EAEko udalerriekin alderatuta, Arrasate 13. postuan dago gaixo kopuruaren arabera. Bestalde, 100.000 biztanleko kutsatze-tasa 517,73 da Arrasaten. Debagoienean bigarren kutsatze-tasa altuena duen Aretxabaletatik –329,18– oso urruti. Hala ere, kutsatze-tasa altuena duten udalerrietatik nahiko urruti dago oraindik Arrasate, ondorengo EAEko mapan ikus daitekeen moduan.
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 114 | 517,73 (1. postua) |
Oñati | 27 | 238,20 (3. postua) |
Bergara | 24 | 164,43 (5. postua) |
Aretxabaleta | 23 | 329,18 (2. postua) |
Eskoriatza | 7 | 171,27 (4. postua) |
Antzuola | 2 | 93,63 (7. postua) |
Aramaio | 2 | 134,86 (6. postua) |
Elgeta | 1 | 88,11 (8. postua) |
Leintz Gatzaga | 0 | 0,00 (9. postua) |
Hego Euskal Herria
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 330 gaixo baieztatu dituzte azken orduetan. Kasu gehien Nafarroan atzeman dituzte; 124 zehazki. Bizkaian, 109 positibo berri identifikatu dituzte, Araban 66 eta Gipuzkoan 31. Gainera, 53 pertsona hil dira azken orduetan; 38 EAEn eta 15 Nafarroan.
Honenbestez, koronabirusaren krisia hasi zenetik 12.376 kasu baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian, 788 dira dagoeneko hildakoak eta 4.149 osatutakoak edo ospitalean alta emandakoak.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
EAEko ospitaletako datuei dagokienez, 1.725 lagun daude ospitalean eta 89 alta egon dira azken orduetan. Arrasaten 21 lagun daude ingresatuta eta ez da alta berririk egon. Horretaz gain, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, etxeko ospitalizazioan dauden 466 pazienteri egiten zaiela jarraipena; 270 Bizkaian, 100 Araban eta 90 Gipuzkoan. Gainera, COVID-19aren antzerako sintomak dituzten 2.000 pertsona baino gehiago erreferentziazko zentroen bidez artatzen dituzte, telefonoz zein aurrez aurreko bisiten bidez, kasuaren arabera.