Badira hiru aste liga txapelketak eten zituztenetik, eta motibazio handiagoarekin ala txikiagoarekin, baina jokalariek euren etxeetan jarraitzen dute entrenatzen. Sare sozialei esker, badira lan-saioak batera egiten dituztenak, eta gehienek dute galdera bera buruan: "Zelan amaituko dugu liga?". Izan ere, denboraldiko azken txanpan sartuta daude denak, eta batzuen kasuan gatzik eta berakatzik gabeko ikasturtea izan badabil ere –sailkapenaren erdian daudelako, ez aurrera eta ez atzera–, badira helburu konkretuengatik borrokan dabiltzanak, liga irabazteko puntuan daudenak, ala maila galtzeko zorian daudenak. Eta horietako batzuekin egon da GOIENA.
JULEN BARRUTIA, ARRASATE RUGBY TALDEKO ENTRENATZAILEA: "Lau partidu geratzen zaizkigu denboraldia borobiltzeko"
Arrasate Rugby Taldeko mutilek ligan jokatu dituzten hamasei partiduak irabazi egin dituzte, eta lau norgehiagoka geratzen zaizkie helburu nagusia lortzeko, Euskadiko Txapelketako lehen mailara igotzea: "Baina ez dakigu zelan amaituko den hau guztia. Espainiako lehenengo mailan, esaterako, liga datorren urtera arte bertan behera utzi dute, baina gainontzeko kategorietan oraindik ez dute ezer esan, eta guri Federazioak ere ez digu ezer esan. Uste dut eurak ere zain daudela, oraindik goiz dela erabakia hartzeko". Hala, garbi dago aurtengo liga bertan behera uztea erabakitzen badute Arrasate Rugby Taldea oso talde kaltetua izango litzatekeela: "Guk datorren urtean Lehenengo Mailan jokatu gura dugulako".
Eta, bestalde, Barrutiak garbi dauka geratzen diren lau jardunaldi horiek jokatzeko denboraldi-aurre txiki bat egin beharko luketela: "Errugbia kontaktuzko kirola da, eta jendea etxean entrenatzen badabil ere, ez da gauza bera. Jokalarien artean seguru batzuk fin-fin ibiliko direla bidaltzen dizkiegun ariketa guztiak egiten, eta beste batzuk ez direla horren fin ibiliko, baina etxerako lanak ondo eginda ere, zuzenean lehiaketara itzultzen bagara ez da askorik behar jokalariek min hartu dezaten; hainbat entrenamendu saio egin beharko genituzke hasi aurretik".
OLATZ LEGARDA, LEINTZ ARIZMENDI FUTBOL TALDEKO KAPITAINA: "Liga irabazteko lanak nahiko bideratuta utzi genituen"
Leintz Arizmendi futbol taldeak emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan ez du kontrariorik izan, jokatutako 22 partiduetatik 19 irabazi ditu eta. Tolosa da sailkapenean gertuen dagoen taldea, eta pentsa, zortzi puntura dago. "Lau partidu geratzen zaizkigu, eta denetik entzun dugu: partidu horiek jokatu egingo ditugula, liga dagoen moduan amaituko dela... Baina inork ez du jakinarazpen ofizialik eman", dio taldeko kapitain Olatz Legardak. "Pena izango litzateke horrela amaitzea, jokalariok jokatu gura dugulako".
Eta penagarriagoa izango litzateke orain arteko lan guztia, 22 jardunaldi, ezerezean geratzea. Baina hori ez dago euren esku: "Gu etxean bagabiltza ahal dugun moduan entrenatzen, baina baliabideak ere ez dira aproposenak. Hala, garbi dago kirol munduan sartuta gaudenondako geldialdi hau ez dela batere ona, orain arteko dinamika eten dugulako. Eta ostera ere liga berrekin beharko bagenu garbi dago egokitzapen txiki bat beharko genukeela. Baina, azken batean, datorrenarekin aurrera egingo dugu".
ARATZ KORTAZAR, ESKORIATZAKO ARETO FUTBOL TALDEKO JOKALARIA: "Ezingo gara berehalakoan hasi, esprint bat nahikoa da min hartzeko"
Eskoriatza areto futbol taldekoen aspaldiko ametsa izan da maila nazionalera igotzea, eta helburua lortuta, modu xelebrean osatu behar dute denboraldia: "Eta erretiroa hartzeko asmoa genuenok ere ez dugu amaiera txukuna izango", dio umorea galdu ez duen Aratz Kortazarrek. GOIENAren deia taldekideekin batera entrenatzen zebilela jaso du kapitain eskoriatzarrak: "Indar ariketak eta halakoak elkarrekin egiten ditugu, sare sozialak erabilita, eta bueno, egia da lana entretenigarriagoa dela horrela".
Taldearen egungo egoerari dagokionez, Eskoriatza mailari eusteko borrokan dabil, baina atzetik beste lau talde ditu: "Oraingoz, ez gaude arriskuan, baina ez dakigu liga zelan amaituko dugun, ekainean eta uztailean jokatzen jarraituko dugun, geratzen diren partiduak irailera atzeratuko dituzten… Taldekideok atzo bertan izan ginen gauza hauetaz guztiez berbetan, eta inork ez du informaziorik. Garbi dagoena da nahiz eta etxean ariketak egiten ibili, hilabetez etxean egon eta gero ezingo ditugula partiduak segituan hasi, esprint bat egitea nahikoa da-eta lesionatzeko".
ENDIKA RUIZ, ALOÑA MENDI FUTBOL TALDEKO ENTRENATZAILEA: "Liga ezerezean uzten badute, kolpe handia hartuko nuke, lan handia egin du taldeak"
Oñatiko futbol talde nagusiaren azken urteotako helburua mailaz igotzea izan da, Ohorezko Erregional mailara itzultzea, eta aurten txankikuarrak sekulako denboraldia egiten dabiltza. Erregional preferenteko lehenengo postuan daude, eta zazpi puntura dute bigarren sailkatu Lagun Onak taldea. "Baina ez dugu ideiarik ere hau guztia zelan amaitu behar den. Espainiako Futbol Federazioaren nahia da ligak amaitzea, baina bereziki futbol profesionalera begira dihardute hori esaten, diru asko dagoelako jokoan; gureak moduko kategoriak ez dira lehentasuna", dio Aloña Mendiko entrenatzaile Endika Ruizek.
Kategoria horretan zortzi partidu geratzen zaizkie liga amaitzeko, eta Ruizek uste du posible dela horiek jokatzea: "Hilabete eta erdian liga amaituta izango genuke; partidu batzuk aste barruan jokatu behar badira, bada, aurrera, ni prest nago uztailean ere jokatzeko. Izan ere, abuztuaren 14an hasi ginen lanean eta hilabete asko egin ditugu lanean gauden lekuraino iristeko. Uste dut liga amaitzea dela guztiondako justuena, liga dagoen moduan amaitzea ez litzateke-eta beheko postuetan daudenendako batere justua izango. Eta bestalde, liga hau ezerezean uzteak sekulako mina egingo liguke; nik, behintzat, kolpea hartuko nuke. Egia da garai hauetan osasuna dela lehentasuna eta beste guztia bigarren mailan geratzen dela, futbola baino ez da, baina hona iristeko lan handia egin dugu azken urteotan".
SILVIA MARTIN, ESKORIATZA SASKIBALOI TALDEKO KAPITAINA: "Orain jokatu behar genituen kontrario zuzenen kontra partidu erabakigarriak"
Eskoriatzako saskibaloi taldea sailkapenaren azken postuan dago. "Urte gogorra daramagu. Entrenatzaile aldaketa izan genuen, eta ordutik dinamikaz erabat aldatu badugu ere, sailkapenean azken postuan gaude. Horrenbestez, aurtengo liga bertan behera geratzen bada eta datorren urtean hutsetik hastea erabakitzen badute, guretako ez da erabaki txarra izango", dio Silvia Martinek umorez. Hala ere, oraindik eskoriatzarrei sei partidu geratzen zaizkie liga amaitzeko, eta euren esku dago jaitsiera postuetatik ihe egitea: "Aukerak ditugu horretarako. Dagoeneko jokatu dugu talde gogorrenen kontra, eta orain jokatu beharreko partiduak kontrario zuzenen kontrakoak ziren; hau da, gure moduan mailari eusteko borrokan dabiltzanen kontra. Eta nik uste dut irabazteko moduko partiduak direla. Baina ikusiko dugu hau guztia zertan geratzen den".
IÑAKI OGARA, MU SASKIBALOI TALDEKO ENTRENATZAILEA: "Susmoa dugu ligei ez dietela ostera ere berrekingo, oso zaila da eta"
EBA kategorian Mondragon Unibertsitatea sekulako denboraldia egiten zebilen, duela hiru aste dena hazkaz gora geratu zen arte. Hala, orain momentuan MU kategoriako lehenengo postuan dago, Megacalzado Ardoik eta Arha Hotelesek duten puntu kopuru berberarekin (37), baina partidu bat gutxiago jokatuta: "Baina egoera honetan saskibaloia bigarren mailan geratu da, jendearen osasuna da lehentasuna".
Etorkizunera begira, entrenatzaile gasteiztarrak zail ikusten du ligari jarraipena ematea: "Hori da klubetako ordezkariok dugun susmoa, baina ez dago berri ofizialik. Talde askotako jokalari atzerritarrak euren etxeetara itzuli dira; hori da, esaterako, gure taldekide Zachen [Kirschbaum] kasua. Egoera aztertu genuen jokalariarekin batera, eta ikusi genuen onena zela Zach AEBtara itzultzea, familiakoekin egotera. Beñat [Barberena] berriz Txinara itzultzekoa zen, baina, azkenean, Arrasaten geratu da". Hala, Ogarak espero du federazioetatik irtenbide bat emango dutela: "Ez dut uste kategoriari eusteko borrokan dabiltzan taldeendako oso justua denik liga horrela amaitu eta maila galtzea, baina uste dut aurrealdean borrokan gabiltzanendako soluzioak badaudela, formatu bereziko txapelketa bat antolatzea... Liga irabazteko borrokan gabiltza, eta orain arte egindako lanak zerbaitetarako balio beharko luke".
Hori horrela, jokalariek etxean prestaketa lanetan dihardute: "Baina lan horiek eginda ere jokalari batek kantxa ukitzen ez duenean... Galera handia egoten da hor. Ikusiko dugu ze irtenbide ematen diogun honi guztiari; oraingoz, egon gaitezen denok lasai etxean".
OLATZ KORTABARRIA, CONSTRUCCIONES ALOÑA MENDI ESKUBALOI TALDEKO KAPITAINA: "Atzetik hiru talde daude; oraingoz, salbu egongo ginateke"
Euskadiko Txapelketan mailari eusteko borrokan dabil Construcciones Aloña Mendi. "Hiru jardunaldi geratzen zaizkigu liga amaitzeko eta sailkapenean gure atzetik beste bi talde ditugu; horrenbestez, liga horrela amaitzea erabakitzen badute, uste dugu salbu egongo ginatekeela", dio taldeko kapitain Olatz Kortabarriak. "Hala ere, goiko kategorietan gertatzen denak eragina izango luke gurean ere; horrenbestez, ikusi egin behar. Baina ez dugu inolako informaziorik, eta uste dugu hiru partidu horiek jokatzen baditugu kategoriari eustea gure esku egongo litzatekeela, partidu horiek irabazteko kapaz gara", dio. Baina, inolako informaziorik ez daukatenez, Kortabarriak garbi dauka egin beharrekoa: "Etxean entrenatzen jarraitu, partidu horiek jokatzeko eskatzen badigute ahalik eta ondoen egoteko".
JOSETXO MUNIATEGI, SORALUCE BERGARA ESKUBALOI TALDEKO ENTRENATZAILEA: "Liga horrela amaitzen bada, kategoria galduko genuke seguruenik"
Soraluce Bergara eskubaloi taldea iaz igoera fasera sailkatzeko kapaz izan zen, eta aurten txanponaren beste aldea bizitzea egokitu zaio, mailari eusteko borrokan dihardu eta. Bergararrak sailkapenaren atzealdeko postuetatik ihes egiteko borrokan dabiltza, eta atzetik beste hiru talde badituzte ere, taldeko entrenatzaile Josetxo Muniategik uste du ez liekeela batere mesederik egingo liga dagoenetan amaitzea: "Uste dut gure ligan lau talde jaitsiko direla eta, oraingoz, hor gaude; goiko kategorietako karanbolek ez ligukete batere mesederik egingo".
Hala ere, bergararrak ez daki zer gertatuko den: "Antza, Euskadiko Federazioko presidenteak esan du igoerak eta jaitsierak egon egongo direla, hau da, ez dela urtea hutsean geratuko, baina ez dakigu geratzen diren lau jardunaldiak jokatuko ditugun ala ez. Gainera, ekainean jokatu behar badugu, baliteke ordurako Labegaraietan obrak hasita egotea".