Pediatria zerbitzutik "D bitamina, bitamina lipodisolbagarri bat da (koipea), kaltzioaren metabolismorako eta haurren hezur-osasun zuzenerako garrantzitsua. D bitaminaren eskasia luzatzen denean, errakitismoa bezala ezagutzen den gaixotasun bat sor daiteke" argitu dute. Horrekin batera, adierazi dute "D bitamina lortzeko bide nagusia larruazala da, eguzki-izpien bidez sintetizatzen duena; ehuneko txikiagoan, elikaduragatik lortzen dugu".
Haurren elikadura
Haurren elikadurari dagokionez, pediatria zerbitzutik adierazi dute, 12 hilabetetik beherako bularreko haur guztiek, amagandiko edoskitzea edo artifiziala jarraitzen badute ere, D bitaminaren gehigarriak hartu behar dituztela, ama-esnea bitamina horretan urria baita, eta balitekeelako haurrek egunean litro 1 esne ez hartzea.
Urtebetetik aurrerako haurrei dagokienez, berriz, nolako elikadura izan behar duten azaldu dute: "Egunero litro 1 esne (4 esneki egunean, adib. gazta), arrain koipetsu urdinak, hala nola sardinzarra, izokina, berdela eta atuna latan (ez atun gorria ez harrapari handiak), arrautza-gorringoa, haragia eta zenbait elikagai aberastu (zenbait esne edo zereal) izan beharko lituzke, eguzkiaren eraginpe normalean egoteari gehituta, nahikoa litzateke eguneroko beharrak asetzeko".
Konfinamendu egoeran hartu beharreko neurriak
Konfinamendu egoera honetan, haurrei eman beharreko D bitaminen inguruan ere mintzatu da pediatria zerbitzua: "Gaur egungo osasun-egoera kontuan hartuta, pentsa daiteke beharrezkoa dela haurrei D bitaminaren osagarria ematea; hala ere, hori ez da nahitaez horrela. Osasun-alerta dela eta, hilabete batez etxean egon behar badugu ere (bi hilabetez luza liteke), haurrei eguzkipeko egonaldi osasuntsua kenduta, ez da beharrezkotzat jotzen D bitaminaren aho bidezko osagarririk ematea egunero, ez behintzat haur guztiei".
Azkenik, gai honi buruz zalantzak izanez gero, umearen pediatrarekin harremanetan jartzea gomendatu dute, baina horrekin batera, egunean hartu beharreko D bitamina kopurua zein den adierazi dute: "400 UI/eguneko da 12 hilabetetik beherakoetan, eta 600 UI/eguneko haur nagusiagoetan (eta 70 urtera arte)".