Hainbat herritarrek egin dute bat Zaldibar Argitu plataformak deituriko protesta ekitaldiarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 7a, 15:00

Plataforma osatuta duten zazpi herrietan entzun ziren bereziki ozen zartagin eta lapiko hotsak, tartean Elgetan, baina elkartasun hotsak urrutiagotik ere heldu zirela adierazi dute antolatzaileek. Bien bitartean, lanean jarraitzen dute Verter Recycling zabortegian. Domekan Alberto Sololuzeren autoa topatu zuten.

Atzo bete ziren bi hilabete Zaldibarko zabortegia amildu zela, eta hainbat izan ziren Zaldibar Argitu Plataformak deitutako protesta ekitaldian parte hartu zuten debagoiendarrak. 

Plataforma osatuta duten zazpi herrietan entzun ziren bereziki ozen zartagin eta lapiko hotsak, tartean Elgetan. Elkartasun hotsak, dena den, urrutiagotik ere heldu zirela adierazi dute antolatzaileek eta pozik daude haserrea eta tristura zarataz adierazi baitzuten hainbat lagunek. 

Entzungor egiten dutenei zuzendutako ekintza izan zela adierazi dute eta salatu dituzte zabor azpian jarraitzen dutela Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek, eta oraindik ere asko dagoela argitzeko Eitzagako zabortegian gertatutakoen inguruan. "Hemen pasatu dena oso larria da eta azalpenak merezi eta behar ditugu", esan du plataformako bozeramaile Janire Lazkanok. "Zabortegian zer gertatu den, eta zergatik amildu den argitu behar dute. Zabortegian zer dagoen aztertu eta jakinarazi behar dute. Erantzukizunak argitu behar dira eta Iñaki Arriolak dimititu egin behar du".

Hondakinen kudeaketa eredua aldatzeko ere eskatzen dute plataformatik eta herritarrak etxeetan konfinatuta egon arren aldarrikapenek ez dutela etenik adierazi dute. "Argi daukagu lanean jarraituko dugula bi langileak topatu arte, gure osasunaren eta bizitzaren defentsan eta erantzukizun denak argitu arte".

Bilaketa lanak

Bien bitartean bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute Verter Recycling zabortegian. Segurtasun sailetik adierazi dute lan handia dagoela oraindik egiteko, baina uste dute iritsi direla gorpuak egoteko probabilitate handiena dagoen eremura. Domekan agertu zen, esaterako, Alberto Sololuzeren autoa; izan ere, makinak baskularen eremura iritsi dira.

Inork ez dakit baskula zenbateko sakoneran egon daitekeen, eta aurreikuspena da oraindik ere milaka metro lur atera beharko dituztela bertatik.

Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute sei taldek eta 100 operariok dihardutela bilaketa lanetan, baina lanak beste bi hilabetez ere luza daitezkeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak