Haurdun dauden emakumeak artatzeko ere, neurri berriak

Amaia Aranegi 2020ko mar. 27a, 13:57

COVID-19a duten gaixoak artatzeko egokitze lanak egiten ari dira Debagoieneko ospitalean. Ondorioz, erditze gelak itxi egin dituzte eta ama berriak Zumarragako ospitalera bideratu dira. Bestelako kontsultak emaginak egiten jarraitzen du.

COVID-19ak eragindako aldaketak haurdun dauden emakumeengan eta umea eduki berri duten amengan ere izan du eragina. Izan ere, Debagoieneko Ospitalean gaixoak artatzeko egokitze lanak egiten ari dira eta anbulatorioan pertsonak artatzeko murrizketak egon dira. Hala ere, haurdun dauden amek kontsultak izaten jarraitzen dute. Joana Galan arrasatearra haurdunaldiaren 36. astean dago eta aste honetan azken ekografia izan du: "Asteazkenean azken ekografia izan nuen. 12:00etan neukan, baina 09:00etara aldatu zidaten, jendea ez pilatzeko. Ekografia normaltasunez egin zidaten, baina momentu oro osasun-langileek prebentzio neurriak errespetatuz". Haurdunaldiaren azken txanpan dago, erditzerako prestaketa saioak bertan behera gelditu dira eta etxean dihardu ariketa desberdinak egiten: "Erditzeko aurreko klaseetan geundenok Whatsappen talde bat daukagu eta emaginak egunero guk etxean egiteko ariketak bidaltzen dizkigu. Gainera, emaginarekin edozein momentutan telefonoz hitz egiteko aukera daukagu". Galani jada esan diote larrialdi bat ez izanez gero Zumarragan erditu beharko dela: "Gogorra izango da ospitalean familiaren bisitarik ez jasotzea. Aitona-amonak ere irrikan daude biloba ezagutzeko, eta gogorra da familiarentzat ere. Gure familian lehena izango da eta bideo dei bidez ikustea zaila izango da".

"GOGORRA IZATEN ARI DA FAMILIAREKIN HARREMANA BIDEO DEI ETA TELEFONO BIDEZ IZATEA"

 

"ERDITU OSTEKO KONTSULTAK TELEFONOZ EGIN DITUT, EZ DUT ARAZORIK IZAN"

Kontsultak, telefonoz

Nerea Lertxundik martxoaren 16an izan zuen umea Debagoieneko Ospitalean. Erditzean, emaginak eta laguntzaileak maskarak jarrita zeuzkaten, baina prozesua normaltasunez izan zen: "Nire kasuan, bigarren umea denez, uzkurdurak etxean jasan nituen eta ospitalera bost eta sei zentimetroko dilatazioarekin joan nintzen. Erditze azkarra izan zen". Erditze osteko gimnasia saioak ere bertan behera gelditu dira eta Lertxundik ere etxean dihardu ariketak egiten. Emaginarekin kontsultak, aldiz, telefonoz egiten ari da: "Nire kasuan, ez dudanez arazorik izan     eta ondo nagoenez, telefonoz ari naiz emaginarekin hitz egiten. Umearen kasuan, astelehenean astebete bete zuen eta osasun azterketa egitea tokatzen zitzaion. Anbulatoriotik deitu ziguten esanez bertako bi pediatrak koronabirusarekin kutsatuta zeudela. Beraz, Bergarara joateko aukera eman ziguten. Umea ondo ikusten genuen, pisua ondo irabazten zegoen, eta, umea arriskuan ez jartzeko, osasun azterketara ez joatea erabaki genuen. Beste pediatra bat ekarri zuten Oñatiko anbulatoriora, baina ez eramatea erabaki genuen. Nire ama eta ni erizainak gara eta 15 eguneko osasun azterketara itxarongo dugu". Lertxundiren kasuan dena ondo joan da, eta familiak bideo dei bidez eta argazkien bitartez ezagutu du kide berria, eta haurdun daudenei positiboan pentsatzeko esan die: "Lasai egotea garrantzitsua da, ospitaleak egoerara moldatzen ari dira eta amatasun unitatea isolatuta dago".

"Momentu hauetan gezur asko entzuten dira"

"HAURDUN DAUDEN EMAKUMEAK LASAITASUN OSOZ EMAGINAREKIN HITZ EGITERA ANIMATZEN DITUT"

  

MIRARI BIKUÑA OÑATIKO OSASUN ETXEKO EMAGINA

Zein da momentu honetako egoera?

Ama berriak Zumarragako ospitalera bideratuko dira, baina haurdunaldiko kontsultak mantendu egiten dira. Aurrera begira, beharbada, ezinbestekoak ez diren kontsultak bertan behera geldituko dira. Baina, momentuz, emaginarekin haurdunaldiko kontrolak edo ginekologoarekin bestelako kontsultak mantendu egiten dira.

Eta haurdunaldiarekin zerikusirik ez duten kontsultak?

Osakidetzak programa bat dauka martxan, zitologiak egiteko, eta horiek, adibidez, bertan behera uzten ari gara. Eta beste kontsultak telefono bitartez erantzuten ari gara, eta, anbulatorioan ikusi beharreko zerbait dela ikusten badugu, anbulatoriora gerturatzeko esaten diegu.

Zein aholku ematen diezu haurdunaldiaren azken fasean dauden emakumeei?

Ariketa fisikoa egitea oso garrantzitsua da, eta etxean ariketak egitea gomendatzen diet; gainera, deskonektatzea lortzen da horrela. Erditzea prestatzeko eta ondoren datorrenean prestatzeko material asko dago, eta horretan entretenitzeko gomendatuko nieke.

Haurdunaldi aurreko eta ondorengo gimnasia klaseak bertan behera gelditu dira?

Bai. Inprobisatu egin behar izan dugu. Momentu honetan, posta elektronikoz informazioa bidaltzen diegu. Aurrera begira, bideo-deiak egiteko aukera planteatzen ari gara.

Haurdun dauden emakumeentzako arrisku faktorea da COVID-19a?

Ez; momentu hauetan haurdun dauden emakumeek ez daukate arrisku gehiagorik. Azterketa desberdinak daude eta inon ez da ondorioztatzen haurdun egoteak arrisku gehiago duenik. Egia da azterketa gutxi daudela, baina, oraingoz, ez dago frogatuta horrelakorik.

Nolakoa da erditzea artatzeko protokoloa?

Erditzea berdina da, baina neurriak hartuko dira erditzea artatzen ari diren osasun-langileak babesteko. Desberdintasuna ama kutsatuta egongo balitz izango litzateke. Kasu horretan, kutsaduraren maila aztertu beharko litzateke. Sintoma asko ez baldin baditu, erditu ostean umea amarekin geldituko da eta titia emateko arazorik ez da egongo. Nahiz eta kutsatuta egon, maskara batekin ama eta umea elkarrekin egongo dira. Amak sintoma asko edukiko balitu, zailtasunak izango balitu eta zainketa intentsiboetako unitatean egongo balitz, bai egongo litzateke amaren eta umearen arteko banaketa.

Ospitaletik irteterakoan, berriz, presentzialki harremana izaten jarraitzen duzue?

Emakumearen arabera da. Erditu ostean emakume batzuek ez dute arazorik izaten eta telefono bidezko harremana nahikoa izaten ari da. Beste batzuekin, adibidez, jaioberriek pediatrarekin astebeteko azterketa egiteko bidaia aprobetxatzen ari gara gurekin egoteko.

Zer esango zenieke haurdun dauden emakumeei?

Normala da urduri egotea, baina edozein zalantza izanez gero hauek argitzeko lasaitasun osoz emaginei deitzeko esango nieke. Gu beraiendako gaude, beraientzako sostengua izatea nahi dugu eta egoera hau ahalik eta lasaien eta ondoen pasatzea nahi dugu guk eman ahal diegun informazioarekin. Guk momentu honetan daukagun informazioarekin lasaitu ditzakegu. Gainera, momentu hauetan, gezur asko entzuten dira eta horrek ez du askorik laguntzen. Beraz, hauek guztiak konfirmatzeko edo gezurtatzeko, beldur barik dei dezatela. Gainera, beraien lasaitasunerako, entzuten diren gauza guztiekin deskonektatzea ere garrantzitsua da. Erditzearen prozesuari dagokionez, guztia berdina da eta ez daukate zertan arriskurik izan; beraz, lasaitasun mezua igorri nahi diet.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak