Bigarren bizilekura joan-etorririk ezin dela egin gogoraraziko dute udaltzainek eta ertzainek asteburuan

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 2a, 12:03

Egubakoitz goizean hasi eta domekara bitartean kontrolak jarriko dituzte ertzainek zein udaltzainek aste bukaeran jendea ez dadin mugitu ohiko bizilekutik. Halako kasuetan ezarritako isunak 600 eurotik gorakoak izan daitezkeela gogorarazi dute. Gaur, apirilak 2, esaterako, herritarrak konfinamendua betetzen dabiltzala ziurtatzeko udaltzainek kontrola jarri dute Arrasateko Musakola auzoan.

Opor etxeetara edo aisialdi guneetara irteerak erabat debekatuta daudela gogorarazi dute, eta gaineratu, automobiletan joan-etorriak bakarrik lantokira eta funtsezko beharretarako daudela baimenduta. Hain zuzen hori zaintzen izango dira asteburu guztian Segurtasun Saileko kideak, bai errepideetan, bai geltokietan. Eta joan-etorriaren gaineko argibideak eskatu ahal izango diete edonori.

301 isun eta lau atxiloketa, atzo

Atzo, eguaztena, beste 301 isun jarri zituzten udaltzainek eta ertzainek EAEn, ezarritako neurriak ez betetzeagatik.

Ertzainek, guztira, 1.289 pertsona identifikatu zituzten eta 3.163 ibilgailu geldiarazi. Kontrol horietan 128 isun jarri zituzten ezarrita dauden mugikortasun-murrizketak ez betetzeagatik, eta persona bat atxilotu zuten.

Udaltzainek, ostera, 966 pertsona identifikatu zituzten, 2.268 ibilgailu geldiarazi eta 173 isun jarri; gainera, hiru pertsona atxilotu zituzten.

Ziurtagiria komenigarria

Autoan zirkulatzeko ez da derrigorra ziurtagiri edo baimen bat eramatea baina bai komenigarria, bereziki, lanerako joan-etorrien kasuan; izan ere, zalantzarik sortuz gero, egin beharreko egiaztapenak egingo dituztela adierazi dute Segurtasun Sailetik. Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantzia handiena mantentzen bada. Hala, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko eserlekuan, gidariarekiko diagonalean, eseriko da.

Hona hemen zeintzuk diren baimendutako desplazamenduak:

  • a) Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko.
  • b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
  • c) Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
  • d) Ohiko bizilekura itzultzeko.
  • e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
  • f) Finantza- eta aseguru-erakundeetara edo notariotzetara joateko.
  • g) Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
  • h) Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

Oinez egiten diren desplazamenduak banaka egin beharko dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada behintzat.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak