Elkartasun mezuak izango dira nagusi 2020ko Aberri Egunean

Jone Olabarria 2020ko api. 5a, 13:51

Sareetan zabaldu duten bideo baten bitartez jakinarazi dituzte Batera ekimeneko hainbat kidek datorren domekan, hilak 12, ospatuko den Aberri Egunerako antolatutakoak. Elkartasun mezuz betetako eguna izatea espero dute, eta balkoietatik, era bateratuan, ospatzeko deia egin dute.

Apirilaren 12an Aberri Eguna Euskal Herria osoan eta batera ospatzeko deia egin duten hainbat herritarrek ekimenaren nondik norakoak kontatu dituzte gaurkoan. Sareen bitartez plazaratutako bideo bat izan da horretarako tresna. Bertan ageri dira Barakaldoko Iker Villa musikaria, Ortzaizeko Terexa Lekunberri etnologoa, Iratxe Gonzalez Portugaleteko medikua, Maialen Arzallus Hendaiako bertsolaria, Soraluzeko Kristina Jacas suhiltzailea, Amaia Nausia Iruñeko historialaria, Azkaingo Aitor Servier-Etchetchuri bertsolaria, Ainhoa Aiensa supermerkatuko Iruñeko kutxazaina eta Amurrioko Basilio Garcia udaltzaina. 

"Etorkizunerako tresna"

Azaldu dutenez, Aberri Egun berezia izango da aurtengoa, izan ere "Koronabirusa dela eta, oso momentu berezian datorkigu eta denok etxean pasa beharko dugu eguna. Horrek baina aukera ematen digu Euskal Nazioaren Eguna Euskal Herri osoan denok batera ospatzeko". Gaineratu dutenez, aurtengo Aberri Eguna "herri honen etorkizuna eraikitzeko tresna"  izango da. Era berean, koronabirusaren aurka borrokan ari direnak "harrotasun osoz" omentzeko eguna ere izango dela azaldu dute.

Ekintza ugari

Elkartasun mezuz osaturiko mosaiko erraldoia egiteko www.aberrieguna2020.eus webgunea erabiliko dute, eta gaur bertan has daiteke bertara mezu eta argazkiak helarazten. Bestalde, Aberri Egunean bertan, apirilak 12, leiho eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako banderak jartzeko eskaria egin dute. Era berean, hil direnak gogoratzeko xingola beltza jarri daitekeela azaldu dute. Datorren domekan, 12.30ean, herritar guztiek batera ‘Txoria txori’ abestia kantatzeko deia egin dute. Hildakoen omenez minutu bateko isilunea ere egingo dute eta irratiei kantu hori jartzeko eskaria egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak