Koronabirusaren pandemiak ekarri duen egoera berriaren aurrean, hazkunde ekonomikoari buruzko aurreikuspenak berrikusi ditu Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak. Horretarako, abiapuntu moduan jarri dute konfinamendu egoera apirilaren 29ra arte luzatuko dela, eta normaltasunera pixkanaka itzultzeak 45 eta 60 egun arteko trantsizio epealdia eskatuko duela.
Hala, aurreikuspen berrien arabera, 17.000 langabe gehiagorekin amaituko da 2020a, eta langabezia tasa %11,6ra igoko da. Esan, krisia hasi aurretik 2020an 11,500 lanpostu sortzea zela aurreikuspena. Barne Produktu Gordina, bestalde, espero zen bezala %1,9 hazi partez, %3,6 txikituko da. Jaurlaritzak kalkulatu du, besteak beste, familien kontsumoa %4,4 jaitsiko dela, eta industria, %6,8.
Egoerari aurre egiteko, 825 milioi bideratuko ditu Jaurlaritzak: 300 milioi euroko funts berezi bat antolatu du, 525 milioi euroko finantzaketa lerro bat ere aktibatu du.
2021an, hobera
Dena den, 2021an gauzek hobera egingo dutela aurreikusten dute. Usteak betetzen badira datorren urtean %2,6 igoko da Barne Produktu Gordina eta 15.000 lanpostu sortuko dira.
Aldundiak, 'online' plataforma martxan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, koronabirusak jarduera ekonomikoan ekarri dituen kalteei aurre egiteko dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa batzen duen online plataforma bat jarri du martxan: www.gipuzkoa.eus/es/web/covid19ekonomia
Plataforma horrek, partikularrei, enpresei eta autonomoei begira, lan osasunari, lan esparruari, laguntza publikoei eta fiskalitateari buruzko jarraibideak eta orientazioa eskaintzen ditu.