Aste Santuko oporrak ezohiko egoeran; nola eragin du koronabirusak?

Jone Olabarria 2020ko api. 8a, 14:04

Bidaiari ugari hartzen ditu Debagoienak urtero Aste Santuan eta Pazko astean. Ostatu, jatetxe eta tabernentzat egun garrantzitsuak izaten dira, baita kristautasunean azpimarratutakoak ere. Bidaiarien kasuan, bertan behera geratu dira askoren planak.

Hainbat dira dagoeneko Aste Santuko oporretan daudenak, gaurtik aurrera egongo direnak edota nahitaez lanera ezin joanda etxean dauden herritarrak. Egoera edozein izanda ere, guztiendako ezohiko oporraldia izango da aurtengo Aste Santukoa eta Pazko astekoa. Debagoiendarren artean ere, asko dira bidaiaren bat egiteko asmoa zutenak eta dena bertan behera utzi edota planak atzeratu behar izan dituztenak. Kanpora joatekoak zirenak soilik ez, bidaia agentzietan ere pairatu dute egoera, eta orain, bidaiari horiei konponbidea emateko dabiltza lanean.

Ostalaritza, bereziki kaltetua

Aisialdiko jarduerez gain, bailarako jatetxe, taberna eta ostatuetan ere egoera "latza" bizi dutela aitortu dute; izan ere, Aste Santua lan handiko garaia izaten da haientzat. "Inongo diru sarrerarik gabe" daude, baina, hala ere, negozioaren gastuak ordaintzen jarraitu behar dutela salatu dute.

 

Ane Bereziartua: "Bonuak ematen gabiltza bidaiak atzeratzeko"

Ane Bereziartua Arrasate Bidaiak bidaia agentziako arduraduna da. Etxetik lanean dabiltzala azaldu du; hornitzaileekin, erreserbak zituztenei laguntza ematen... Egoera "larria" dela aitortu du: "Aste Santurako programatutako guztia bertan behera geratu da, eta, ez dakigunez egoera hau ere zenbat luzatuko den, oso zaila da aurreikuspenen bat egitea". Kontatu duenez, koronabirusaren kontua "serio" jartzen hasi zenean, herritar askok erabaki zuten bidaia aurreratu eta etxera bueltatzea, eta, beste hainbaten kasuan, ostatua bera edo hegaldia izan ziren bertan behera geratu zirenak: "Lanzaroten ezin bueltatuta harrapatuta geratu zen familia bat ere ekarri genuen Arrasatera bueltan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean".

Bidaia "askoko" denboraldia izan ohi da Aste Santua, baita Pazko astea ere, "baina aurten dena dago geratuta". Aurrera begira, ez dakite zer geratuko den: "Kruzero batzuk ditugu aurreikusita maiatzerako, baina oraindik ez dute ezer esan. Dena dago airean, baita udako erreserbak ere".

Une honetan, bertan behera geratu diren bidaiekin bonu bat egiten dabiltza, oraingoz, aurrerago dirua itzuli edo bidaia atzeratu ahal izateko. Hala ere, mezu positiboa helarazi nahi izan du Bereziartuak: "Trankil egoteko esango nieke herritarrei, osasun krisi honi aurre egin eta bueltatuko gara denak bidaiatzera".

 

Marga Romaníz: "Aurreikusitako dena dago airean; ezkontzak, jaunartzeak,..."

Aste Santuko egunak urtero aprobetxatzen dituzte deskantsatzeko Oñatiko Etxe Aundi jatetxean, baina Pazko astean lan ugari izan ohi dutela aitortu du bertako arduradun Marga Romanizek: "Familia askok aprobetxatzen dituzte egun horiek bazkaltzera etortzeko edo ospakizunen bat egiteko, eta Oñatira bisitan etortzen diren asko ere pasatzen dira guretik".

Martxoa "bete-betea" zutela azaldu du: "Erreserba asko genituen, eta bertan behera geratu zitzaigun dena. Apirilerako eta maiatzerako ezkontzak eta jaunartze ugari ditugu aurreikusita, baina badakigu ahaztu egin beharko dugula". Hau guztia bukatzean lanera itzultzen azkenak tabernak eta jatetxeak izango direla uste du Romanizek: "Pasa ditugu aurretik urte oso zail batzuk, baina oraingoa oso ezberdina izango dela uste dut. Laguntza beharko dugu".

 

Jesus Kalboetxeaga: "Aste Santua beteta izango genuke egoera normal batean"

Normaltasun egoeran, okupazioa "erabatekoa" izango litzateke Aste Santuko egunetan Elgetako Maialde landetxean. Bertako Jesus Kalboetxeagak azaldu duenez, neurri txikiagoan bada ere bisitari kopuru polita jasoko lukete Pazko astean ere: "Bertan behera uzteak ez du soilik egun hauetan eragin. Abuztura arte genituen erreserba guztiak baliogabetu egin dira, nahiz eta ez ditugun, oraingoz, bertan behera utzi. Itxaron egin beharko da horiek mantentzen diren ikusteko".

"Une honetan, ez dakigu zenbatekoa izango den gure galera ekonomikoa, baina diru sarrerarik gabe eta gastuei aurre egin beharrean gaude: zergak, gizarte-segurantza, BEZa, negozioaren hipoteka...".  Azaldu duenez, "osasun publikoa babesteko" itxi zuten lehenengoetakoak izan ziren eta susmoa du azkenak izango direla, "ia ziurtasun osoz", normaltasunera itzultzen.

Kalboetxeagak dioenez, haien egoera ez da, hain zuzen ere, itxaropentsu egoteko: "Laguntzak eskatu behar dira; iragarri diren arren, arazo asko daude kudeatzeko, ikusi beharko dugu noraino iristen diren eta zer neurritaraino balioko duten datozen arazoak arintzeko".

 

Victoriano Etxabe: "Une honetan osasuna dago denaren aurretik"

Gipuzkoako lehen herria izan zen Arrasate elizkizunak bertan behera lagatzen, martxoaren 13an. Arrasate eta Gasteiz arteko gertutasuna izan zen, hain zuzen ere, erabaki hori hartzearen arrazoi nagusia: "Adineko herritar asko gerturatzen dira elizkizunetara eta arrisku garrantzitsu bat zen. Ikusi genuen Gasteizen bertan behar laga zituztela elizkizunak, eta guk, hain gertu egonda, erabaki bera hartu genuen".

Kristautasunarentzat data garrantzitsua da Aste Santua eta aurten ospatu ezinda geratzea "penaz" hartu du Arrasateko parroko Victoriano Etxabek. Hala ere, "edozeren aurretik" osasuna dagoela adierazi du: "Une honetan, berebiziko garrantzia du koronabirusaren krisi hau ondo kudeatzeak, horretarako beharrezko neurriak hartuta. Ezin badugu Aste Santua ohiko eran ospatu, ez dugu ospatuko. Hala ere, nork bere etxean otoitz egin dezake, fedea leku guztietara iristen da". Alternatibak egon badaudela azaldu du, streaming bidez edota telebistan jarraitu daitezke egun hauetako ospakizun erlijiosoak.

 

Amaiur Olalde: "Dirua bueltatu gabe, aurrerago joateko aukera pozik hartuko genuke"

Amaiur Olalde oñatiarrak eta lau lagunek Islandian beharko lukete gaur. Apirilaren 4an joatekoak ziren, baina koronabirusaren krisiak eraginda Oñatin daude, etxean: "Bi webgune ezberdinetatik hartu genuen hegaldia; bi lagunek baten eta hiruk beste batean. Kasu batean, hegaldiak aurrera jarraitzen zuela zirudien, ez ziguten inolako abisurik helarazi eta dena normal joango balitz bezala jokatu zuten. Egoera ikusita, argi zegoen ezin ginela joan, eta irtenbideren baten bila gabiltza orain, ea bidaia atzeratzeko aukera ematen diguten edo dirua bueltatzen diguten".

Hornitzailearekin harremanetan jartzen saiatu diren arren, oraingoz ez dute ezer lortu: "Internet bidez, gure egoera berean dauden bidaiariekin harremanetan jarri gara eta haien laguntzarekin gabiltza erreklamazioak egiten". Islandian bertan furgoneta bat alokatzeko asmoa zuten, baina oraindik ez zuten ezer hartuta, eta alde horretatik dirurik galdu ez dutela azaldu du Olaldek. Hegaldiko dirua itzultzeko itxaropenik ez dutela aitortu du, eta, bidaia atzeratuta, aurrerago joateko aukera emango baliete "pozik" hartuko luketela adierazi du.

 

Ikerne Altube: "Bisiten %10 inguru etortzen dira Aste Santuan zehar"

Turista gehien hartzen dituen bailarako herria izan ohi da Oñati. Hala, Aste Santuko egunak "onak" izaten direla aitortu du Ikerne Altube Turismo teknikariak: "Oñatin Aste Santuko bost egunetan normalean 2.500 bat lagun hartu ohi ditugu; Turismo Bulegoetan, Arrikrutzen eta Txokolateixian. Opor egunek irauten duten 15 egunetan 4.000 inguru izaten dira, guztira". Azaldu duenez, bisitarien jatorriari dagokionez, Euskal Herrikoak edo gertukoak izan ohi dira: "Bizkaitik etortzen dira asko, baita Nafarroatik ere. Kataluniako bisitari ugari ere ibiltzen dira, baita Madrilekoak ere".

Datuek diotenez, urteko bisitarien %10-12 Aste Santuan hurbiltzen dira Oñatira. Aurten, baina, ezohiko oporraldia izango dela aitortu du Altubek: "Martxoaren 14an bat-batean eten ziren zerbitzu guztiak, eta erreserba gehienak bertan behera gelditu dira COVID-19-aren eraginez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak