Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorea, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitatekoa elkartu ziren atzo, apirilak 7, eta bideokonferentzia bidez egindako topaketa horretan egungo egoera aztertu zuten; baita bukaeran, adierazpen bateratua sinatu ere. Osasun krisi honen aurrean lehentasunak ondorengo puntuetan jartzea adostu zuten:
- 1. Osasun-krisiari eta pertsonei arreta ematea, unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna lehenetsita.
- 2. 2019-2020 ikasturtea osatzea urrutiko prestakuntzaren bitartez, larrialdietarako urruneko irakaskuntza-metodologiak erabiliz eta uneoro lehenetsiz ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta gaitasunak eskuratzea, titulazioetan formulatutako eran, ahalik eta kalitate-estandar onenekin.
- 3. Aurrez aurreko jarduera esperimentaletan eta kanpoko praktiketan aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak arrazoizko neurrian lortzen direla ziurtatzea. Horretarako, unibertsitateek hainbat aukera baloratu ahal izango dituzte, hala nola, ikasgai horiek birprogramatzea, aurrez aurreko jarduerari mugak kentzen zaizkionean; praktikak prestakuntza-metodologia alternatiboekin osatzea, ahal denean; edo ezohiko jarduera profesionalak aitortzea.
- 4. Jarduera akademiko presentzial batzuk planteatzeko aukera ematea, unibertsitate-jarduerara pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan, betiere unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduz, jarduera hori urrutiko modalitatean egitea ezinezkoa den kasu zehatzetarako. Baldintza sozio-ekonomiko, teknologiko edo bestelakoengatik urrutiko unibertsitate-prestakuntza normaltasunez baliatzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen zailtasun gehigarriak arintzea.
- 5. Planifikatutako egutegi akademikoari eustea, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego-tesiak aurkezteari lotutako salbuespenetan izan ezik, bai eta titulazioen oinarrizko praktikak egiteko ere, ikasleen garapen akademiko egokia bermatzeko ahaleginak eginez.
- 6. Euskal unibertsitate-eskaintza akademikoaren eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate-erakundeen kalitatea bermatzea, eta bereziki, larrialdi-egoeraren testuinguruan prestakuntza dualaren eta gaitzailearen kalitatea.
- 7. Euskal unibertsitate-ekosistema indartzea urrutiko prestakuntzaren esparruan eta etorkizuneko balizko larrialdien aurrean eman beharreko erantzunen aurreikuspenean eta plangintzan.
Hala, Euskal Unibertsitate Sistema guztiz prestatuta eta gaituta dagoela ikasturte amaierari "berme osoz aurre egiteko" aurrez aurrekoa ez den formatuan adierazi dute, eta gaineratu, "ikasle bakar batek ere ez duela ikasturtea galduko koronabirusaren erruz".
2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana tresna sendoa eta malgua dela ere adierazi dute, eta helburu nagusia dela "Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak indartzen laguntzea". Jarraipen-batzordeak osatuko dituzte aipatutako plan horretan egin beharreko aldaketak aztertzeko, osasun-krisi honi aurre egiteko eta urrutiko hezkuntzaren modalitatean Euskal Unibertsitate Sistema indartzeko. Hala, bat etorri dira alde guztiak –Jaurlaritza, unibertsitateak eta Unibasq– lankidetzan jarraitu behar dutela.
Mondragon Unibertsitatearen oharra
Ildo beretik, Mondragon Unibertsitateak jakinarazi gura die ikasleei 2019-2020 ikasturtetik geratzen diren graduko eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizial guztiak online modalitatean amaitzea erabaki duela, ebaluazioak barne, eta programatutako ikasturtearen amaiera-datak errespetatuta. Gaineratu dute, ikasleak enpresa eta erakunde kolaboratzaileetara itzuliko direla osasun- eta lan-egoerak ahalbidetzen duen unean, eta, kasu bakoitzean, praktikak, prestakuntza duala, gradu-amaierako lanak (TFG), master-amaierako lanak (TFM) eta abar 2019-2020 ikasturtean amaitzeko behar diren egokitzapenak zehaztuko direla.
Mondragon Unibertsitatea martxoaren erditik ari da garatzen online irakaskuntza-jarduera osoa, eta balorazioa ona dela adierazi dute lehen hiru asteak online irakasten eta ebaluatzen eman ondoren.
Gaineratu dute gaur egun online ematen dabiltzan gainerako jarduerak, hala nola profesionalentzako prestakuntza, ikerketa edo transferentzia, aurrez aurre eskaintzen hasiko direla, osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian.