Aberri eguna balkoietatik eta era bateratuan ospatzeko deia egin dute

Jone Olabarria 2020ko api. 4a, 12:16

Osasun larrialdia medio, 2020ko Aberri Eguna Euskal Herri osoan eta era bateratuan ospatzeko deia egin du Euskal Herria Batera kolektiboak; elkarrekin kantuan eta argazkiekin mosaiko erraldoi bat osatuz. Bihar jakinaraziko dituzte ekintza zehatzak, baina "aldarrikapenak eta doluminak" uztartuko dituztela azaldu dute.

COVID-19aren ondorioz, 2020ko Apirilaren 12an Aberri eguna kalean eta ohiko eran ospatzea ezinezkoa dela ikusita, Euskal Herria Batera kolektiboak etxeetatik ospatzeko deia egin du: "proposatzen dugu 2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan denok batera, ikur kolektibo bat osatuz eta elkarrekin kantuan eginez ospatzea". Hala, "euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratu baten nahia" aldarrikatu gura du kolektiboak.

Kantuan eta mosaikoa osatuz

Egoera horretan,  ikur bateratua osatzeko, bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin mosaiko digital erraldoi bat osatzea proposatu dute, Aberri Egunean bertan sare bidez zabalduko dena. Era berean,  Euskal herritarrak kantuan jartzeko deia ere egin dute: "denok batera kantuan egingo dugu, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz". Balkoi, leiho eta etxeak ikurrinez eta Nafarroako banderez apaintzeko deia ere egin dute.

Ekintza zehatzak, bihar

Salbuespen egoeran egonda ere, "eskubide guztien jabe izango den eta guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituen nazioa eraikitzen" jarraitu gura duela jakinarazi du lan, hezkuntza eta euskalgintza arloko 27 lagunek osatutako talde sustatzaileak.  Bihar, apirilak 5,  jakinaraziko dituzte Aberri Eguna 2020rako ekintza zehatzak, baina aurreratu dute, "aldarrikapenak eta doluminak", biek izanen dutela tartea aurtengo ospakizunetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak