Bakarrik hiltzea, bi aldiz mingarri, eta dolua ere, baldintza berezietan

Julen Iriondo 2020ko mar. 27a, 12:16
COVID-19arekin hildakoetako baten oroimenez Oñatin jarritako kandela. IÑIGO MENDIA

Beilatokian elkartzeko aukerarik gabe, hileta edo bestelako agur zeremoniarik egin ezinda, laztanak eta besarkadak falta... gertukoen heriotzari bestela aurre egin beharra ere eragin du COVID-19ak; eta bakardadean hiltzera kondenatu du hainbat.

Ezohikoa da egoera, ezohikoa bezain gogorra, egunotan senide edo lagunen bat galdu dutenentzat, izan koronabirusaren ondorioz edo beste edozer dela arrazoi. Koronabirusagatik izanez gero, gertukoek hil hurren dagoenarekin egon ere ezin, haren azken momentuetan; motiboa beste bat izanez gero ere, ez beilatoki, ez elizkizun, ez bestelako zeremoniarik, gertugertukoen agurra –zenbait kasutan–, ez besterik.

Bergarako Oroilore ehorztetxeko Maribi Mujikak, egoera zertan den; aurreko domekakoak direla jarraitu beharreko protokoloan azken erabakiak: "Ez hiletarik, ez beilatokirik, inorentzat". Aurretik, COVID-19aren ondorioz hildakoekin jokatu behar zen horrela; domekatik, denekin: "Beste arrazoi batzuengatik hil direnen kasuan, lau pertsona egon zitezkeen beilatokian, gertukoenak, baina domekatik aurrera denak sartu dituzte zaku berean: ezin dugu gorpua prestatu, ez dago beilarik, heriotzatik 24 ordu pasa aurretik eraman behar da gorpua erraustera edo hilobiratzera".

Gertukoek ezin maite zuten hura nahi bezala agurtu, eta hori da latzena; baina beilatokiko kideek eurek ere ezin nahi luketen moduko samurtasunez hil berri den pertsona hori tratatu, ohi duten eta nahiko zuketen bezala. Baina, ahal duten heinean, ari dira: "Kandela batekin, musika bereziarekin...". Familientzat ere nolabaiteko kontsolamendu izan badaiteke...

Labur eta jende gutxirekin

24 ordu baino gutxiagoan, hildakoa hilerrira –edo erraustera–, beraz. Hiletarik ez –ez bestelako zeremoniarik ere–; lur eman aurretik "zenbait otoitz eta kantu", besterik ez. Hala azaltzen du Oñatiko parroko Horazio Argaratek: "Ohitura handia dago oraindik, Oñatin, hildakoari lur emateko; oraintsu izan ditugun heriotzetan, familiako gutxi batzuekin eman diegu lur hilerrian. Ehorztetxekoek ekartzen dute zerraldoa, hilerriko langileek sartzen dute barrura, kaperan bildu, denok sakabanatuta, zenbait otoitz eta kantu egin, eta lur ematera". Zerbait, behintzat.

Bi senideren testigantzak

Ama hil, eta "maite dituzunak besarkatu ezin, maite zaituztenak; ama maite zutenak"; etxekoez aparte, inorekin egon ezin: "Nire bizitzako asterik gogorrena izan da", dio 87 urteko ama galdu berri duen Arantxa Muñoz bergararrak.

Iktusa izan zuen amak, baina Donostiara ospitalera eraman, eta bi biriketan pneumonia zuela ikusi zuten medikuek; isolatu egin zuten, badaezpada: "Domekatik astelehenerako gauean ospitaleratu zuten, eta eguaztenera arte ezin izan nuen berarekin egon". COVID-19aren proban negatibo eman zuen egin zioten bi aldietan; azkenerako, egin ahal izan zion lagun: "Nik izan nuen agurtzeko aukera, berarekin egon nintzen azken unera arte; hitz egin nion, ukitu egin nuen, eskutik heltzeko aukera izan nuen, pribilegiatua sentitzen naiz. Badago jendea bakar-bakarrik hil dena, ez senitarteko, ez inor; ezin agurtu, oso gogorra da hori, oso hotza".

EGOERA HONEKIN NORBANAKOON LEHENTASUN ESKALA ALDATZEA ESPERO DU MAITE URZAINEK

Pribilegioa pribilegio, baina, behin ama hil ostekoa izan da hoztasuna: "Ospitaletik erraustera eraman zuten ama zuzenean". Eta berak, besarkadak falta, samurtasuna: "Hori bai, telefonoz-eta egon gara jende askorekin, baina halakoetan aurrez aurrekoa behar da. Gogorra izan da jendearekin kontakturik eduki ezina, egoera berezi honetan, gainera; gogorra izan da, baita ere, amak elizan sartu ezin izana, oso sinestuna zen". Hau dena pasatzen denean egingo diote hileta, hori bai.

Gauza bera egingo dute Eider Gabilondok eta sendikoek –Ur handitan saioan eman du testigantza, astean–. COVID-19arekin Gipuzkoan positibo eman zuen lehen pertsona izan zen aretxabaletarra. Bera ondo dago –oraindik isolatuta–, baina aita galdu du, birusak jota –ez dakite alabagandik jaso zuen edo Txagorritxun, beste gaixotasun bat ere bai baitzuen–: "Bakar-bakarrik hil da aita, eta hori da gogorrena eta guri min handien egin diguna, niri eta familiari", dio. Bizitzako azken egunetan ezin izan zuen inor aldamenean eduki; eta bakardadean bihurtu zen hura ere errauts.

Esperantzarako zirrikitu bat

Ohiko bideetatik ezin, eta sufritzen ari direnei elkartasuna eta beroa adierazteko beste modu batzuk bilatu beharra azpimarratu du, berriz, erizaina izateaz gain doluan aditu ere baden Maite Urzainek Hemen Debagoiena saioan. Horixe egin dute, esaterako, Oñatin, COVID-19arekin hil diren lehen bi herrikideekin: balkoietara irten eta kandelak eta telefonoen argiak pizteko dei egin zuten.

Heriotza pairatu dutenen gertukoenei dagokienez, berriz: "Agian, guk izan behar dugu lagun horri edo senitartekoari deituko diogunak, beti euren nahia eta beharra errespetatuz; momentu horretan, ez soilik mezu bat bidali, baizik eta bideo dei bat egitea ondo dago, eta esatea eurekin gaudela, besarkadak bidaltzea", zioen Urzainek, bere burua besarkatuz.

Hau guztia bukatzen denean, norbanakoon balioetan, lehentasunetan, aldaketarik igarriko ote den da, aurrera begira, egin ahalko litzatekeen galderetakoa bat; baietz espero du Urzainek: "Egoera honek jarri gaitu parez pare gaixotasunarekin, parez pare heriotzarekin, eta, inoiz baino gehiago, bizitzari nahi diogu heldu. Nolako gogoa dugun denok kalera irten eta lehen ematen ez genituen besarkada horiek emateko, maitasun adierazpen horiek egiteko. Nik esperantza hori dut: hemendik irteten garenean, gure lehentasunak bizitzan apur bat orekatzea eta pisua jartzea benetan jarri behar dugun lekuan". Ez utzi laztanik eiteke, dio kantuak; bada, horixe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak