"Ondorio sozioekonomikoak arintzeko" proposamenak egin ditu EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 6a, 19:00

Koronabirusak eragindako "ondorioak arintzeko" proposamenak dituen hiru ekimen bideratuko ditu EH Bilduk Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrera.

Pandemiaren ondorio sozioekonomikoak arintzea helburu duten neurrien berri eman du Maddalen Iriartek: "Langabezian geratu diren edota aldi baterako enplegu erregulazioetan sartu diren milaka langile egoera guztiz prekarioan geratu dira, baina babes sistema publikotik kanpo daude, dirulaguntzak jasotzeko baldintzak oso zorrotzak direlako; horregatik, sisteman sartzeko baldintzak malgutzea proposatzen dugu, pertsona horiek laguntza jasotzeko eskubidea izan dezaten eta krisiaren ondorio ekonomikoak ahalik eta txikienak izan daitezen".

Hiru neurri

Enpresa txikiek eta autonomoek izan dituzten galerak konpentsatzeko neurriak proposatu dituzte, besteak beste: zerga moratoria ordainketa horiek atzeratzeko, gastu finkoak (ura, elektrizitatea…) ezabatzea larrialdiak iraun bitartean eta konpentsatzeko funts bat sortzea kalte ekonomikoak arintzeko.

Osasun sistemari ere erreparatu dio EH Bilduk. Eta Iriartek adierazi du garrantzitsua dela test masiboak egitea, Osakidetzako langile guztiei babes-materiala (EPI) bermatzea eta "planifikazio oso bat egitea", alarma egoeraren osteko agertokia prestatzeko.

Adinekoen egoitza-zentroak ere gogoan izan ditu EH Bilduko bozeramaileak, "egoera benetan larria delako oro har". Eta eskatu du test masiboak egitea langileei zein erabiltzaileei eta babes ekipoak (EPIak) bermatzea, lantaldeak indartzea, eta "bete beharreko baldintzak betetzen ez diren kasuetan, Administrazioak erresidentzia pribatuen kontrola bere gain hartzea".

Alderdi eta eragileen mahaia

Auzolanaren garrantzia ere azpimarratu du eta proposatu du alderdi eta eragileen arteko mahai bat eratzea, baita Legebiltzarraren funtzionamendua salbuespen egoera honi egokitzea ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak