Debagoieneko 22 koronabirus kasu berrietatik 20, Arrasaten

Txomin Madina Milikua 2020ko api. 5a, 14:26

Positiboan bilakaera egunez egun (Grafikoa: Tokikom)

Azken 24 ordutean, 22 koronabirus kasu berri agertu dira Debagoienean, datuak herriz herri jakinarazten hasi zirenetik orain arte izan den igoera handiena. Esan behar da bi herritan antzeman dituztela kasu berri guztiak: Arrasaten ­­–20­, orain arteko datu handiena– eta Oñatin –2­–. EAEn ere, aurreko egunarekin alderatuta, igo egin dira bai kutsatuen eta baita hildakoen kopuruak: 441 positibo berri izan dira ­eta 38 hildako. Nafarroan, bestalde, 101 kutsatu berri eta 7 hildako izan dira.

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera –atzo 20:00ak artekoak– gora egin du Debagoienean koronabirus proban positibo eman duten herritarren kopuruak: apirilaren 3an 7 izan baziren, atzo 22 izan ziren; datuak herrika ematen hasi zirenetik, Debagoienean egun bakarrean egon den igoerarik handiena. Dena den, bi herritan bakarrik antzeman dira positiboak azken zenbaketaren arabera: 20 Arrasaten eta 2 Oñatin.

Guztira 195 pertsonak harrapatu dute COVID-19 gaitza Debagoienean, eta Gipuzkoa mailan bigarren eskualde kutsatuena da. Arrasaten 111 kasu antzeman dira; Oñatin, 27; Aretxabaletan, 23; Bergaran, 22; Eskoriatzan, 7; Antzuolan eta Aramaion, bina; eta Elgetan, bakarra. Leintz Gatzagan oraindik ez da koronabirus kasurik egon.

Arrasateko Ospitalean 18 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusa dela eta, eta bi alta eman zituzten atzo.

Positiboen datu metatuak Debagoienean (Grafikoa: Tokikom)

 

Hego Euskal Herria

Hego Euskal Herriari dagokionez, bestalde, 542 kasu berri antzeman dituzte azken zenbaketan: Araban, 100; Bizkaian, 265; Gipuzkoan, 76; eta Nafarroan, 101. Esan, EAEn, gora egin dutela bai kutsatu kopuruak eta baita hildakoenak ere: 441 kasu berri antzeman ziren atzo –bezperan, 360– eta 38 hildako –bezperan, 33–. Nafarroan 7 hildako izan ziren, aurreko egunean baino 13 gutxiago. Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, atzo egindako probetan, %29k eman zuen positibo

Pandemia hasi zenetik Hego Euskal Herrian kutsatu diren herritarrak 11.701 izan dira; hildakoak, aldiz, 693. Datu pozgarrien artean, errekuperatuen kopurua dago: 3.739 dira denera –atzo, 330–.

Grafiko gehiago ikusi modu interaktiboan hemen.

Milioi bat test

Pedro Sanchezek gaur, domeka, erkidegoetako presidenteekin  bilera egin du eta sintomarik ez dituzten gaixoak berrogeialdian jartzeko asmoa azaldu die. Gaixo horiek antzemateko erkidegoei milioi bat test helaraziko zaiela iragarri du Sanchezek, eta berrogeialdian egon beharko liratekeen gaixoak hartzeko azpiegituren zerrenda bat ere eskatu die erkidegoetako presidenteei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak