. postua) |
Eskoriatza | 7 | 171,27 (5. postua) |
Antzuola | 2 | 93,63 (7. postua) |
Aramaio | 2 | 134,86 (6. postua) |
Elgeta | 1 | 88,11 (8. postua) |
Leintz Gatzaga | 0 | 0,00 (9. postua) |
Hego Euskal Herria
Beste 537 positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian azken orduetan. Koronabirusaren hasierako fokuetako bat Araban kokatu bazen ere, azken egunetako beheranzko joera nabarmena da, eta azken datuen arabera 59 kutsatu baieztatu dituzte; Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan baino dezente gutxiago. Gipuzkoan 119 positibo berri daude, Bizkaian 247 eta Nafarroan 112.
Ospitaletako datuei dagokienez, 1.559 pertsona daude ingresatuta EAEko ospitaletan; horietatik 212 ZIUn. Arrasateko ospitalean hamazazpi gaixo daude koronabirusarekin eta atzo bost alta eman zituzten. Nafarroan, denera 511 pertsona daudela ospitaletan eta horietatik 87 ZIUn.
Gainera, azken orduetan osatu edo ospitaleko alta 452 lagunek jaso dute Hego Euskal Herrian, eta dagoeneko 4.601 dira errekuperatuak.
Azkenik, 56 pertsona hil dira azken orduetan; hogeita bost Bizkaian, hamazazpi Araban, hamar Gipuzkoan eta lau Nafarroan.
Test azkarrak eta datuen balorazioa EAEn
Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak jakinarazi duenez, atzo hasi zen Osakidetza test azkarrak erabiltzen. Atzo 1.698 test egin zituztela jakinarazi du Sanchezek: "Inoiz baino gehiago". Test horiek profil jakin batzuei egin zaiela ere argitu du; sintomak dituzten zaharren egoitzetako egoiliarrei eta osasun arloko langileei. Kontuan izan behar da, test azkarrek PCR probak baino sentsibilitate gutxiago badute ere, emaitza positiboa denean datua fidagarria dela. Negatibo ematen duenean, sintomak izanez gero, Osakidetzak PCR proba egitea gomendatzen du, emaitza baieztatzeko.
Jaurlaritzako Osasun saileko ordezkariak nabarmendu du, halaber, atzo egindako proben %25ak besterik ez zuela eman positibo. Hau da, EAEn atzo egin ziren 1.698 testetatik 425k positibo eman zuten eta 1.273k negatibo.
Horrez gain, ospitaleetan egoera "lasaiagoa" dela azpimarratu du Sanchezek. 166 ospitaleratu gutxiago eta ZIUn 80 ohe huts daudela azpimarratu du.
Hala ere, hildakoei dagokienez, kezkatuta azaldu da Osasun saileko ordezkaria. COVID-19 gaitzak jota hildako gehien erregistratu diren eguna izan da apirilaren 7a EAEn: 52 pertsona. Sanchezek esan du "oso datu txarra" dela, eta samina adierazi du "bereziki adin nagusiko pertsonak eta aurretik patologiak zituztenak pairatzen ari diren kalteak" direla-eta.