"Babes barik ari ginen lanean; guk lortu behar izan dugu horretarako materiala"

Eneko Azurmendi 2020ko mar. 27a, 15:40

Lourdes Erostabe debagoiendarra langilea da Debabarreneko adinekoen egoitza batean [izena asmatua da, anonimatua mantendu gura duelako]. Barruan bizi duten egoeraren berri eman dio GOIENAri.

"Kasu positibo batzuk zeudela jakin arren, egoitzak ezkutatu egin du, langileen ahalik eta bajarik gutxien edukitzeko. Gainera, babes barik ibili gara lanean. Bakoitzak lortu behar izan du babesteko materiala, maskarak, eskularruak, eta abar", dio.

Haren esanetan, aurreko astean, kutsatuetako bat Donostiako Ospitalera eraman zuten, ezin zutelako egoitzan mantendu, eta orduan jakin zutela positiboa zela, Osakidetzak jakinarazi zuenean. "Zuzendariak onartu egin behar izan zuen. Gerora, jakin dugu beste positibo bat ere badagoela eta bederatzi langile etxean daudela sintomekin. Zuzendaritzak dio protokoloa betetzen ari dela, baina ez dira behar besteko neurriak hartzen ari, etxetik ekarritako materiala besterik ez daukagu babesteko. Kasu positiboak igotzen ari dira eta psikologikoki oso gaizki ari gara pasatzen, kutsatzeko arrisku handia daukagulako eta gero guk etxekoei kutsatzeko arriskua ere badagoelako".

Onartu duenez, egunero joaten dira pentsatuz ea zorterik duten. "Diputazioko postua dutenek baja hartu dute dagoeneko, baina guk ezin dugu hori egin, bestela bota egingo gaituztelako, azpikontratu batekin gabiltza eta. Ahal duten guztiek baja hartu eta ihes egin dute hemendik, eta gu bakarrik geratu gara, baja hartu ezin dugunok. Adibide bat jarriko dut: nire lankide baten gizonari enpresak esan dio etxean geratzeko, badaezpada, nire lankideak bera kutsatzeko duen arriskuagatik. Era berean, nire lankideak lanean jarraitzen du".

Egoiliarrei dagokienez, dio askok burua ez daukatela ondo. "Ez dute ulertzen distantziak mantentzearena eta eztula gordetzearena, eta horrek ere ez du mesederik egiten". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak