Herri handietan kultura ekitaldi gehiago izaten dira; hortaz, horien eskaintzan izan du COVID-19ak eragin handiena; hala ere, herri guztietan ari dira egin bako ekitaldiei irtenbidea topatzeko lanean.
Udaletako gehienak, atzeratuta
Martxoaren 13an itxi zituzten Seminarixoko ateak; harrezkero, bertan behera geratu ziren film emanaldiak eta beste hainbat ekintza; atzeratu egin dituzte Yo nunca (Compañia de Krisol) antzezlana, 2021eko martxoaren 6ra, aurtengo azaroaren 20ra Xabi Solanoren kontzertua, eta 2021eko urtarrilaren 2ra, Safari umeentzako antzerkia. "Gainerakoak konfirmatzeko ditugu oraindik; eta Bergarako Musika Eskolaren Apirilean Musika egitarauaren barruan Seminarixoan aurreikusita zeuden emanaldiak ekainerako aurreikusi ditugu, baldin eta ordurako aretoa zabaltzeko moduan baldin bagaude", dio Kultura teknikari Maider Osak.
"Erori direnak ez du esan nahi egingo ez direnik; besteak beste, lotuta genituen honako hauek: Bandaren kontzertuak; Oñatz dantza taldearen 50. urteurreneko martxoko, apirileko eta maiatzeko ekitaldiak; Beratu jaialdia; liburutegiko ekintzak eta herriko Letagin eta Willis Drummond-en kontzertua", dio Oñatiko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek, eta zera gaineratu: "Agenda betea egoten da Oñatin; beraz, denok egin beharko dugu ahalegina denontzat tokia egon dadin elkartasun keinu batekin".
BERTAN BEHERA UTZI DITUZTEN KULTURA EKITALDI GEHIENAK ATZERATU EGIN DITUZTE UDALEK
Arrasaten ere hainbat ekitaldi atzeratu dituzte; horien artean, udazkenean eskainiko dituzten Simplicisimus Kabaret (Tartean Teatroa) eta Ave, Osos! (El Mono Habitado taldea) antzezlanak. "Zine emanaldiez gainera, ez ditugu zuzeneko bost emanaldi eskaini: horietako bi, Udalak antolatutako antzerki emanaldiak eta herriko eragileek antolatuko beste hiru: Ozenki elkartearen eskutik opera emanaldia; AMS eta EskoZap elkarteek proposatutako Leo Bassiren ikuskizuna eta Arizmendi Ikastolaren Abesbatza Topaketa. Horrez gainera, Kulturaten antolatutako hainbat ekintza ere jausi egin dira, eta baita Udaberriko Musikaldiaren baitan aurreikusita zeuden Argentinako Opus 4 taldearen eta KUP abesbatzaren emanaldiak ere", kontatu du Kultura Saile-ko arduradun Jon Garaik.
Puntaik Punta ere, zalantzan
Antzuolan ere apirilerako proposatutako guztiak bertan behera geratu direla azaldu du Kultura zinegotzi Mikel Bargielak, aurten Antzuolan maiatzean egitekoak diren Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdiarekin zer gertatuko den zehaztu barik dutela gaineratuta: "Ez dakigu egin ahal izango dugun; gaur egun daukagun informazioarekin esan dezakeguna da ez dela seguru egingo pentsaturik zegoen formatuan; eta bertan behera gelditzea ere aukera bat da".
"Elgetan, Liburuaren Eguneko Ganbara ikuskizun familiarra eta Liburutegia kalera ekimena bertan behera gelditu dira, eta baita apirilaren 26ko Herrixa Dantzan ere; eta 1936ko gerrako Debagoieneko haurrei egitekoak ginen omenaldi ekitaldia urriaren 4ra atzeratu dugu. Artista liburuak sormen tailerra, ipuinen ordu saioa eta Hitzez Pitz berbalagun saioak egoerara moldatu ditugu. Guztiontzat lekua egitea gura dugu", dio Kultura eta Euskara zinegotzi Ane Bilbaok.
Martxorako eta apirilerako programatutakoekin "ez dakitela zer gertatuko den" dio Inma Migel Aretxabaletako Kultura teknikariak, "Otala Zelaiko erromeria ere kolokan dagoela" adierazita. Eskoriatzako Kultu-ra teknikari Arantxa Unzuetak dio "apirileko ekitaldiak eta maiatzeko lehenengo domekan egiten den Atxorrotx Eguna ere bertan behera" geratu direla.
Aramaion apirilean egitekoak ziren Gazte Egunik ez da izango, eta "maiatzerako aurreikusita dauden Trikitixa Eguna, Musika Astea eta Lirika kontzertuarekin zer egin ikusteko" dagoe-la dio Kultura zinegotzi Ana Martiarenak. Leintz Gatzagako Beñat Agirreurreta zinegotziak azaldu du "orain egitekoak ziren tailerrak jausi" egin direla.
Sortzaileak babesteko neurriak
Noaua Usurbilgo komunikabideak honela argitaratu zuen martxoaren 30ean: "COVID-19ak kultur eragileek bizi duten prekarietatea areagotu egin duela argudiatuta, kontratu horiek sine die atzeratzea erabaki dute, bertan behera utzi gabe; hala, aurrerapen bat orain ordaintzea erabaki dute –%30–, eta gainerakoa, emanaldiaren ostean".
Debagoienean, momentuz, ez dute halako neurririk hartu; Arrasaten, gaiaren inguruan Udalak ez duela erabakirik hartu dio Jon Garaik, eta, "kasuan kasu begiratzen ari direla" gaineratu du, "sinatutako kontratuak, adostutako baldintzak eta kontuan hartuta". Eta honako hau dio Oñatiko zinegotziak: "Saioak berreskuratzeko saia-kerak egingo ditugula adierazi diegu sortzaileei; kontratu berrien aurrean lehentasuna dira eta zorretan gaude eurekin. Agendak koordinatzea zaila izango den arren". Bergarako Kultura teknikariak zera gaineratu du: "Udaleko Kultura Sailerako zerbitzuak eskaintzen dituzten azpikontratatuko en-presekin jarri gara harremane-tan, eta bakoitzarekin landuko dugu hartu beharreko erabakia".
SGAE elkarteak ere bazkideen-dako 15 milioi euroko funtsa abian jarri du; informazio gehiago, Sgae.es atarian.
SAREAN IKUSGAI DAUDE ERAKUNDEEK, ELKARTEEK ETA SORTZAILEEK IGOTAKO KULTURA EKOIZPENAK
Sarea, irtenbide estimatua
Berrasmatzen ari dira kulturgintzan ere, eta horren erakus-e dira sarean eskuragarri dauden askotariko sormen lanak. Seminarixoko emanaldien grabazioak Udalaren atarira –Bergara.eus– igotzeko lanean ari direla azaldu du Osak: "24 eskaera egin ditugu, momentuz, eta dagoeneko ari gara baimenak jasotzen. Horien artean: Miriam Moñuxen eta Leire Ugarteren kontzertua, Arrasateko Ain_1 taldearena eta Kontakatillu taldearen Katilukadak haurrentzako txotxongilo emanaldia".
Herri guztietako bibliotekak ari dira online zerbitzuarekin, eta sarearen bitartez askotariko ekitaldiak eskaintzen.
Kooltur Ostegunak, bukatuta
Arrasateko gaztetxean eguenetan egiten duten Kooltur Ostegunak musika zikloaren hamargarren denboraldia bukatutzat jo dute, hala adierazi dute antolatzaileek astean igorri duten oharrean.
Oñatiko Beratu elkartearen asmoa da aurrerago egitea mu-sika jaialdia: "Lotuta genituen guztiak egin gura ditugu; ikusiko dugu jaialdi, ziklo edo kontzertu solte formatuan izango den. Eskerrak eman nahi dizkiegu artistei eta hornitzaileei".
Sortzaileen esanetan
Kulturan ere, bada, kaltetu asko eragin ditu COVID19ak, baina, bereziki, arloko profesionaletan; horien egoera jakin guran, honako hiru galdera horiek erantzun dituzte Asier Altuna, Kixi, Bergarako zinegileak, Ruper Ordorika Oñatiko musikariak eta Edu Muruamendiaraz, dantza koreografo bergararrak.
ASIER ALTUNA Zinegilea
Nola eragin du COVID-19ak zure lan-jardunean?
Aspektu askotan eragin digu: batetik, maiatz bukaeran telesail bat errodatzeko asmoa genuen, eta orain, ez dakigu beharrezko bermeak izango ditugun horretarako; eta bestetik, uste dut proiektuak prestatzen ari garenoi ez zaigula gaizki etorri itxialdia, lan asko egiteko aukera eman digu.. Hori bai, konpetentzia izugarria izango da, denok ari gara-eta idazten, memoriak prestatzen eta sortzen!
Bertan behera diren ekitaldien ordainik jaso duzu?
Sortzaileak prekarietate iraunkorrean bizi gara, eta orain, areagotu egingo da hori.
Kultura eskaintza handia sarean; ona da artistendako?
Saretik ez zaio ezer iristen sortzaileari, baina pentsa zein inportanteak garen sortzaileak, guk Aupa Etxebeste-rekin etxe barruan hilabete pasa eta airoso ateratzeko pistak ematera iritsi ginela.
RUPER ORDORIKA musikaria
Nola eragin du COVID-19ak zure lan-jardunean?
Nire eginkizuna erabat eten du egoera honek. Orain dela 20 egun, bertan behera utzi zuten lehenengoa, Gasteizen, eta, oraingoz, zortzi atzeratu dizkigute; asteon Kuban egon beharko nintzateke kantuan.
Bertan behera diren ekitaldien ordainik jaso duzu?
Kontratuaren arabera izaten da; gehienak kontratu nahiko informalak izaten dira eta atzeratzearekin adosten dira, gehienbat; ez dut uste inork jasoko duenik aurrez dirurik. Kasuistika ezberdinak izango dira, baina autonomoak gara gehienak; hortaz, beste langileen moduan jaso beharko genituzke dirulaguntzak.
Kultura eskaintza handia sarean; ona da artistendako?
Jende askok aspalditik du kultura saretik kontsumitzeko ohitura, baina ez dakit nola baloratu egunotako ekoizpen zaparrada. Denbora beharko da lehengora itzuli nahi bada.
EDU MURUAMENDIARAZ dantza koreografoa
Nola eragin du COVID-19ak zure lan-jardunean?
Hasieratik etxean nago; ezin dut dantza klaserik eman, eta ezta entsegurik egin ere. Klaseak Internet bidez eman ahal izateko moldatzen eta ikasten nabil ni ere, egoera honi irtenbide bat emateko. Zuzeneko gure dantza ekitaldi guztiak ere bertan behera gelditu dira.
Bertan behera diren ekitaldien ordainik jaso duzu?
Egoera hau sortu zenetik hona genituen emanaldi guztiak bertan behera gelditu dira, eta, momentuz, behintzat, inork ez dit bestelako traturik eskaini, ezta aurrez zerbait ordaindu ere.
Kultura eskaintza handia sarean; ona da artistendako?
Kultura eskaintza izatea beti da ona, baina ez dugu ahaztu behar sortzaileontzako, hau da, kultur langileontzako, gure bizimodua dela hori; beraz, ezin dugu, nire ustez, beti musu-truk lan egin.