Debagoieneko hainbat enpresa ari dira aukera berriei ondo erantzuten

Amaia Aranegi 2020ko api. 4a, 09:00

Debagoieneko Ospitalean, langileen segurtasuna bermatzeko manparak ipini berri ( Irudia: Arrasate Kristaldegia)

Debagoieneko hainbat enpresa produktuak egokitu eta irtenbide berriak eskaintzen ari dira egoera gaitz honetatik lehenbailehen ateratzeko. Hain zuzen ere, buru-belarri dihardute lanean jasotako eskaera berriei egunotan erantzuna emateko.

Enpresen zerbitzuak eta produktuak kontuan hartuta, hainbat eskaera egin dira enpresek egoera honetan laguntzeko. Batzuek makinak edo produktuak egokitu dituzte, eta beste batzuek, aldiz, ohiko zerbitzuak indartu edo ohiko produktuak gehiago saltzen ari dira. Hala, egoera honetatik lehenbailehen ateratzeko eta momentu honetan garrantzitsuak diren eskaerei erantzun azkarra emateko, lanean buru-belarri dihardute.

Manparak ospitaleetan

Debagoieneko Ospitaleak jendaurrean lanean diharduten langileak babesteko neurri berri baten eskaera egin zion Arrasate Kristaldegiari. Lehenagotik ez zeukaten horrelako segurtasun sistemarik, baina zeukaten materialez baliatuz eskatutakoari irtenbidea eman zioten. Bi edo hiru egunez probak egiten egon ziren, eta, funtzionatzen zuela ikusita, Debagoieneko Ospitalean eta bailarako anbulatorioetan instalatzen hasi ziren kristalez egindako segurtasun manparak. Mostradoreetan jartzen dute eta egoera honetarako erabilitako materialak bereziak dira, eta segurtasuna bermatzen duela dio Arrasate Kristaldegiko arduradun Gerardo Uribesalgok: "Kristal bikoitza dauka, eta, apurtuz gero, ez dira kristal zatiak jausten". Hasieran bailarako ospitalerako eta anbulatorioetarako eskariak jaso bazituzten ere, Euskal Herriko txoko askotako ospitaleetatik eta anbulatorioetatik jaso dituzte enkarguak. Gainera, partikularrak ere jarri dira haiekin harremanetan eta hainbat farmazia eta estankotan ere jarri dituzte segurtasun kristal hauek. Eskaera asko izaten ari dira egunotan. Arrasate Kristaldegiko langileak buru-belarri ari dira instalazio lanetan, baina lan hau amaitzerakoan jendea oso pozik geratzen da emaitzarekin: "Egoera honetan jendaurrean lan egiten duten langileek beldurra daukate eta, hain zuzen ere, asko eskertzen ari dira segurtasunerako kristalezko neurri hauek. Instalatu ostean, lasaiago geratzen dira langileak".

14 milioi maskara

Medikamentuen Espainiako Agentzia Mondragon Assembly-rekin jarri zen duela bi aste harremanetan eta Bexen Medical enpresarekin batera maskara kirurgikoak ekoizteko eskaria egin zion; Mondragon Assemblyk makinak ekoizteko eta Bexen Medicalek maskarak ekoizteko. Izan ere, Mondragon Assemblyk horrelako produktuak egiteko gai diren makinak ekoizteko ezagutza dauka, eta Bexen Medicalek, maskara ekoizpenean urtetako esperientzia. Gauzak horrela, oso azkar joan zen guztia eta eskaintza onartzeko erabakia hartu zuten; honela dio Mondragon Assembly-ko Automatizazio zuzendari Iñigo Velez de Mendizabalek: "Oso azkar joan da prozesua; duela bi aste hasi zen, asteburu batean. Zapatuan jaso genuen eskaria eta, askorik pentsatu gabe, domekan erabaki genuen proiektua aurrera eramatea. Aurretik diseinua landuta geneukan, eta, beraz, makinak lau astean eginda egotea adostu genuen. Hau beste proiektu batean ezinezkoa izango litzateke. Baina egoera zein den kontuan hartuta, adostu genuen makinak ahalik eta azkarren egitea, gero hona ekarri eta lehenbailehen produkzioan jartzeko".

Izan ere, Mondragon Assemblyk Txinan duen filialean dihardute makinen diseinua eta fabrikazioa lantzen. Guztira, lau makina egingo dituzte: "Makinak maskara kirurgikoak egiteko eskatu dira. Makina automatikoak dira, alde batetik behar diren zuntzak kargatzen dira, eta gero, beste alde batetik belarrietan jartzeko zintak kargatzen dira. Makinek zuntz horiek soldatzen dituzte, ultrasoinuen bidez, maskarei forma eman eta gero behar diren gomak kargatu, moztu eta soldatu maskarak bukatzeko. Horrekin, maskara bukatuta egongo litzateke, eta erabilgarri. Makina bakoitzak hiru milioi eta erdi maskara ekoitziko ditu eta, guztira, lau makinekin, hamalau milioi maskara ekoitziko dira". Mondragon Assemblyk ekoiztutako lau makinetatik hiru Bexen Medicalen fabrika batean jarriko dituzte; Lasarten, seguruenik. Eta bestea armadara bideratuko da, Burgosen daukaten farmazia batera; maskarak fabrikatuko dituzte han. Proiektu hau erronka handia izan da Mondragon Assembly-rentzat: alde batetik, makinak sortzeko behar larriarengatik; eta, bestetik, lau aste dituztelako makinak martxan ipintzeko. Hala ere, pozik daude egiten ari diren lanarekin. "Erronka izan da, erronka handia izan da guretzat. Makinak ondo jartzeko apur bat sufrituko dugu, baina, egoera zein den ikusita, harrotasuna eta poztasuna sentitzen dugu makina hauek eginda eta ahal dugun guztian lagundu ahal izanda, egoera honetatik lehenbailehen irten gaitezen", dio Velez de Mendizabalek. Egungo osasun larrialdi egoerak makinen diseinua, fabrikazioa, logistika eta prest jartzeko lanen koordinazioa asko zaildu duen arren, lau makina horiek apirilaren 15ean irtengo dira Txinatik.

Desinfekziorako produktuak

Antzuolako Goizper enpresak, berriz, garbiketa eta desinfekziorako produktuen eskarian igoera nabari du. Mundu osotik ari dira eskariak jasotzen, ehun herrialdetan baino gehiagotan saltzen dute, baina, gehienbat, Europan eta koronabirusak gehien eragin duen herrialdeetan. Gainera, enpresa pribatuetatik jasotzen dituzte eskariak, eta instituzio publikoetako banatzaileetatik. Desinfekziorako eta garbiketarako gama berezia daukate eta egoera honetan produktu hauek gehiago saltzen dituzte. Hala ere, lorezaintzako eta nekazaritzako negozioa ere badaukate eta momentu hauetan negozio hau jausi egin da eta ez dute salmentarik produktu hauetan. Beraz, Goizper enpresan, mundu osoan bizitzen ari den egoeraren ondorioz, salmenta gehiago ez daudela dio pulberizatzaileen negozio arduraduna Andoni Gutierrezek: "Garbiketa eta desinfekzioko produktuak saltzen ari gara, baina ez lorezaintza eta nekazaritzakoak. Beraz, egoera honengatik ez dugu gehiago saltzen, modu ezberdinean ari gara lanean eta egoerara egokitu gara".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak