Osasuna lehenesteko beharrak albo-kalteak ekarriko ditu ekonomiara

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 27a, 12:35

(Argazkia: piqsel)

Geldialdi egoerak sektore ia guztiak kolpatu ditu une berean, baina, adituen arabera, enpresari txikiak, autogintza, turismoa eta makina-erreminta izango dira kalte handienak jasango dituztenak; geldialdia zenbat luzatzen den ere izango da gako nagusietako bat.

Koronabirusak eragindako krisiaren aurretik jada entzuten zen atzeraldi ekonomiko berri baten mamua zetorrela: brexit -a zela, AEBen gerra komertzialak Txinarekin, Europarekin... Horri guztiorri Koronabirusak eragin duen geldialdi efektua gehituta –lehenik Txinan, eta gero Europan eta ia mundu osoan–, ziurtzat jo daiteke atzeraldi baten aurrean dagoela mundu ekonomia. Atzeraldi bat gertatzen den bakoitzean, aurreko atzeraldiekin konparatzeko ohitura oso hedatua dago. Kasu honetan, ia saihestezina da 2008koarekin alderaketarik ez egitea, berriki pasatu den gaitz bat delako. "Iragartzen ari ziren Mendebaldeko finantza krisia orain lehertzen bada, eraginak 2008ko krisiaren antzerakoak izan daitezke, batez ere, iraupen aldetik" azaldu du Ekai Centerreko ikerlari Adrian Zelaiak. Egoera horretan, indar gutxien dutenek sufrituko dute gehien, eta horien artean daude, zalantzarik gabe, herri komertzioetako jabeak eta bestelako autonomoak. Eurak izan dira pertsiana jaisten eta diru sarrerak eteten lehenak, eta jada egin dituzte lehen estimazioak. Konfinamendu egoera gehiago luzatzen ez bada, batez beste, komertzioko 7.500 euroko galerak izango dituztela azaldu du Arrasateko Ibai-arte elkarteak. Hori, gastu finkoei dagokienez, stocka ez saltzeagatik izan ditzaketen galerak zenbatu gabe.

Epe motzean, bereziki, egongo dira kalte gehiago jasango dituzten beste sektore batzuk. Airelineak eta turismoarekin lotutako adar guztiak dira garbienetako batzuk, baina badaude gehiago. "Autogintza eta makina-erreminta oso geldituta daude. Horiek dira gehien sufrituko dutenak. Zerbitzuetara bideratutako negozioek, unibertsitateek kasu, askoz gutxiago sufrituko dute, distantziara zerbitzua emateko askoz prestatuagoa daudelako", azaldu du Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik.

Estatuek hartutako neurriak

Egoera honen aurrean, Europako estatuak hasi dira, bakoitza bere erara, hartu beharreko neurri ekonomikoak aplikatzen. Krisi honek gogorren jo duen Europako estatua Italia da. Giuseppe Conti lehen ministroak, adibidez, beharrezkoak ez diren aktibitate ekonomiko guztiak gelditzeko erabakia hartu du, ahalik eta kutsatze gutxien edukitzeko. Horrez gain, bi hilabeteko epean langilerik ez kaleratzeko dekretu bat onartu du eta maiatzaren 30era arte zergak bertan behera uztea erabaki, gizarte segurantzako kontribuzioak barne. Azkenik, 25.000 milioi euroko dirulaguntza lerro berezi bat aktibatu du.

Espainiaren kasuan, 200.000 milioi euroko plan bat iragarri zuen Pedro Sanchezek, hamaika neurrirekin. Akzio multzo horren baitan daude, besteak beste, hipotekak ordaintzeko kuotetan luzamenduak eskatzeko aukera –koronabirusa dela-eta dirusarrerak gutxitu zaizkienei edo horren eraginez langabezian geratu direnei–, luzapenak ura, gasa eta argia ordaintzeko kolektibo zaurgarriei, pertsona nagusiak, kalean bizi direnak eta menpekotasuna dutenak zaintzeko 300.000.000 euro, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak azkarrago tramitatzeko neurriak eta kasu horietan langabezia prestazioa jasotzeko aukera, nahiz eta hori kobratu ahal izateko legeak ezartzen duen gutxieneko kotizazio epea ez bete.

Frantzian, adibidez, 300.000 milioi euroko abalak eskaini eta enpresentzako eta autonomoentzako 45.000 milioi euroko laguntzako lerroa jarri du martxan Emmanuel Macronek. Zergen eta gizarte segurantzaren ordainketak atzeratuko dizkie, eta larrialdietan dauden enpresei uraren eta argiaren gastuak ordainduko dizkie; aipatutako partida zulo horiek estaltzera bideratuko du, nagusiki. Horrez gain, 1.000 milioi euroko solidaritate funts bat jarriko du milioi bat eurotik beherako fakturazioa duten ekintzaileentzat, enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.

Alemaniak, esaterako, 48.000 milioi euroko laguntzak onartu ditu, oraingoz, aurrerago 35.000 milioi gehiagorekin hornitzeko aukerarekin. Neurri horrekin, azken urteetan eduki duen zero defizit politika hautsiko luke. Enpresei kredituak errazteko eta kaleratzeak oztopatzeko neurriak ere hartu dituzte.

Burtsen jaitsiera

Geldialdi ekonomikoa Europara iritsi aurretik, mundu mailako burtsa gehienak jaitsiera nabarmenak edukitzen hasi ziren. Otsailean hasi ziren galera joerekin, baina martxoaren 13an goia jo zuten. Espainiako Ibex35 indizeak, adibidez, historian edukitako jaitsiera handiena izan zuen egun hartan; 6.390 puntuko galera, eta %14,06ko beherakada. Lehman Brothersen porrotak, brexit-ak edo arrisku primen garairik latzenek ez zuten halako jaitsierarik eragin. Baina ez zen Madrilgo burtsaren kasu isolatua izan. New Yorkeko burtsak ere 1987tik izandako galera handienekin itxi zuen, Dow Jones indizeak %10 behera eginda. Hala azaldu du egoera Joseba Barandiaran BBVAko adituak: "Burtsa merkatuek, normalean, etorkizunaren kalkulua egiten dute, eta, batzuetan, joera handia dute, onerako edo txarrerako tendentziak esajeratzeko. Esango nuke ere jaitsiera horren atzean espekulazio puntu handi bat dagoela, eta batek baino gehiagok diru asko irabazi duela horrekin. Baina geldialdi produktibo hau ez bada orain estimatutako baino gehiago luzatzen, burtsak euren onera itzuliko direla uste dut, orain arte etekin ekonomikoak eragiteko gaitasuna duten enpresek, gaitasun hori izaten jarraituko dutelako, gutxi asko". Aste honetan hasi dira Burtsak egoerari buelta ematen, eta martxoaren 24an igoera nabarmenak eduki dituzte: Ibex-35ek %7,84 egin zuen gora, esaterako, eta Europako burtsek itxi orduko, % 9,8 Dow Jones-ek.

Petrolioa, merke-merke

Petrolioaren prezioa momentu ekonomikoari tenperatura hartzeko neurgarri baliagarria izaten da, eta une honetan, azken hiruzpalau urteetako preziorik merkeenetara itzultzen ari da. Herritarrentzako Brent upelaren prezioa ez da adierazgarria, agian, baina gasolindegietan diesel litroaren prezioa euro baten azpitik ikustea, ordea, bai. Egoera honetara iristeko bi arrazoi garbi antzematen ditu Joseba Barandiaranek: "Herritarrak etxean konfinatuta dauden honetan, eta sektore asko ia geldi egonda, petrolioaren eskaria asko jaitsi da, eta hori da prezioa merkatzearen arrazoi logikoetako bat. Baina, bestalde, Arabiaren eta Errusiaren arteko gerra komertzial bat dago une honetan, petrolioaren merkatuan. AEBetako fracking bidezko petrolioaren upela 50 dolarreko preziotik gora funtzionatzen ari da, hori baita errentagarri izateko behar duen gutxieneko salmenta prezioa. Horren aurrean, Errusiak eta Arabiak euren eskaintza handitu dute, merkatuan duten pastel zatia handitzeko ahaleginetan, eta, horren ondorioz, prezioa amildu egin da. Hala ere, ez dut uste denbora luzez edukiko dituztenik prezio baxu horiek. Eskaria handitzen den unean, ziur aski, prezioak igoko baitituzte berriz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak