Enpresei ezarritako jarduera-irizpideak argitzen laguntzeko argibideak eman ditu Jaurlaritzak

Mirari Altube Arrese 2020ko api. 1a, 08:19

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak argibide-ohar bat bidali die enpresaburuen elkarteei, sindikatuen elkarteei eta industria-klusterrei, enpresei ezarritako jarduera-irizpideak argitzen laguntzeko, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretua indarrean sartu ondoren.

Idatzi baten bidez, Tapia sailburuak jakinarazi die Jaurlaritza jakitun dela "zailtasunak" izaten dabiltzala, eta esan die "garrantzitsua dela industria-inguruneetarako ezarritako segurtasun-protokoloa zorrotz aplikatzea". Jaurlaritzaren oharrean azaldu dute zein bereizketa dagoen Errege Dekretuak "funtsezko" lez sailkatutako jardueren artean. Era berean, argitu dute zein aukera dagoen funtsezko moduan sailkatuta egon ez arren hornidura-katekoak diren eta funtsezkotzat kalifikatutako zerbitzuak behar bezala emateko ezinbestekoak diren enpresen jarduerari eusteko.

Gutxieneko jarduera

Ezinbesteko gutxieneko jarduera honela definitu du Jaurlaritzak –Ekonomia Gaietarako lehendakariorde Nadia Calviñok atzo iragarritakoaren ildotik–: "Enpresari barne-egoera optimoa eta ekoizpen-jarduera nahikoa mantentzea ahalbidetzen diona, eta jarduera ixtea eragin dezaketen egoera traumatikoak (eskaeren galera, kontratuak ez betetzeagatiko zehapenak, etab.) saihestea ahalbidetzen diona".

Jaurlaritzaren oharrak industria elektrointentsiboari ere egin dio erreferentzia "bereziki garrantzitsua" EAEn: "Sistema elektrikoaren hornidura eta egonkortasuna bermatzeko beharrezkoa den industria elektrointentsiboa ezinbestekoa izango da; horren barruan agertzen dira, besteak beste, metalurgia eta burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioa".

Antolaketa protokoloa

Era berean, enpresei aholkatu die antolaketa-protokolo bat egitea, enpresa bakoitzak "ezinbesteko gutxieneko jarduerari" eusteko arrazoiak jasoaz. Protokolo horretan, baimen ordaindu berreskuragarria hartu behar ez duten eta, beraz, beren lanpostuetara joan behar duten enpresako pertsona espezifikoak zehaztu beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak