EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegiren arabera, "aspaldi" eskatu zuten erabateko konfinamendua: "Aspalditik aldarrikatzen ari ginen neurri hau berandu dator. Pena handiz esan behar dut Hego Euskal Herriko eragile ekonomikoek, sindikalek eta instituzionalek erabaki burujabe bera hartzeko aukera izan dutela". Domeka eguerdian telematikoki emandako agerraldian, azpimarratu du Madrilgo Gobernuak hartu duela erabakia: "Inprobisatzen ari diren sentsazioa dugu, Madril eta Gasteiz berandu eta gaizki ari direla. Baten batek esango dit eskuduntza ez dela gurea, baina herri honetan sor genezake alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelako eragileak batuko dituen mahai bat; erantzukizunagatik eskatzen dut".
EAJk "sorpresa eta kezka" erakutsi ditu Sanchezen azken neurriagatik, eta aldez aurretik abisatu ez izana salatu dute: "Gure harridura adierazi nahi dugu Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak geldiarazteko neurria hartzeko eta jakinarazteko izan duen moduagatik, horiek zeintzuk diren zehaztu gabe eta oinarrian dituen adituen irizpideak zehaztu gabe". Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakariak gutun bat helarazi dio Sanchezi eta bertan eskatzen dio, besteak beste, autonomia erkidego bakoitzak erabaki dezala ze jarduera eten. Domeka arratsaldean egindako agerraldian, Maria Jesus Montero eledunak erantzun dio Urkulluri, esanez Madrilek ezin dituela "desberdintasunik egin" erkidegoen arabera.
Debagoienean nagusi den ELA sindikatuaren arabera, "neurri ona" izan arren ezin da zama guztia langileen klasean jarri. "Albiste ona da Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko hartutako erabakia. Gogoratu behar da ELAk neurri hori eskatu duela azken asteetan, zientzialariek aholkatzen zuten bezala. Horregatik, uste dugu osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratzen duen neurri positiboa dela. Hala ere, neurri horiek ezin dute langileak kaltetu, ezta hainbat sektoretako pertsonen artean diskriminaziorik sortu ere. Beraz, iragarritako ordaindutako lizentziaren baldintza zehatzak ezagutzen direnean baloratuko dira".
Euskal enpresarien ordezkari den Confebasken ustez "oso larria" da neurria: "Euskal enpresen jarduerari kalte itzelak eragingo dizkio, eta krisia areagotu eta errekuperazioa nabarmen zailduko ditu". Gaineratu dute, besteak beste, azken erabaki hau ez datorrela bat Gobernuak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin (ERTE) eta tankerako "malgutasun neurriekin".