Haurren hezkuntza eta aisia beste era batera egin zitezkeela uste zuten sei eragile elkartu ziren orain dela hilabete batzuk: "Teoria eta praktika uztartuz, herrigintzatik, benetako parte hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburuarekin, hainbat urrats eman ditugu". Bide horretan taldea handitzen eta aberasten joan dela adierazi dute, eta hainbat eremutako eragileak batu dira. Hona hemen Oinherri eratzen duten taldeak:
- Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea
- Arremanitz kooperatiba
- Elgoibarko izarra
- Hik Hasi pedagogia ekimena
- Irrien Lagunak Kluba
- Lasarteko Ttakun Kultur Elkartea
- Oarsoaldeko Garapen Agentzia
- Aisiola Ikastolen elkarteko aisialdi taldea
- Pil-pilean elkartea
- Plisti Plasta familia eta jolas gunea
- Tabakalera
- Topagunea
- Urtxintxa Bizkaia
- Urtxintxa Gipuzkoa
Hiru lan ildo zehaztu dituzte: teoria eta praktikaren arteko giltzaduraz gogoeta egiten duten liburuxkak argitaratu eta formazioa eskaintzea; jardunaldiak antolatzea; eta Oinherriren ardatzak aintzat hartuko dituzten proiektu hezitzaileak sustatzea. Hain zuzen ere martxoaren 28an, Oinherri herri hezitzaileen sarea aurkeztekoak ziren, ekimenarekin bat egin duten herriekin batera antolatutako jardunaldi batzuetan; maiatzera atzeratu dituzte horiek.
Elkar zaintzearen garrantzia agerian
Konfinamenduaren hirugarren astea pasatu denean egoera honen gaineko gogoeta egin dute. Haurrak ekarri gura izan dituzte erdigunera: "Jarri al dugu arretarik beraien behar, nahi eta mundua ulertzeko duten modu propioetan?" Eta elkar zaintzeko beharra eta horretarako "patxada" hartzea agerian utzi izana osasun krisi honek aipatu dituzte: "Elkarrekin egoteko denbora hartu, momentuaz gozatzen berrikasi, bakoitzak izan ditzakegun emozio, kezka, sentipenak… elkarbanatu eta sostengatu".
Tokikotasuna eta komunitategintzaren garrantzia ere agerian geratu direla diote gogoeta horretan, eta gobernantza eredu berriak eskatu dituzte: "Herritar zaurgarrienak erdigunean jarri eta herritar guztien parte hartzearen bidez bakarrik eraiki daitezkeen gobernantza eredu berriak". Ildo beretik adierazi dute egunotako jardunak erakutsi duela zenbat eta komunitate saretuagoa eta indartsuagoa eduki, horrelako larrialdi egoera batetik lehenago eta hobeto atera daitekeela.
Oinherri Herri Hezitzaileak ekimeneko eragileek gaineratu dute "inoiz baino ilusio, indar eta konbentzimendu handiagoz" jarraitzen dutela lanean.