Herritarrek zein enpresek hainbat kezka agertu izan dituzte betebeharrei dagokionez. Ohiko zalantzen gaineko argibideak eman dituzte Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Segurtasun Sailak.
Ibilgailuak eta hauen mantenua
Zer gertatzen da enpresetako ibilgailuek IATa pasatzeko data badute? Bertan behera gelditzen dira?
Bai, bertan behera gelditzen dira. Alarma egoerak irauten duen bitartean, Errege Dekretuak dio IATen jarduera bertan behera gelditu behar dela.
IAT tailerrak zabalik al daude alarma egoeran? Eta kontzesionarioak?
Errege Dekretuko 10. artikuluak dio IAT tailerrak eta kontzesionarioak ez direla ezinbestekoak eta horregatik, itxita egon beharko lirateke.
IATaren epea iraungi egiten bada, arazorik gabe gidatu daiteke?
IATaren epea iraungitzen zaien ibilgailuek arazorik gabe gidatzeko aukera izango dute.
Autoak konpontzeko tailerrak zabaldu daitezke alarma egoeran?
Errege Dekretuan jasota dago autoak konpontzeko tailerrek zabaltzeko baimena dutela alarma egoeran, baina hainbat ekintza ezingo dituzte burutu. Ezinbesteko zerbitzua eman dezakete, soilik.
Obrak
Obretako ibilgailuak normaltasunez mugi daitezke?
Obrak bertan behera utzi ez diren heinean, obretako ibilgailuek normaltasunez mugitzeko baimena dute. Jarduera batzuetara bideratuta dauden ibilgailuei muga batzuk ezarri zaizkie, baina ez zaie mugitzea debekatu.
Eraikuntzari lotutako obrak, gelditu egin behar al dira?
Ez da beharrezkoa obrak gelditzea, jarduera hori ez baita bertan behera utzi.
Merkataritza
Komertzioaren jabeak komertzioaren jarraipena (biltegiaren azterketa, garbiketak... ) egiteko baimena al du?
Bai, betiere komertzioa itxita badago. Langileak ere komertziora joan daitezke zenbait lanetan laguntzera, baina taldea handia elkartzea ez da gomendagarria. Errege Dekretuaren 10.1 artikuluak dio, komertzioaren jabeak baimena duela bere lokalaren mantenua egiteko.
Zeintzuk dira Internet bidez saldu daitezkeen produktuak?
Errege Dekretuaren 10.1 artikuluak dio edozein produktu saldu daitekeela internet bidez, baina gogorarazten du produktuen entregan segurtasun neurriak bermatu behar direla.
Txartelarekin ordaintzea, ezinbestekoa edo gomendagarria?
Errege Dekretuan ez dago ordaintzeko moduen inguruko mugarik jasota. Hala ere, txanponen erabilera gutxitzea gomendatzen da garbitasuna ziurtatze aldera.
Okindegi eta gozotegiek produktuak saltzeko baimena al dute?
Bai. Errege Dekretuaren 10.2 artikuluak dio, soilik produktuak saldu ditzaketela, alegia, lokal barruan ezin dela salgai dauden produkturik kontsumitu.
Kafetegi eta jatetxeek eramateko janaria saldu dezakete edo soilik etxera eramateko zerbitzua eman?
Errege Dekretuaren 10.4 artikuluak dioenez, kafetegi eta jatetxeek etxera eramateko zerbitzua eskaini dezakete, baina eramateko janaria ere saldu dezakete, betiere segurtasun neurriak errespetatzen badira.
Janari prestatua saltzen dutenek baimena dute jarduerarekin jarraitzeko?
Errege Dekretuaren 10.1 eta 10.2 artikuluek diote janari prestatua saltzen duten komertzio txikiek baimena dutela jarduerarekin jarraitzeko, betiere talde handiak mugatzen badira eta segurtasun neurriak errespetatzen badira.
Dentista, aholkularitza... bezalako jarduerek zabaltzeko baimena al dute?
Errege Dekretuaren 7. artikuluak dio herritarrek osasun arloko zentro, zerbitzu edota dendetara joateko baimena dutela, baita, banku edota aseguru-etxeetara joateko ere.
Hipermerkatuetan, elikagaiez gain, teknologia edo beste arlo batzuetako produktuak sal al daitezke?
Errege Dekretuak ez du beste arlo batzuetako produktuen salmenta debekatzen.
Estetika zentroak zabaldu al daitezke?
Errege Dekretuak dio estetika zentroen jarduera ez dela ezinbestekoa alarma egoera honetan.
Paper-dendek prentsaz gain, dendako gainontzeko produktuak saltzeko baimenik badute?
Errege Dekretuaren 10.1 artikuluak dio prentsaren edota paper-denden jarduerak ez direla bertan behera utziko.
Internetetik erositako produktuak, elikagaiak ez badira ere, entrega al daitezke?
Interneteko erosketak baimenduta daude, beraz horien entregan ere ez dago mugarik, nahiz eta segurtasun neurriak errespetatu behar.
Herri txikietan, salmenta ibiltaria baimenduta al dago?
Errege Dekretuan salmenta mota honi ez zaio erreferentzia egiten. Hala ere, 10.1 artikuluan jasota dago, kutsatze arriskua suposatuko duen jarduera bertan behera utzi beharko litzatekeela.
Ohe artikulatuak bezalako produktuak saltzen dituen denda ortopedikoa irekita egon al daiteke?
Errege Dekretuaren 10.1 artikuluak jasotzen du, denda ortopediko txikiek baimena dutela zabaltzeko.
Drogeriek badute zabaltzeko baimenik?
Bai. Drogeria askotan higiene-produktuak saltzen dituzte eta horiek zabaltzeko baimena dute.
Merkataritzaren alorreko zein negozio egon daitezke irekita?
Negozio hauek dute irekitzeko baimena: janari eta edari dendak, farmaziak, osasun-zentroak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak.
Ile-apaindegiak ireki al daitezke?
Ez. Hala ere, onartuta dago etxez etxeko zerbitzu profesionala eskaintzea.
Lokutorioak ireki al daitezke?
Lokutorioak transakzio ekonomikoak egiteko irekiko dira soilik.
Asteroko azokak egitea posible al da?
Bai, baina baimendutako produktuak saltzeko bakarrik eta betiere, segurtasun arauak errespetatuz.
Nutrizio-produktuak saltzen dituen denda bat egon daiteke jendearentzat irekita?
Bai, baina premiazko produktuen salmentarako bakarrik, zeliakoentzako janariak, esate baterako.
Zeremoniak
Kultu-tokietara eta zeremonia zibiletara eta erlijio-zeremonietara joatea baimenduta dago?
Bai, baina osasun arloko agintaritzak unean-unean aplikatzen doan neurriak betetzen badira.
Baratzak eta negutegiak
Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak, baimenduta al daude?
Bai, baldin eta jarduera profesionala bada.
Joan-etorriak
Ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al da oinez edo autoan zirkulatu ahal izateko?
Identifikatzen diren pertsonei ez zaie inolako ziurtagiririk eskatuko, nahiz eta baloratu egingo den joan-etorria justifikatzeko ematen duen informazioa. Emandako informazioak zalantzaren bat sortzen badu, beste bitarteko batzuk erabiliz egiaztatu ahal izango da. Oraingoz ez dago mugikortasun-ziurtagiri ofizialik.
Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?
Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik: Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko; osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko, lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera; ohiko bizilekura itzultzeko; adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko; finantza- eta aseguru-erakundeetara joateko; ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik eta antzeko beste jarduera batzuk egiteko.
Oinez egiten diren desplazamendu horiek banaka egin beharko dira, desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko edo bestelako arrazoi justifikatu batengatik ez bada. Hala ere, desplazamenduak ahalik eta gehien mugatu behar dira.
Mendekotasuna duten familiartekoak bisitatu al daitezke?
Bai, betiere zaintza eta laguntza ematek bada.
Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?
Bai, baimendutako oinarrizko zerbitzuetako bat da.
Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke?
Bai, adingabe bat artatzea dela ulertzen da.
Eraman al ditzaket haurrak parkera?
Ez. Parkeak itxita daude.
Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut?
Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.
Jaitsi al daiteke zaborra kalera?
Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.
Bizi garen eraikineko eremu komunetan (patioan, lorategian, eskaileretan) egon al naiteke?
Ez, erabilera komunitarioko eremu pribatuak baitira.
Maskota atera al dezaket paseatzera?
Bai, banaka, ezinbestekoa den denboran eta etxebizitzatik hurbil.
Zer muga dago ibilgailu partikularretan ibil daitekeen pertsona-kopuruari dagokionez?
Ibilgailu batean pertsona bat baino gehiago ibili ahal izango dira euren artean ahalik eta distantzia handiena mantentzen bada. Esate baterako, auto batean gehienez bi pertsona joango dira, gidaria eta bidaiari bat, eta bidaiaria atzeko eserlekuan, gidariarekiko diagonalean, eseriko da.
Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan joatea.
Bederatzi plazara arteko ibilgailuetan, gidaria barne, pertsona batek baino gehiagok bidaiatu behar badu ibilgailuan, garraio publiko, pribatu osagarri eta partikularrak errespetatu egingo du eserleku-lerro bakoitzeko pertsona bat gehienez joatea, eta ahalik eta distantzia handiena izango da bidaiarien artean.
Mugatuta al dago ibilgailu profesionaletan edo enpresako ibilgailuetan ibil daitekeen pertsona-kopurua ere?
Lanerako erabiltzen ari diren ibilgailu profesionalen edo enpresako ibilgailuen (furgonetak, kamioiak) kasuan, gidaria eta kopilotua ibili ahal izango dira, baldin eta euren artean ahalik eta distantzia handiena gordetzen badute.
Zirkulatu al daiteke motozikletan edo bizikletan?
Bai, aurreikusitako kasuetan, hala nola, lantokira joateko, eta banaka.
Eta taxietan?
Banaka, desgaitasuna duen pertsona bati, adingabe bati, adineko bati edo autonomiarik ez duen pertsona bati laguntzeko kasuetan izan ezik.
Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira?
Ez. Baina bai aurreikusita dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.
Irten al daiteke kontratu bat, agiri bat edo antzeko zerbait sinatzera?
Arrazoi justifikatu batengatik bada bakarrik, eta atzeraezina bada.
Pakete-banatzaileek zirkulatu al dezakete euren lana egiteko?
Bai, euren lan-jardueraren baitan.
Joan al daiteke odola ematera?
Bai, osasun-agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.
Joan al daiteke bigarren bizilekura?
Ez.
Bidaiarien garraio publikoa.
Era honetako garraioan Osasun Zerbitzuak ezarritako neurriak errespetatuko dira, eta bidaiarien artean gutxienez metro bateko distantzia gordeko da derrigorrean.
Etxe-aldaketako garraioak.
Bai. Profesionalek egiten badituzte, partikularrek inoiz ez.
Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke?
Bai.