Urtarriletik "esfortzu handia" egin dutela esan du Urkulluk, eta egunez eguneko kronologia azaldu

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko api. 2a, 19:46
Diputazio iraunkorraren bilkura. (Argazkia: Irekia)

COVID-19aren aurrean Eusko Jaurlaritzak hartu dituen erabakien berri eman du Iñigo Urkullu lehendakariak diputazio iraunkorraren bilkuran, EH Bilduk eskatuta. Lehendakariak urtarrilaren 22a ezkero hartu dituzten neurriak ekarri ditu gogora banan-banan.

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak aurpegiratu dio dagoeneko "ezaguna zen agenda publikoa" azaltzea besterik ez duela egin. Beste alderdietako ordezkariek "berandu ibiltzea" eta "gardentasun falta" leporatu diote.

Hiru fase 

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alboan izan ditu Nekane Murga Osasun sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua diputazio iraunkorreko bilkuran. Bere hizketaldian lau lehentasun izan dituztela esan du Urkulluk: osasun larrialdiari erantzutea eta epidemia gelditzea; pertsonak zaintzea, bereziki zaurgarriak; hezkuntzaren osasuna zaintzea eta jarraipena bermatzea; eta enplegua eta ekonomia babestea.

Orain arte egindako "ahalegin handia" nabarmentzeko Eusko Jaurlaritzaren erabaki eta ekintzen kronologia egin du lehendakariak, urtarrilaren 22tik hasita; "Euskadin koronabirusaren lehen kasua erregistratu baino hamabost egun lehenago". Kronologia hiru fasetan banatu du: Aurrea hartzea, Hedapena gelditzea eta Osasun larrialdia arintzea.

Aurrea hartzeko fasea urtarrilaren 22an hasi eta otsailaren 28an amaitu zela esan du. Txinako datuak ezagutu ostean, Osasun saila lanean hasi zela azpimarratu du, epidemia hona iritsiz gero zer egin antolatzen hasteko. Fase horretan, otsailaren 3an, kontingentzia eta prebentziorako lantaldea eratu zela ere gogorarazi du.

"Birusaren hedapena gelditzeko fasea" otsailaren 29an abiatu zuten, EAEn lehenengo positiboak agertu zirenean. Esan du egun bat geroago, martxoaren 1ean, koordinazio bilera bat egiten zuela Jaurlaritzak, eta martxoko lehen astean, krisi mahaia biltzen hasi eta herritarrei informazio eta aholkuak helarazteko kanpaina abiatu zela. Hurrengo egunetan, "adituek esandakoari jarraituz" neurri zehatzak hartzen hasi zirela gaineratu du eta horiek gogora ekarri ditu, esaterako, aurrez aurreko eskolak etetea. Ildo horretan, neurri asko hartzen "lehenak" izan zirela ere esan du.

Azkenik, krisiaren arintze fasea Osasun larrialdia izendatzearekin batera hasi zela azaldu du, martxoaren 14an. Horren baitan hartu dituzten neurriak azpimarratu ditu, besteak beste, 841 milioi euroko diru funtsa. Gainera, hartutako neurriak "zuzenak" izan direla esan du eta honakoa nabarmendu du:"Osasuna eta enplegua bateragarriak izan daitezke, eta hala izan behar dute".

Amaitzeko esan du "gardentasunez jokatu" dutela, egunero informazio guztia eskainiz eta "ondorio ekonomikoak eta sozialak arintzen saiatzeko" neurriak hartu dituztela. Pandemiaren "momentu okerrenean" gaudela ere esan du eta oposizioko alderdiei arduraz jokatzeko eskatu die.

EH BILDU

Maddalen Iriartek lanerako mahai komun bat eskatuz eman dio hasiera bere hizketaldiari: "Lidergo publikoaren beharra daukagu krisi honetan, inor atzean utzi gabe". Gainera, orain arte hartutako neurriei dagokienez lehendakariari esan dio "berandu eta gaizki" joan direla, eta eskatu dio hemendik aurrera zein neurri hartuko dituzten azaltzeko.

Osasun krisi honek gizartean eragin gogorra izango duela azpimarratu du Iriartek; "enplegua zaindu beharra" dagoela esan du, "baina osasuna lehenetsiz". Ildo horretan, osasun langileen babes neurri faltari buruz hitz egin du EH Bilduko ordezkariak eta OMEren gomendioei kasu egiteko eskatu dio lehendakariari. Gaineratu du ez dagoela "babes bitarteko nahikorik", ez ospitaletan, ezta adinekoen zentroetan ere.

"Oso posible da azken kutsatzeak lanean, aldageletan edo lanerako garraioan gertatu izana"

Azken egunetako datuei dagokienez, Iriartek esan du "konfinamenduan egon arren, egunero kontagio berriak" daudela eta Iñigo Urkulluri galdetu dio pertsona horiek non kutsatu diren. Maddalen Iriartek honako hau azpimarratu du: "Oso posible da konfinamenduan izandako azken kutsatzeak lanean, aldageletan edo lanerako garraioan gertatu izana". Hala, test gehiago egitea eta "bakartze neurri eraginkorrak" ezartzea eskatu du.

Bestalde, euskaldunentzako estrategia bat behar dela azpimarratu du Euskal Herria Bildu taldearen bozeramaileak; "hemen pentsatu eta sortua". Eta, elkarrekin lana egiteko gonbidapena egin dio lehendakariari.

EAJ

"Gakoa erantzunkidetasunean dago"

Joseba Egibarrek sistema publikoa ematen ari den "erantzun bikaina" azpimarratu du, baina gogoratu du hau ez dela amaitu. Horregatik "aurrera begirako pausuetan asmatu" egin behar dela esan du; etorkizunera begira "gaizki dagoena zuzendu" eta "ahul dagoena lagundu" behar dela nabarmenduz. Lehendakariak aurrez esandako hitzak gogora ekarriz, honakoa esan du: "Ikara eta izua sortu eta eragitea erraza da, baina gakoa erantzunkidetasunean dago".

Koronabirusaren testei dagokienez, nabarmendu nahi izan du "Alemanian eta Danimarkan baino test gehiago" egiten direla EAEn biztanleko.

PSE-EE

Jose Antonio Pastorrek esan du Pedro Sanchezek agindutako konfinamendua "eraginkorra" izan dela, eta lehendakariari esan dio ez dezala zalantzarik izan, "Espainiako Gobernuak jarritako baliabideak euskaldunenak ere" badirela.

Pedro Sanchezek agindutako konfinamendua "eraginkorra" izan da

Bestalde, kritikatu du "gauzak pasatu ostean", soluzioak ematen ari diren asko daudela: "Kapitain asko dago oraindik ere, a posteriori zer egin behar zen adieraziz". Gaineratu du, "birusa detektatzen lehenak" izan zirela, eta horrek neurriak lehenengo hartzera "behartu" zituela; beti "Espainiako Gobernuaren laguntzarekin".

ELKARREKIN PODEMOS

Jaurlaritzaren lana kritikatu du Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek: "Beti pauso bat atzetik joan zarete. Gobernuak bere kontserbadurismoa erakutsi du. Autogobernua bezain ahaltsua den tresna izan arren, ez du inolako alderik erakutsi gainerako autonomia erkidegoekiko". 

"Badirudi Confebaskek ez dituela ordezkatzen ETEak ordezkatzen"

Ezinbestekoak ez diren jarduera ekonomikoen itxieraz ere jardun du Martinezek. Azpimarratu du jakitun direla euskal ekonomiari ematen dion kolpeaz, baina neurri horiek "kutsadurak geldiarazten eta konfinamendua murrizten" laguntzen dutela azpimarratu du. Hala, lehendakariari gogorarazi dio Espainiako Gobernuak erabaki hori hartu aurretik, "sektore asko geldituta" zeudela dagoeneko; hala nola, ostalaritza. "ETEak gehienak" esan du, eta "badirudi Confebaskek ez dituela ordezkatzen".

Horren harira, lehendakariari leporatu dio neurri berria ezarri zenean, Jaurlaritzak "gidaritza hartu eta konfiantza eman" beharrean, "hitzaldi katastrofista" batekin atera zirela: "Hain ahula da 8 egun eusteko gai ez den ekonomia hori?".

PP

"Zergatik baztertu zenuten militarren laguntza?"

Carmelo Barriok planifikazioa falta leporatu dio Jaurlaritzari: "Inprobisazio handia eta ulertezina den harrokeria izan duzue". Gainera, Jaurlaritzari aurpegiratu dio birusaren hedapena ekiditeko neurriak aurrez hartu ez izana. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, martxoaren 8ko manifestazioak debekatu ez izana; eskolak itxi zirenean haurrak parkera joan ez zitezen neurriak hartu ez izana edota Espainiako Militarren laguntza baztertu izana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak