Dagoeneko 100 kasu positibo daude Debagoienean; horietatik 49 Arrasaten

Maialen Santos 2020ko mar. 28a, 13:36

Kutsatutakoen kopuruak goraka jarraitzen du Debagoienean, bereziki Arrasaten; dagoeneko 49 kutsatu atzeman dituzte detekzio probetan, atzo baino 10 gehiago. Oñatin hiru kasu berri daude. Bergaran eta Aretxabaletan bina kasu gehiago identifikatu dituzte, eta Eskoriatzan bakarra. Gainontzeko herrietan ez dago baieztatutako gaixo berririk. Honenbestez, Debagoienean denera 100 pertsona dira positibo eman dutenak gaur gaurkoz. 

Osakidetzak atzoko 20:00ak arteko datuak jakinarazi ditu, hala, EAEn COVID-19 gaitza duten 535 kasu berri daude eta baieztatutako kasuak, guztira, 5.136 dira dagoeneko.

Bizkaian 2.463 kutsatu daude, horietatik 277 positibo berriak dira eta 1.087 lagun daude ospitalean. Araban 1.779 positibo zenbatu dituzte guztira, horietatik 169 kasu berriak dira eta 345 pertsona ospitalean daude. Gipuzkoak atzetik jarraitzen du, 894 kasu positibo daude guztira, baina 89 positibo berri egon dira. Gainera, Gipuzkoan, 290 gaixo daude ospitalean, horietatik 24 Arrasateko ospitalean.

Datu positiboei dagokienez, 185 alta egon dira dagoeneko EAEko ospitaletan, horietatik hamabi Arrasaten. Guztiz sendatutakoei dagokienez, 1.023 pertsona daude erregistratuta orain arte.

Gainera, COVID-19 gaitzak hildako pertsonen kopurua 241era igo da, 34 kasu berri egon dira EAEn. Bestalde, dagoeneko ia 12.665 detekzio proba baino gehiago egin dituztela jakinarazi du Osakidetzak, horietatik 1.778 atzo.

Datuak herriz herri

Herriak Positiboak
Arrasate 49
Aretxabaleta 16
Oñati 13
Bergara 12
Eskoriatza 7
Antzuola 2
Aramaio 1

EAEn kutsatutakoak adin tarteka

Adina Positiboak
0-9 19
10-19 35
20-29 233
30-39 475
40-49 783
50-59 977
60-69 916
70-79 836
80-89 620
90 urte edo gehiago 242

Osakidetzako informazio buletina osorik ikus dezakezu hemen

COVID-19.eus app berria

Nekane Murga osasun sailburuak gaur goizeko agerraldian jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Erictel enpresak elkarlanean COVID-19 gaitzari jarraipena egiteko aplikazio bat sortu dutela, COVID-19.eus.

Azaldu duenez, prebentzioa, detekzioa eta gaixotasunaren jarraipena egitea ahalbidetuko du app berriak. Hiru helburu zehatz beteko ditu: alde batetik, sare soziala izatea; bigarrenik, koronabirus kasu posible berrien jarraipena egitea; eta azkenik, epidemiaren mapa zehatzago bat lortzea. Hala, erabiltzaileei osasun egoerari buruzko galderak egingo dizkie app-ak, baita gomendioak eman ere. 

COVID.19.eus aplikazioa App Store edo Play Store-n deskargatu ahal izango da aurrerantzean. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak