Andoni Larrañaga: "Herritarrak arduratsu ari dira erantzuten, salaketak asko jaitsi dira"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko api. 3a, 18:00
Andoni Larrañaga, oraingo astean, Bergarako Ertzain etxean.

Ertzainak eta udaltzainak lan berezietan ari dira egun hauetan. Konfinamendu egoerari aurre egiteko neurriak zorrozten. Bergarako ertzain etxeko ertzainak eman ditu datuak. 

Herritarrak ondo ari dira konfinamenduan?
Orokorrean, bai. Udaltzainek zein guk geuk geroago eta salaketa gutxiago ipintzen ditugu. Jendeak badaki ze dagoen baimenduta eta ze ez eta zein egoeratan mugi gaitezkeen eta zeinetan ez. Larrialdi egoera izendatu eta konfinamendua ezarri zenean, hasieran, eta batez ere zubi luze hartan, jarri ziren salaketa gehienak. Gaur arteko bi herenak. Azkeneko hiruzpalau egunetan, salaketa bat edo bi jarri dira eguneko.

Zenbat jarri dira Debagoienean?
Larrialdi egoera ezarri zenetik gaur arte [eguaztena], ertzainok 93 jarri ditugu eta eskualdeko udaltzain guztiek, beste horrenbeste. Eskualde osoan, hortaz, 200 salaketa inguru. Gehienak, Arrasate, Bergara eta Eskoriatza aldean. 

Zelakoak eta zergatik?
Jendeak, oro har, ez du asmo txarrik erakutsi, garden jokatu du: ez zekitela bidegorrian paseatu ezin zitekeenik eta halakoak esaten zuten herritarrek. Batik bat, helduek. Gauez, ostera, ikusi ditugu mutil gazteak, batik bat: lau lagun auto batean buelta bat ematera irtendakoak edo garagardo batzuk hartzera ateratakoak…

Udaltzainek eta ertzainek elkarlanean diharduzue?
Bai. Buruak harremanetan ari dira egunero, eta, egun batzuetan udaltzain gutxiago izan bada herri baten, ba, ertzainok egon gara denbora gehiago… Bestetik, Osakidetzak egunero ateratzen duen koronabiurus kasuen gaineko txostena begiratzen dugu, gehien dauden guneetan poliziaren presentzia indartzeko. Elgetara, esaterako, kasu bakarra dagoenez, gutxiagotan joan izan gara. Arrasaten edo Leintz aldean gehiago egoten gara. Jendea pilatu ahal den tokietan egoten gara, ilaretan eta. Jarraipena egiten dugu, eta, oso kasu gutxitan, isunak jarri ditugu. 

Industria jarduna erabat eteteko azken dekretuaren ostetik, igarri duzue joan-etorri gutxiago?
Helburua bazen kutsadurak saihestea eta horretarako jende gutxiago ibiltzea, esango nuke lortu dela, ze azken egunotan ia-ia domeketan bezalako joan-etorriak izan dira eta. Auto partikular gutxiago dabil azkeneko egunetan. Dena den, mezu nahaspila handia egon da. Mezu garbirik ez. Eta horrek ez du lagundu. Zalantzak sortu ditu lantokietan eta. 
 
"Soraluzen herritar bat ertzainak kolpatzen hasi zen eta atxilotuta amaitu zuen"
 
Liskarrik, eztabaidarik eta halakorik izan duzue herritarrekin?
Kasu bakarra, baina Debagoienetik kanpo, Soraluzen. Atxilotuta bukatu zuen herritar batek. Gauez atera zen kalera buelta bat ematera eta herritar batek etxetik ikusi eta deitu egin zigun. Kargu hartu genionean, eztabaida berotzen joan zen eta salaketa jartzen hasi ginenean, herritarra ertzainak kolpatzen hasi zen eta atxilotuta amaitu zuen. 

Hainbat herritar polizia edo salatari lanetan hasi da…
Bai, jaso ditugu hainbat herritarren deiak abisuak ematen, batez ere eguraldi ona egin duenetan, jende asko zegoelako balkoietan. Telefonoa sutan izan dugu hasieratik. Jendeak deitzen zuen zalantzak argitzeko edo abisuak emateko. Hasierako egunetan, lau lagun ibili gara deiei erantzuten. 

Arrasateko herritar batek salaketa jarri zuen beste herritar batek txua bota ziolako aurpegira…
Lehengo kode penalean jasota zegoen delitua zela gaitz infekziosoak kutsatzea. Baina kendu egin zen azkenekoz berritu zenean. Sasoi honetan gaurkotasun osoa izango luke. Aipatzen duzun Arrasateko kasu hori, testuinguru honetan, oso fede txarrarekin egindakoa da. Larria. 

Kutsatuei dagokienez, Bergarako ertzain etxean zein da egoera?
195 bat laguneko lantaldean, zazpi baja izan ditugu, berrogeialdian egon behar izan dutelako, senideak kutsatuta dituztelako; eta, bestetik, koronabirus kasu bakarra dugu.
"Ertzainok ez daukagu zertan beti arrazoia eduki; jokaera desegokia egion bada, ikertu eta argitu egin behar da eta neurriak hartu"
 
Ikusi dugu Bilbon ertzainak herritarrei oldartzen. Komentatua izan da kasua.
Gurearekin alderatuta oso bestelakoa da egoera Bilbon. Han, 40 bat lagun daude bajan, batzuk birusarekin, gaixorik, ingresatuta… egoera ezberdinetan. Muturreko egoeran ari dira lanean. Aipatzen duzun kasu hori San Frantzisko auzoan gertatu da. Toki berezian. Ertzainek lehendik ezagutzen duten pertsonekin. Egoera zailak dira eta jakin egin behar dira kudeatzen. Edozelan ere, ikertu eta argitu egin behar da. Eta neurriak hartu, behar baldin bada. Ertzainok ez daukagu zertan beti arrazoia eduki.

Oraindik ere zalantza batzuk izan ditzakete herritarrek. Zein da gomendioa?
Bide ofizialetara jotzea: Osakidetzak Irekian ematen dituen datu eta aholkuetara edo Ertzaintzaren webgunera. Baita hedabide eta iturri fidagarrietara ere. Bertan, informazio eguneratu egiazkoa jasotzen delako. Eta saihesteko, esaterako, Whatsappez edo sare sozialetatik jasotzen ditugun hainbat mezu. 
 
"Indarkeria matxistarekin lotutako salaketa kopurua gutxitu egin da. Dena den, jarraitzen dugu erne. Zalantzaren bat sortzen bazaigu beti eroaten dugu patruila bat etxera"

Konfinamendu egoeran egotearen ondorioz, tratu txarrak areagotu daitezke. Ze datu daukazue?
Egoera honek okertu egin dezake hainbat emakumeren egoera. Dena den, guk dauzkagun datuak begiratuta, esan genezake salaketa kopurua gutxitu egin dela. Kasu bakarra daukagu, Arrasaten. Dena den, jarraitzen dugu erne. Indarkeria matxistaren kasuei jarraipen berezia egiten diegu eta ez badago urruntze agindurik eta elkarrekin bizi bada bikotea, horiei jarraipena egiten diegu eta hurbiltzen gara haien etxetara edo ohiko maiztasunarekin baino sarriago deitzen diegu etxera. Zalantzaren bat sortzen bazaigu beti eroaten dugu patruila bat etxera, ziurtatzeko dena ondo dagoela.

Egoera berezi honetan, ohiko delinkuentzia edo salaketa kasuak murriztu egin dira?
Bai; asko, gainera. Oso-oso kasu gutxi dira, eta ezagunak dira, ohikoak, delituak egiten jarraitzen dutenak.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak