IGO AUTOBUSERA!

Kepa Errasti: "Igogailuak bi geldialdi ditu bakarrik: zerua eta infernua"

Mireia Bikuña 2020ko mar. 30a, 15:14

Martxoaren 20an kaleratu zen Ttap aldizkari digital eraberritua. Gipuzkoarako, Bizkairako eta Nafarroarako edizio bakarra egiteaz gain, berrikuntza handiak ditu diseinuan eta maketazioan. Baita edukietan ere. Horietako bat da Gorabeherak websaila. Horri buruz egin du berba Errastik Arrasate Irratian.

Zergatik erabaki zenuen kontakizuna igogailu batean egitea?

Ttap aldizkariko arduradunek egin zidaten proposamena. Eurek garbi zuten umorezko saila izan behar zuela eta igogailu baten kokatu behar zela. Bi premisa horiek kontuan hartuta hasi nintzen ideia garatzen, hasieran, eta gidoiak idazten, ostera.

Igogailu oso berezia da?

Bai. Igogailuak bi geldialdi bakarrik ditu: goia edo behea. Beste modu batera esanda, zerua edo infernua. Gainera, igogailu horretan sartzen diren pertsonak dagoeneko hilda dauden pertsonaia ezagunak dira. Erraz identifikatzen diren pertsonaiak, alegia. Sailaren kapitulu bakoitzean, igogailuan egiten duten bidaiatxoaren nondik norakoak kontatzen dira.

Bi aktorek diharduzue: Nerea Arriolak eta zu zeuk.

Hala da. Nik pertsonaia bakarra hezurmamitzen dut: igogailuko langilea. Egun, ez da figura hori existitzen. Baina garai batean, atea zabaldu eta solairura laguntzen zizun langilea zegoen. Beste pertsonaia guztiak Nerea Arriolaren ardura dira. Sekulako lana egin du.

Zergatik aukeratu zenuen Arriola?

Nire ikasle izan zen Donostiako Arte Eszenikoen tailerrean. Aktore ona da, langilea, oso ausarta eta vis komiko handia duena. Gainera, gura nuen emakumezko bat izatea pertsonaia horiek guztiak bere gain hartuko zituena. Erronka handia zen, baina banekien onartu egingo zuela.

Zalantzaren bat eduki zuen?

Ez [barreak]. Esan dut oso ausarta dela. Ez dauka lotsarik, eta segituan onartu zuen proposamena. Gainera, lan handia egin du pertsonaiak prestatzen. Bideo asko ikusi ditu: ibilkerak, hitz egiteko moduak, gorputz espresioak... Era berean, ikusgarria izan da pertsonaien karakterizazioa: makillajea, ile-apainketa... Pertsonaia bakoitza karakterizatzeko pare bat ordu behar izan zituzten.

Bost pertsonaia igoko dira igogailura. Nola aukeratu zenituen?

Bereziki, esketx baterako jokoa eman ahal zutenen bila joan nintzen. Euskaldun pertsonaia ikonikoak gura nituen, baina baita atzerritarrak ere. Eta, ahal zen neurrian, gizonezkoak eta emakumezkoak. Azken hori izan da zailena. Umorezko saila izanda, barre gustura egingo zenuten. Bai, eta hori arazo izan da uneren batzuetan. Alde batetik, egun bakarrean grabatu genituelako atal guztiak, eta karakterizatzeko bina ordu behar zituelako Arriolak. Beraz, ez genuen galtzeko denbora askorik. Eta, beste alde batetik, plano eta sekuentzia bakarrean grabatu dugulako esketx bakoitza. Hortaz, ezin genuen akatsik egin, ez zegoelako editatze lanik.

Bost atalen ostean, jarraipenik izango al du?

Oraindik ez dakigu ezer, baina, badaezpada, ni hasi naiz pertsonaia berrietan pentsatzen.

Alarma egoeran denbora izango duzu horretarako, eta askoz gehiagorako.

Ba, bai. Badihardut gauza batzuk idazten. Bereziki, ekainean hasi beharko genukeen proiektu baterako gidoia bukatzen nabil. Bada, aurretik, astebete hartu dut ezer egin barik egoteko. Eta, posible da hori ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak