Debagoienean, guztira, 198 pertsonak harrapatu dute COVID-19 gaitza. Herriz herri, Arrasate da kasu gehien dituen herria 112, eta baita 100.000 biztanleko kutsatze-tasa altuena duena ere: 508,65 (2018ko biztanleria datuen arabera). Oñati da baieztatutako kasu gehien dituen bigarren herria, 27 zehazki, hala ere, kutsatze-tasari dagokionez hirugarren postuan dago; 100.000 biztanleko 238,20 da kutsatze-tasa.
Bestalde, kasu positiboetan Aretxabaleta 4. udalerria bada ere, 6.987 biztanle eta baieztatutako 23 kasu dauzka, kutsatze-tasa 329,18 da; Debagoieneko bigarren altuena Arrasateren atzetik. Bergaran berriz, 24 kasu daude baieztatuta eta 14.596 biztanlerekin, kutsatze-tasa 164,43an kokatzen da; beraz, Debagoieneko bosgarren kutsatze-tasa altuena daukan udalerria litzateke, betiere baieztatutako kasuen arabera.
Herria | Positiboak | 100.000 biztanleko tasa |
Arrasate | 112 | 508,65 (1. postua) |
Oñati | 27 | 238,20 (3. postua) |
Bergara | 24 | 164,43 (5. postua) |
Aretxabaleta | 23 | 329,18 (2. postua) |
Eskoriatza | 7 | 171,27 (4. postua) |
Antzuola | 2 | 93,63 (7. postua) |
Aramaio | 2 | 134,86 (6. postua) |
Elgeta | 1 | 88,11 (8. postua) |
Leintz Gatzaga | 0 | 0,00 (9. postua) |
Debagoiena, Gipuzkoa mailan bigarren eskualde kutsatuena da, hirugarren postuan dagoen Tolosaldearekin nahiko parekatuta. Hala ere, azken orduetan kasu berri gutxien erregistratu dituztenen artean dago Debagoiena.
Bestalde, Arrasateko Ospitalean 17 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusa dela eta, eta bi alta eman zituzten atzo.
Hego Euskal Herria
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera –atzo 20:00ak artekoak–, EAEn 217 positibo berri baieztatu dituzte, apirilaren 4ko erdiak. Baina, egindako test kopurua ere erdia izan da, apirilaren 4an 1.437 egin ziren, atzo berriz, 738. Aipatzekoa da, atzo egindako probetatik 521ek negatibo eman zutela.
217 kasu berrien erdiak Bizkaian atzeman dituzte, 112 zehazki. Araban, bestalde, 72 kutsatu berri baieztatu dituzte eta Gipuzkoan 33. Nafarroan, bestalde, 158 kutsatu berri identifikatu dituzte azken orduetan.
Honenbestez, Hego Euskal Herrian 375 positibo berri zenbatu dituzte azken orduetan, eta denera 12.041 lagun kutsatu dira orain artean. Hildakoei dagokienez, 42 izan dira, eta guztira, 735 dira dagoeneko.
Bestalde, errekuperatuak deritzona, hau da, osatuak eta ospitaleko alta jaso dutenak 334 izan dira azken orduetan. Orain artean 4.073 izan dira guztira Hego Euskal Herrian.
Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Test azkarrak
Miguel Sanchez Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak azaldu duenez, 43.000 test azkar baino gehiago jaso zituzten atzo. Horiek erabiltzeko prozesua bihar zehaztuko du Jaurlaritzak, baina nabarmendu du, detekzioan arinagoak izango direla proba horiei esker.
Test azkarrak positibo ematen dutenean fidagarriak direla azaldu du Sanchezek, baina ez hala negatiboen kasuan; izan ere, PCRek baino "sentsibilitatea txikiagoa" daukate. Horregatik, sintomak dituztenei test azkarra egin eta negatibo ematen badute, PCR proba egingo zaiela aurreratu du Sanchezek, "emaitzaren ziurtasun osoa izateko".
Non kutsatzen dira pertsonak?
Konfinamenduan egon arren kasu berriak daudela egunero eta horiek non gertatzen diren galdetu diote Sanchezi prentsa agerraldian; eta esan du ez dakitela zein testuingurutan gertatzen ari diren kutsatze berri horiek: "Ez dugu infekzio-foku berririk atzeman". Era beran, herritarrei esan die orain artean zehaztutako segurtasun neurriak hartzen jarraitzeko.