Baldintza zailagoetan lanean, premiazkoa den informazioa helarazten

Miren Arregi Amasorrain 2020ko mar. 27a, 11:48

Hedabideetako audientziek ikaragarri egin dute gora eta herritarrak informatzea premiazko ondasuna izaten jarraitzen du; hala ere, hedabideek baldintzatuta eta publizitatearen jaitsiera nabarmenak kolpatuta egin behar dute aurrera.

Ez dira bizi izandako garairik onenak, hori argi dago. Osasun krisia dago lehen lerroan eta hari atxikita ekonomikoa, ahaztu barik etxe eta familia askotan bizi duten krisi emozionala eta gizarte eta sistema bezala ere bizitzen ari dena. Ez dira, ez, garai onenak, ez dago zalantzarik. Halere, txarretatik gizakiak badaki ona ere ateratzen eta oraingo honek egunero uzten ditu horrelakoak ere. Herritarren elkartasun oihuak, txaloak, ekintzak; osasun langileak egiten ari diren lana; herritarren oinarrizko beharrak aseta egon daitezen lanean diharduten dendari, garraiolari, garbitzaile, eta abarrena, eta baita, egunero eta une oro, herritarrei informazio fidagarria helarazteko lanean diharduten hedabideena eta haiek herritarrengana iristeko ezin-besteko diren banatzaile eta kioskoko saltzaileena. Alarma egoeran ere, kazetaritza premiazko jarduera da. Informazioa oinarrizko eskubidea da. "Legeak babesten du kazetaritza jarduera. Baina ez dago legeak esan beharrik inportantziaz jabetzeko", dio Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabalek. Informatuta egotea premia biziko ondasuna da, eta inoiz baino gehiago ba-loratzen da orain hedabideen zerbitzu publiko izaera, inoizko demandarik handiena dagoen unean. "Informazioa eta zerbitzua ematen ditugu. Ogia edo janaria erostea ez dago zalantzan, ezta hedabideen lana ere", argitu du Arantzabalek. Berria egunkariko zuzendari Martxelo Otamendirentzat ere hedabideen lana lehen lerrokoa da, "kalitatezko informazioa ematea da, interes-garria, gizarteari zerbitzu ona eskaintzea; eta arduraz jokatuta, oso gai sentsiblea delako". "Ahalegina ikaragarria da", dio TOKIKOMeko Joxe Rojasek: "Kikildu eta murriztu beharrean, guztiak ari dira inoiz baino lan gehiago egiten, zerbitzu publikoko bokaziotik. Konpromiso handia sumatzen da komunika-zio proiektuekiko eta, batez ere, bizilagunak informatuta mantentzeko zereginarekiko, eta hori ere luxu handia da". Premiazko ondasuna da kazetaritza eta horren beste adibide bat da, besteak beste, Italian erabateko konfinamendua iragarri dutenean ere, kioskoak izatea elikagai dendekin eta farmaziekin batera zabalik jarraitzen duten negozio gutxi horietako bat.

Desinformazioaz informatzen

Hain zuzen ere, desinformazioaz informatzea ere bada une honetan informazio fidagarria eskaintzen duten hedabideen lana, fake news-ak eta sare sozialetan zabaltzen diren gezurrak inoiz baino presenteago daudenean. "Gure lana ere bada informatzea eta desinformazioa den hori salatu eta kontrastatu ostean bertsio berri bat ematea. Egiaren atzetik behar du ibili kazetariak, beti bilatzen ez bada ere", dio Arantzabalek. Ildo honetan, EITBk martxan du koronabirusaren inguruko gezurrei aurre egiteko zerbitzu parte-hartzailea. Erabiltzaileak Whatsappez ari dira bidaltzen eurentzat susmagarriak diren testo, bideo, argazki edo audioak eta ezeztatu ahal izanez gero, argitaratu egiten dituzte.

Audientziek gora

Ez dira, ez, garai samurrak eta herritarrek eten bako beharra dute informatuta egoteko. Koronabirusaren krisia hasi zenetik, hedabideen audientziek nabar-men egin dute gora, ez soilik Interneteko datuetan, baita ere irratietan, egunkarietan eta, bereziki, telebistetan. Audientziek gora egin dute, eta, noski, ez dira salbuespen tokiko hedabideak. Martxoaren 3tik 23ra, Tokikomeko –toki komunikabideen bateragunea– webguneek 1.504.200 bisita izan zituzten guztira, aurreko 20 egunetan baino %34 gehiago. Batez beste, webgune bakoitzaren bisitak %38 hazi dira aurreko 20 egunokin alderatuta. Joxe Rojasek, Tokikome-ko IKT eta Komunikazio zuzendariak, argi du: "Nire ustez, egoera tamalgarri honek argi baino argiago utzi du sarritan bigarren mailakotzat jotzen diren toki komunikabideen garrantzia. Honelako egoera batean, heda-bide handiek, halabeharrez, egoeraren maila orokor edo globalera jotzen dute: bateko eta besteko gobernuak zer dioen, mundu mailan zelan doazen gauzak... informazio hori behar-beharrezkoa da, baina baita gure egunerokoan erabakiak hartzerakoan baliagarri izango zaigun informazio praktikoa jasotzea ere". "Zer dagoen zabalik herrian, zer ez, udalek zer esaten duten, Mankomunitateak zer dioen, udaltzain eta ertzainek zer gomendatzen duten, isunak daudela...", erantsi du Goienako zuzendari nagusi Arantzabalek. Berria-ren kasuan ere "jende gehiago ari da orain erosten" eta webguneko bisitek ere nabarmen egin dute gora, dio Otamendik. EITBren kasuan, bestalde, albistegietako audientziaren hazkundea %40 ingurukoa ari da izaten, orokorrean, telebistan zein Interneten.

Publizitatea, nabarmen behera

Baina egoera ez da inolaz ere erraza. Hedabideek euren kontsumoa disparatuta ikusi dutenean, publizitateak kezkatzeraino egin baitu behera. Espainiako prentsa, irrati eta telebista pribatuen elkargoak, esaterako, laguntza eskatu du publizitateak izandako jaitsiera itzelaren ondorioz hainbat eta hainbat medio arriskuan daudela argudiatuta. Italian, esaterako, krisia hasi zenetik hona esponentzialki igo da informazio medioen kontsumoa, baina behea jo dute publizitate bidezko diru-sarrerek. Hala, Gobernuak laguntza pakete bat onartu du, sektorea jasaten ari den publizitate beherakada arintzeko. Publizitatearen beherakadak kolpatu ditu euskal hedabideak ere. Goienako zuzendari nagusi Iban Arantzabal kezkatuta mintzo da horretaz: "Oso kezkatuta gaude. Beharrezkoagoak garenean, apirilerako aurreikuspena da publizitateak %50 egitea behera. Agendarekin eta ekitaldiekin lotuta zeuden publizitate guztiak erori dira, baita instituzionalak ere. Horri gehitu behar zaio krisi honekin lotutako zero publizitate sartu zaigula erakundeetatik, nahiz eta irismen handienekoak izan Tokikomeko hedabideok". Berria-ko zuzendari Martxelo Otamendik badu hilabete gutxian bizitza normalera bueltatuko garen esperantza: "Espero dezagun gure lanaren parametro nagusiak ere normalizatzea; publizitatea, batik bat. Azkenaldian baino erosle eta irakurle gehiago hurbildu zaizkigu bi asteotan, gure erronka da horiek gero ere gurean segitzea; egindako lanari balorazio ona ematen badiote. Komunikabideen kontsumoak gora egin du nabarmen, baina publizitatea desagertu egin da erabat. Guk ere sufrituko dugu hilabeteotako jaitsiera ekonomikoa, baina aurrera segitzeko adina indarra eta sendotasuna badauzkagu".

Kontsumoaren gorakada itzela, bestetik, bada iragarlea publizitatea egitera bultzatzeko arrazoietako bat. Goienako zuzendariarentzat ez da unerik txarrena horretarako. "Alarma egoerak sortutako beldurrak eragiten du uzkurtzea edo zalantzati egonez gero publizitaterik ez egitea, baina inoiz baino zifra altuagoak ditugu komunikazio kontsumoan", dio.

Lan molde berrietara egokitzen

Publizitatearen gutxitzea ez da hedabideek krisi honen ondorioz saihestu behar duten zailtasun bakarra. Lan egiteko modua nabarmen aldatu da, besteak beste, kazetariek etxetik dihardutelako. Berria-ren kasuan, besteak beste, "lantaldearen %90 etxetik ari delako. Talde txiki bat geratu da Andoaingo erredakzio zentralean, eta beste guztiak, gure lanak ahalbidetzen duelako, etxetik ari dira". Eta erantsi du ezinbestekoa dela lankideen jarrera proaktiboa, askoren kasuan, zaintzagatik oso zail egiten zaielako biak batera ondo eramatea: telelana eta zainketa. EITBren kasuan ere, asko aldatu dira moduak. Irratian langile batzuk etxetik ari dira eta Interneten kasuan ia guztiak. Telebistaren kasuan, lantaldeak berregokitu dituzte eta kiroletako lankideak albistegietara batu. Batzuk telelana egiten ari dira eta 10 ekipo instalatu dituzte kazetarien etxeetan bideoak bertatik egin ahal izateko.

Aldatu dena da, baita ere, k-zetaritza egiteko baliabideen erabilpena. "Telebistarako bideo gehienak bideo dei bidez egiten dira, etxean dagoen horrekin. Goienako hainbat kazetarik ere etxetik egiten ditu bideo kolaborazioak, jende askok materiala bidaltzen du Goienara bideo edota argazki formatuan...", gehitu du Iban Arantzabalek. Horri gehitu behar zaio materialaren kudeaketan eta erabileran gehitu diren parametroak. "Ez gara autoan bi lagun joaten, ez gara elkarrizketatuaren metro eta erdira gerturatzen, pertikak darabiltzagu mikrofono moduan... eta eskularruak, xaboi eta gelak, alkoholdun desinfektatzaileak... Horrek dena zailtzen du. Pentsa, ekipo bakoitza erabili aurretik eta ondoren garbitu behar da".

TOKIKOM-eko hedabideek dagokienez, bestetik, "bakoitza bere egoera, ahalmen eta inguruaren arabera egokitu da". Hori bai, lan egiten jarraitzea eta segurtasuna lehenestea dira komunean dituzten bi osagai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak