COVID-19 gaitzaren krisia hasi zenetik hainbat neurri hartu dituzte erakundeek gaitzaren zabalkundea gutxitze aldera, eta honako aste hau ekonomian eta industria jardueran eragin handia izan duten erabakiekin hasi zen. Eztabaida eta kontrako iritzi gehien piztu dituen erabakia joan den zapatu gauean eman zuen aditzera Espainiako presidente Pedro Sanchezek. Agerraldian, "funtsezkoak ez diren jardueretan" ari diren langileek etxean geratu beharko dutela agindu zuen, mugikortasuna murrizteko helburuarekin. Neurriak apirilaren 9ra arte iraungo du indarrean; hots, zortzi lanegunetan. Bi astean lanera joatea galarazita izango dutenentzako "ordainpeko baimen berreskuragarria" deritzona bideratuko du Madrilek. Hau da, lanera joan gabe kobratzen jarraituko dute eta zortzi lanegun horiek 2020ko abenduaren 31 baino lehen berreskuratu beharko dira; enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean negozia-tuko da horretarako modua.
Erreakzioak berehalakoak
Dekretuaren gaineko erreakzioak berehala iritsi ziren agintarien, politikarien, sindikatuen zein Confebask patronalaren eskutik. Eusko Jaurlaritzan kezka handiz hartu zuten erabakia. Ajuria Enetik, lehendakari Iñigo Urkullu Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin harremanetan jarri zen, eskatzeko erkidegoek izan zezatela zein sektorek itxi eta zeintzuk ez erabakitzeko eskumena. Arantza Tapia Ekonomia sailburuak, gainera, erabakia "disparate" handia dela esan zuen eta komunitate bateko industria ekoizpena ezin dela modu horretara gelditu gaineratu zuen, lurralde horretako "industri-ehunaren ezaugarriak kontuan hartu gabe". Confebaskeko Eduardo Zubiaurre ere oso haserre azaldu zen; haren ustez, "euskal enpresen jarduerari kalte itzelak eragingo dizkio, eta krisia areagotu eta errekuperazioa nabarmen zailduko ditu". EH Bilduk eta ELA eta LAB sindikatuek neurria txalotu bazuten ere, berandu zetorrela nabarmendu zuten. Honela zioen Arnaldo Otegik domeka gauean telematikoki egindako agerraldian: "Inprobisatzen ari diren sentsazioa dugu, Madril eta Gasteiz berandu eta gaizki ari direla. Baten batek esango dit eskuduntza ez dela gurea, baina herri honetan sor genezake alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelako eragileak batuko dituen mahai bat; erantzukizunagatik eskatzen dut". ELA eta LAB sindikatuek ere neurri ona dela azaldu zuten, uste baitute osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratzea ahalbidetuko duen neurria dela. Hala ere, berandu etorri dela ere salatu dute.
Ondorioak industria-lentegietan
Dekretua iragarri ostean, itxialdira egokitzeko 24 orduko epea eman zien "oinarrizko jardueratara" dedikatzen ez diren enpresei. Hain zuzen ere, horietako askoren ikuspegitik "azkarregi eta modu nahasian" har-tutako erabakia izan da. Mondragoneko LKS Next aholkularitzako arduradunen iritzia da hori, besteak beste. "Aplikatu baino 24 ordu lehenago izaera eta garrantzi horretako neurriak iragartzea eta hori arautzen duen araua aurreko gauean argitaratzea ez da serioa. Egun batzuk lehenago abisatzeak, esaterako, aukera emango zukeen enpresa bakoitzaren errealitatea neurrira egokitzeko.", dio bertako Joseba Bilbaok. Eusko Jaurlaritzak eta patronalek gogor kritikatu eta sindikatuek babestu duten dekretuak eraikuntzan eta industrian eragin du bereziki, eta, aurrez esan moduan, Debagoieneko ehun industrialaren zati handi batek itxi behar izan ditu ateak. "Duela bi aste, %80ko jardueraz hitz egiten genuen, duela astebete %50ekoaz. Gaur egun, enpresa asko %50etik behera daude", dio LKS Next-eko Joseba Bilbaok. Esan moduan, asko izan dira euren jarduna eten behar izan duten enpresak: Oñatin, esaterako, Betikek, ULMA Packagingek eta Natrak soilik jarraitu ahal izan diote ekoizpenari. Fagorren, esaterako, gehienak gelditu dira; hori da, besteak beste, Fagor Automationen kasua, nahiz eta funtsezko jardueretara bideratutako zerbitzuetan gutxieneko ekoizpena mantendu duten. Egoera bera dute Ederlanen ere. Bergaran, TTTk, Lazpiurrek, Tornilleria Debak, Soraluce Koop-ek eta Ecenarro Koop-ek eten egin behar izan dute jarduna. Baita automoziora dedikatzen den Metagrak ere. "Ez da bidezkoa neurria hartu zen bezala hartzea. Zapatu arratsaldean prentsaurrekoan jakinarazi, domeka gaueko hamabietan BOEn publikatu eta ordu berean indarrean sartzea", dio enpresako zuzendari Pello Txintxurretak. "Domeka arratsaldean zortzi-bederatzi zirriborro ibili ziren bueltaka eta, azkenik, dekretua erabat diferentea izan zen", erantsi du. Txintxurretaren hitzetan, nahasmen handia eragin zuen dekretuak: "Gure kasuan, esaterako, zapatu arratsaldean garbi geneukan enpresa itxiko zigutela. Domekan, eta zirriborro horietan oinarrituta, lanean jarraitzeko aukera ikusi genuen, eta, azkenik, ezetza berriro". Fagor Automation-eko presidente Aitor Irurek azaldu duenez, "egoera ikusita alde batetik ulertzen" du horrelako neurriak hartu behar izana, baina eurek uste zuten martxan ezarritako segurtasun protokoloak ondo zainduz gero bateragarri zela bazkide langileen osasuna bermatzea eta lana mantentzea. "Tristura handiz gelditu dugu lana; eskaerak ba-zeuden, lana bazegoen, eta gelditzea gogorra izan da".
Lantegiak ixteak izan dezakeen ondorioen gainean, Metagrako zuzendaria ere oso kezkatuta azaldu da bezeroa galtzeko duten arriskuarekin: "Guk Espainian bezero gutxi dauzkagu, gure salmenten %20 baino ez dira hara bideratzen, bezero horiekin ez dago horrenbesteko arazorik, gure egoera berean daudelako, baina nazioartekoekin izan ditzakegu arazoak. Epe motzean ardura nagusia da bezeroei arazo larririk ez sortzea. Bidali diegu karta bat nolabait egoeraren berri ematen eta nolabait ere babestuak izan gaitezen eskatzen; dena den, berehala erantzun digute eskaerak ez dituztela onartzen eta gure betebeharrak betetzeko esanaz". Gainera, automobilen salmentak 2020 eta 2021ean izango duen bilakaeraz ere ardura handia erakutsi du, aurreikuspen baikorrenen arabera %15 eta %20arteko jaitsiera espero baita sektorean. Fagor Automationen kasuan ere, kezka handia dute bezeroak hornitu ahal ez izateaz. "Gure lehiakide alemanak lanean ari dira eta gu ematen ari ez garen zerbitzua beste batzuek emateko arriskua dago".
Aldi baterako etenak
Aste honetako dekretuaren aurretik ere, COVID-19aren krisiak eraginda, hainbat eta hainbat enpresak itxi zituzten ateak eta aldi baterako lan-erregulazio espedienteak (ERTE) iragarri zituzten. EAEn asko izan ziren aukera hori egin zutenak; besteak beste, Oñatiko Hijos de Juan de Garay enpresa da adibide. ERTEan dauden pertsonek kontratua etenda dute, eta langabeziagatiko prestazioa jasotzen dute epe horretan zehar. Aldi baterako lan-erregulazio espedientea eragin duen egitatea amaitzean, lan kontratua bere horretara bueltatuko da; beraz, langilearen postua mantendu beharko litzateke. Lankideak kotizazio oinarriaren %70 jasoko du lehen sei hilabeteetan, eta %50 zazpigarren hilabetetik aurrera. ERTE egoerak dirauen bitartean ez da opor eskubiderik sortzen eta langabeziagatiko prestazioa jasotzen den denbora ez da kontuan izan-go etorkizunean, eta, beraz, ez da langabezia kontsumitzen.
Kooperatiben egoerarekin lo-tuta esan behar da ERTEak besteren konturako langileei aplikatzen zaizkiela. Beraz, kooperatibek lan-kontratuko langileak badituzte –bazkide ez direnak–, beste edozein enpresak bezala ERTE bat eska dezakete.