Konfinamendu egoera ezarri eta herritarrak etxeetan egotera behartuta daudenetik, zenbait lanbide garrantzi berezia hartu eta ezinbesteko bilakatu dira gizartearen egunerokoan. Hain zuzen, mediku, erizain eta osasungintzako langileen kasuak ikusgarritasun berezia eskuratu du COVID-19 gaitzaren krisiak eztanda egin zuenetik eta hainbat dira egun hauetako egoera bereziak laneratu dituen profesionalak.
Kasu horietako bat da, esaterako, Debagoieneko Ospitaleko erizain Leire Zubillaga Garcia aretxabaletarrarena; Madrilen zegoen masterra ikasten eta lanera etortzeko deitu zioten. COVID-19a duten hainbat gaixo dauden solairuan dago ospitalean, eta hango jardunaren berri eman du: "Madrilen hasi behar nintzen lanean, baina Osakidetzatik deitu zidaten eta hemen lagundu eta etxean egotea erabaki nuen. Madrilgo egoerarekin alderatuta nahiko ondo gaude hemen, bertan langileak eta materiala falta dira. Dena den, azken astean nabaritu dugu Debagoieneko Ospitalean ere positibo gehiago daudela eta lan karga ere handiagoa dela, baina, orokorrean, lasaitasun mezua helarazi nahiko nuke".
Adinekoen egoitzen egoera
Bereziki zaurgarria den kolektibo batekin lan egiten dute adineko pertsonen egoitzetan ere. Bertan aritzen diren langileak "tentuz" ari dira lanean egunotan, jakin badakitelako kasu positiboak ekiditea ezinbestekoa dela. Aretxabaletako GSR Debagoiena egoitzaren kasuan, 170 plaza ditu eta bailara-ko egoitza handiena da. Bertako egoiliar guztiei zerbitzua emateko 130 pertsona inguruk egiten duten bertan lan; mediku, erizain, laguntzaile, garbitzaile, eta abarren artean Inge Landaluze da egoitzako arduraduna eta "tentsio handiko" egunak izaten ari direla aitortu du: "Egia esan, tentsio emozional handiko unea da. Lehenengoa eta garrantzitsuena da ez duzula inor kutsatu nahi, ezta kutsatua izatea ere; bizitzak jokoan daude eta. Pertsona bakoitzaren portaerak oso ondorio zuzenak izan ditzake bai berarengan, bai familiarengan, bai lankideengan edo baita, eta grabeagoa, zaurgarrienengan ere".
Dena den, kasu positiboren bat agertuko balitz aurre egiteko prest daudela azaldu du: "Egoiliarren batek birusarekin lotutako sintomak baditu, berehala isolatzen da, konstanteei eguneroko jarraipena egiten zaie eta txanda guztietan eboluzioa aztertzen da. Hobera egin ezean, ospitalera bideratzen da, eta positiboa dela baieztatzen baldin bada, egoiliar horrekin harremanetan egon diren langileei proba egiten zaie, eta sintoma txikiena agertuz gero etxean geratzen dira emaitza jakin arte".
Zerbitzuen garrantzia
Gaitzarekin aurrez aurre lan egiten du Maria Pilar Urtiagak ere. Correoseko langilea da Oñatin, eta bai bulegoan eta baita kalean ere egiten du lan, banatzaile. Kezkatuta azaldu da egoera honetan lanean aritzeagatik: "Sentsazioa dut oraindik ez dakigula oso ondo gaixotasun honek zer ekarriko duen. Gure kasuan, ezjakintasun handia dago; batzuek esaten dute kartoian asko irauten duela birusak, paperean, plastikoan... Guk material horiekin egiten dugu lan une oro eta ez dakigu zenbateraino gauden arriskuan. Kaleetan lanean egoera oso arraroa da; ni auzoetan eta kalean ibiltzen naiz eta inor ez ikuste horrek ere beldurra ematen du".
Supermerkatu eta dendek ere irudi ikusgarriak utzi dituzte azken asteotan eta bertako langileek aitortzen zuten "gainezka" ibili direla. Oñatiko San Miguel kooperatibako langileen kasua da. Lean Garcia oñatiarrak bertan egiten du lan eta bere 12 lankideekin batera bizitako egoera kontatu du: "Egun zailak izan ziren; hasierakoak, batez ere. Ez genekien nondik nora joango zen krisi hau eta herritarrek erosketa asko egin zituzten. Orain, dena baretu dela, jendea oso ondo dabil egoera hau eramaten. Gure kasuan, ez gara produkturik gabe geratu, baina biltegian genuen materiala ezin genuen dendara atera ez ginelako denera iristen".
Garbiketaren garrantzia ere agerian geratu da egunotan, kaleak, plazak, semaforoak edota barandak modu berezian garbitzeko neurriak hartu baitira. Helburua erabilera publikoko elementuak desinfektatzea da herrietan, produktu bereziak erabilita. Lan horretan ari dira bailarako herrietako udal brigadetako langileak eta baita suhiltzaileak ere; betiere, babes neurriak hartuta.
"Lehen egunak zoramena izan ziren; orain, lasaiago dago dena"
LEAN GARCIA San Miguel kooperatibako langilea, Oñati
"Oñatiko jaki kooperatiba batean lan egiten dut, eta, hortaz, gure harremana zuzena da bezeroekin. Lehen egunetako zoramenaren ostean, azken astean herritarrak lasaiago dabiltza erosketak egiten. Lehen egunetan, komuneko paperaz gain, arroza ere oso azkar gastatzen zen. Gure biltegian bagenuen gehiago, baina hainbeste jende zebilen, ez genuen tarterik biltegian genuena dendara ateratzeko. Gure kasuan, ahal dugun heinean, babestuta lan egiten dugu; maskara, eskularruak, desinfekzio tresnak... Hala ere, gure tratua zuzena da bezeroekin. Adineko lagun asko etorri ohi dira gurera eta asko nabaritu dugu hauek etxean geratu direla; orokorrean, jendea arduratsu ari da jokatzen. Topera ari gara lanean, baina talde giro ederra dugu, behintzat".
"Zaila da egoera honetan lan egin eta segurtasuna mantentzea"
ENRIKE PEREZ Brigadako langilea, Elgeta
"Udal brigadako langileak astelehenetik gabiltza desinfekzio lanetan; 07:30 bueltan hasten gara eta egiten ditugu plaza, zabalik dauden dendak, kutxa, kioskoa eta botika. Hori da lehenengo gauza. Gero, egiten ditugu barandak eta semaforoak. Urarekin eta lixibarekin egindako nahasketarekin ari gara kaleak eta kaleko elementuak desinfektatzen. Gehien erabiltzen diren guneetan eta kaleko altzarietan egiten dugu lan hori. Geure burua babesteko maskara bereziak eta jantzi txuri batzuk erabiltzen ditugu, behin erabili eta botatzekoak direnak. Ea zenbat irauten duen egoera honek; arraroa da modu honetan lan egitea. Gu bi gara brigadan eta zaila da, gure lanaren ezaugarriengatik, segurtasun tartea mantentzea bion artean zenbait unetan".
"Oraingoz, badugu ondo lan egiteko material nahikoa Arrasaten"
LEIRE ZUBILLAGA Erizaina, Aretxabaleta
"Azken astean dezente igo da Debagoieneko Ospitalean positibo eman dutenen kopurua, baina, orokorrean, nahiko ondo ari gara lanean. Materialari dagokionez, oraingoz, badugu material nahikoa gaixoak artatzeko, baita langileok geure burua babesteko ere. Dena den, kontziente gara uneren batean material eskasia izango dugula; hortaz, zuhurtziaz jokatu behar dugu. Pazienteekin dugun hartu-eman bakoitzean babes material osoa jantzi eta gero kendu behar dugu, eskuak ondo garbitu eta erabilitako material guztia garbitu behar dugu. Lan karga handiagoa dela nabari dugu, baina azken astean pertsonal gehiago ari gara eta, orokorrean, giroa nahiko lasaia da. Bisitak murriztu egin dira ospitalean kutsatzeak prebenitzeko, eta gaixoendako oso gogorra da hori".
"Bideo dei bidez ari gara familiekin harremana mantentzen"
INGE LANDALUZE GRS Debagoiena egoiztako arduraduna, Aretxabaleta
"Uste dut neurriak hartu direla eta horrek berebiziko garrantzia izan duela. Neurriak Gobernuak esan baino lehen hartu genituen, hori izan daiteke egun positiborik ez izatearen arrazoia. Duela 15 egun baino gehiago, egunean ordubeteko bisita batera mugatu zen, eta beti pertsona bera izan zedila saiatu; geroxeago, bisitak debekatu egin ziren. Oraingoz, gure zentroetan egunetik egunera kutsadurarik gabe ari gara lanean, baina hau hasi besterik ez da egin. Langileak oso konprometituta daude eta eskuzabaltasun handiz ari dira jokatzen. Familien papera ere oso garrantzitsua da, hasieratik ulertu dute egoera zein den, baina bideo dei eta telefono bidez ari gara haiekin harremana mantentzen".
"Bederatzi bidaiatan, guztira, zortzi lagun igo ziren atzo autobusera"
ANTONIO LUQUE Autobus gidaria, Aretxabaleta
"Gure eguneroko lanean asko igarri dugu jende gutxi dabilela, herritarrak etxeetan geratzen dira edo, behintzat, ez dira herririk herri ibiltzen. Lanera joaten diren gutxi batzuk ibiltzen dira goiz partean, baina apenas ez da inor igotzen autobusera. Eguenean, esaterako, bederatzi bidai egin nituen eta guztira zortzi lagun igo ziren autobusera bidaia horietan guztietan. Hartu dituzten neurrien artean, heren batera murriztu da bidaiarien kopurua, bata bestearen ondoan dauden aulkiak ezin daitezke erabili eta atzeko atetik sartu behar da. Autobusak ere desinfektatu egiten dira egunaren amaieran eta hiriburuetara edo aireportura doazen bidaia guztien ostean ere garbitu egiten da autobusa. Arduraz jokatu behar dugu denok".
"Egunotan ez gara etxeetara igotzen paketeak banatzera"
MARIA PILAR URTIAGA Corresoseko langilea, Oñati
"Oraindik ere pakete eta gutun ugari iristen dira gurera, baina nabaritu da beherakada bat. Gure kasuan, Oñatin zazpi langile gara eta txandakatuz joaten gara lanera, egun bat bai, egun bat ez. Horrela, gutxiago pilatzen gara lanlekuan eta segurtasun neurriak mantendu ditzakegu. Dena den, asko ibiltzen gara kalean eta oraindik ezjakintasun handia dago. Babeserako materiala izan badugu, baina gutxika-gutxika iritsi zaigu. Esaterako, etxeetan zerbait banatzen dugunean, lehen, goraino igo eta eskura ematen genuen; orain, ordea, atartean utzi edo igogailuan igotzen dugu banatu beharrekoa. Kaleko egoera ere arraroa da; ez dago ia ezer zabalik, jende gutxi ikusten duzu, eta, esaterako, komunera joan behar baduzu, ez duzu non egin, banatzen zabiltzala".
"Herritarrak, orokorrean, ondo ari dira neurri bereziak betetzen"
ROBERTO KAPELASTEGI Bergarako ertzain etxeko ertzaina
"Orokorrean, herritarrak COVID-19a dela-eta hartutako neurri bereziak errespetatzen ari dira. Azken astean Leintz inguruan ibili gara patruilatzen eta jendea ondo dabil; erosketak egiteko, lanerako edo txakurra paseatzeko zeuden kalean. Ikusi izan dugu txakurra paseatzeko aitzakiarekin urrutiegi joan denik ere, baina ez da ohikoa. Eguaztenean, adibidez, kontrola egin genuen Arrasaten eta herritar guztiak lanera zihoazen, ziurtagiriarekin eta autoan bakarrik. Gure kasuan, materiala eskuratzeko zailtasunak baditugu; gehienbat, maskarak eskuratzeko. Bestela, patruilatzeko bi lagun joan behar dugu beti eta distantziak mantentzen saiatzen gara, baita eskuak eta materiala garbitzen, ezin dugu beste askorik egin gure burua babesteko".