- Araba: 2.522.070 euro.
- Gipuzkoa: 4.073.548 euro.
- Bizkaia: 9.404.382 euro.
Normaltasunera Itzultzeko Plana
Lehendakariak esan duenez, "normaltasunera" itzultzeko une horri "aurrea hartu behar diogu"eta helburu horrekin Normaltasunera Itzultzeko Plana lantzen hasi direla esan du. Aurreratu duenez, kontuan izan behar da "bizimoduak ere ezberdinak izan beharko direla, eta mailakatu egin beharko dugula normaltasunera itzultzeko". Nabarmendu du gainera, "diziplina bat" eskatuko duela prozesu horrek,
Planaren lanketari dagokionez, Urkulluk esan du guztien artean "partekatua" izan behar duela eta Espainiako Gobernuarekin batera lantzen ari direla. Hala ere, nabarmendu du Jaurlaritzaren ustez, "autonomia erkidego edo erkidego bakoitzaren berezitasunak" kontuan izan beharko liratekeela. Gaineratu du, bere ustetan, erreferentzia moduan hartu beharko direla bai Europar Batasuneko beste eredu batzuk, eta baita mundu mailako bestelako kasuak ere.
Normaltasunera itzultze horretan maskarak erabili beharko diren galdetutakoan, lehendakariak esan du adituen gomendioei kasu eginez, ez duela uste "modu orokorrean" erabiltzeko beharrik dagoenik: "OMEk atzo bertan gomendatu zuen ez egitea horren erabilera masiboa; bakarrik osasun arloko langileak, sintomak dituztenak edo zainketa lanetan dabiltzanak".
Hala ere, azpimarratu du maskaren hornikuntzan lanean diharduela Jaurlaritza. Hala, alarma egoera ezarri zenetik, maskaren hornikuntza Espainiako Gobernuaren esku baldin badago ere, Eusko Jaurlaritza produkzio sistema propioak sortzeko bideak aztertzen ari dela azaldu du, "hornikuntza bermatzeko" helburuarekin.