>Kutsatu kopuruak gora egin du, baina proba gehiago egin direlako”, adierazi du Miguel Sanchezek, Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak. Guztira 19.627 egin dituzte orain artean, atzo 1.576, eta Sanchezek nabarmendu du azken hiru asteetako daturik baxuenak jaso direla; egindako testen %32,3k eman zuen positibo eta aurreko astean %50 inguruk.
Osasungintzako langileei dagokienez %4-5 artean dagoela kutsatuta dagoela esan zuen lehendakariak atzo. Eta Sanchezek jakinarazi du horien kasuan ere behera egin duela positiboen portzentaiak: “Eta hori ere datu ona da”.
Bilakaera
Otsailaren 28an agertu ziren koronabirusak kutsatutako lehenengo gaixoak Euskal Herrian: Araban bat, eta Gipuzkoan bestea. Hain zuzen azken hori debagoiendarra izan zen, Aretxabaletako neska gazte bat. Ordutik 36 egun pasatu dira, eta koronabirusak kutsatutako herritarrak 10.686 dira Hego Euskal Herrian, horietatik 597 hil egin dira eta 2.736k alta jaso du. Azken orduetan 505 positibo berri izan dira eta 32 hildako (bezperan baino hamaika gutxiago) EAEn, "gehienak aurreko asteetan kutsatutakoak". Nafarroan, ostera, hamar hildako eta 154 positibo gehiago.
Debagoiena
Debagoienari dagokionez bederatzi positibo berri antzeman dituzte, eta orain, guztira 166 dira.
Herrietako datuei erreparatuz gero Arrasatek du positibo emandako kasu gehien (85), eta haren atzetik daude Oñati (25) Aretxabaleta (23) eta Bergara (21). Elgetan, atzo, apirilaren 2an, antzeman zen lehen kasua, eta Leintz Gatzagan ez da agertu oraingoz. Herri bakoitzeko biztanle kopuruan jarriz gero fokua Arrasatek du kutsatuen portzentaiarik handiena biztanleko, %0,38; gero Aretxabaletak, %0,32; eta haren atzetik, Oñatik %0,22 eta Bergarak, %0,14.
Ospitaletan dauden gaixo kopuruak ere behera egin du.
Grafiko gehiago ikusi modu interaktiboan hemen.