Egoera zailenetan daudenendako martxan dira elkartasun sareak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mar. 27a, 08:30
Kontaktu fisikorik gabe egiten dira etxez etxeko entregatzeak.

Debagoieneko herri guztietan eratu dira premia larrienean daudenei begirako ekimenak. Kasu batzuetan, herri ekimenetik sortu dira, eta beste batzuetan, erakundeetatik. Boluntarioen zein erabiltzaileen ongizatea dute guztiek helburu.

Koronabirusak ez du ez adinik, ez jatorririk, ez maila sozialik, ez ezer bereizten. Eta gizarte honetan denok ez dauzkate baliabide berak, eta kolektibo batzuk beste batzuk baino egoera zaurgarriagoan daude. 

Hori horrela, elkartasun sare ugari sortu dira, eta, egunero aldatzen den datua bada ere, 500dik gora debagoiendar daude halakoetan boluntario lanak egiteko izen emanda. 

Sare herritarrak, udalekin 

Oñatin, Bergaran, Antzuolan eta Aramaion udaletatik ari dira herritarrekin osatutako elkartasun sareak koordinatzen.

Oñatin 150 bat boluntario daude Elkarzaintza sarean. "Oraingoz, eskaera gutxi jaso ditugu, baina Udala 70 urtetik gorako herritarrei deiak egiten hasi da eta hortik dezente jaso ditugu", azaldu du Anik Zubizarretak. Gainerako herrietan modura, elikagaiak edo botikak erostea eta hondakinak jaistea dira eskaera nagusiak. "Badira pare bat lagun bakarrik sentitzen direnak, eta boluntario baten deiak jasoko dituzte aurrerantzean". 

Antzuolan 45 bat boluntario daude eta, oraingoz, hiru eskaera jaso dituzte. "Herri txikia da gurea eta badugu elkar zaintzeko ohitura. Esango nuke prestutasun hori badagoela taldea antolatu barik ere", adierazi du Beñardo Kortabarria alkateak. Whatsapp talde bat dute sortua eta modu horretan kudeatzen dituzte heltzen diren eskaerak. Libre edo gertuen dagoen boluntarioak egiten du zerbitzua, Goizper enpresak emandako segurtasun materiala erabilita. "Asko eskertzen da", esan du alkateak. Hainbat kolektiborekin badutela kezka gaineratu du alkateak. "Eskolako jangelarako diru-laguntzak jasotzen dituzten familiekin badugu kezka", esan du. Herritar horiek zein egoeratan dauden begiratzen hastekoak direla esan du.

Oñatin zein Antzuolan ez dago inongo diru transakziorik boluntarioen eta erabiltzaileen artean. Boluntarioek ordaintzen dute erosketa –Udalaren laguntzarekin– eta faktura egiten da. Guztia pasatutakoan kitatuko dira kontuak erabiltzaileekin. 

Bergaran ere herriko eragileen iniziatibaz eta Udalaren babesarekin sortu da Bergara zaintzen egitasmoa eta 200dik gora boluntariok dihardute. Hamalau bat erabiltzaile identifikatu dituzte, oraingoz. 

Aramaioko laguntza sarean hamabost bat boluntariok dihardute eta bizpahiru eskaera jaso dituzte egunotan. "Gertatu zaigu baita ere dendatik deitzea herritarren batek telefonoz egindako eskaera etxera eramateko", azaldu du Lierni Altuna alkateak. "Horrelakoetarako ere bagaude, noski".

Arrasate eta Aretxabaleta

Bi herriotan bina sare daude. Gazte mugimendutik sortu dute Aretxabaleta zaintza sare herritarra. Halako egoerei elkarlanean oinarritutako erantzun kolektiboak eman behar zaizkiela sinistuta ari dira 60 bat boluntario. Eremutan banatu dute Aretxabaleta, eta sortu ahala ematen diete erantzuna beharrei, boluntarioen gertutasunaren arabera. "Hasiera batean, erosketak egiten laguntzea, zaintza lanak... halakoetan laguntzea zen asmoa, baina eskaera bakarra jaso dugu, oraingoz, eta konturatu gara badaudela beste premia batzuk ere", azaldu du taldeko kide Gari Igartuak. Beste kolektibo batzuen beharrak dituzte jomugan. "Soldatarik gabe gelditu direnak, paperik gabe daudenak, diru iturririk ez dutenak... Behar fisikoak baino gehiago, behar ekonomikoak izan ditzakeen jendea". Hala, Caritasekin elkarlanerako urratsak egiten ari dira kolektibo horiengana ere heltzeko, eta funtzionamenduak zein izan beharko lukeen zehazteko. 

Arrasateko sare herritarrean, berriz, hiru lan-lerro nagusi dituzte: erosketak egiteko eta hondakinak jaisteko lerroa, zaintza edo eskolako lanetan laguntzeko lerroa eta laguntza psikologikoarena. "Zabalik dauden komertzio txikiekin ere harremanetan gaude, zein premia izan ditzaketen aztertzeko", adierazi du taldeko kide Amaia Etxabek. "Aste honetan jarri dira martxan. Eskaera gutxi iritsi dira, baina bagoaz jasotzen". 

Arrasateko eta Aretxabaletako udalak, berriz, Gurutze Gorriarekin ari dira elkarlanean. Eskoriatzako Udala ere bai. Etxez etxeko laguntza zerbitzua izeneko programa jarri du martxan Arrasateko Udalak. Aretxabaletako zein Eskoriatzako udaletan ere gizarte zerbitzuetatik kudeatzen dute egitasmoa. Gurutze Gorriko ordezkaria da Jabier Igartua eta adierazi du egunotan hasi direla lehen zerbitzuak ematen. "Hiru udal horietan boluntario izateko 33 izen-emate izan dituzte, eta elkarlanean gaude Eusko Jaurlaritzako Guztion artean sarearekin. EAEko udal guztiek jaso dute sare honetan parte hartzeko eskaintza. Zenbait kasutan, baloratu dute gauza direla egitasmoa udaletik bertatik kudeatzeko. Hainbatekin izan gara harremanetan eta ikusten ari gara helburu eta prozedura berak erabiliko ditugula". Arrasateko Udalak garrantzia ematen dio zerbitzua profesionalen eskuetan egoteari eta segurtasun neurriekin emateari. "Boluntarioek formakuntza bat jasota, aseguru batekin eta beharrezkoak diren norberaren babeserako ekipoekin". 

Atzo, eguena, egin zituzten boluntario taldeendako azken formakuntza saioak, Gurutze Gorriak Elorregin duen egoitzan. "Lauko taldeetan jaso dituzte formakuntzak, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak bete behar baitira", adierazi du Igartuak. 

Aurreko astean ez zela eskaerarik egon gaineratu du, baina poliki-poliki badoazela iristen. "Udalek jasotzen dituzte eskaerak, eta guk bideratzen ditugu sarean dauden boluntarioen arabera. Ideia da boluntario bakoitzari erabiltzaile bat izendatzea, eta etxetik ahalik eta gertuen modu horretan eta ahal den neurrian desplazamenduak saihesteko. Boluntario horren egitekoa izango da sortzen diren beharrak artatzea eta horrekin batera egokitu zaion erabiltzailearen jarraipena egitea. Ideia da gutxienez astean behin dei bat egitea". 

Elgeta eta Leintz Gatzaga 

Elgetako Udala egoera zaurgarrienean dauden elgetarrekin jarri da harremanetan. "Jaso ditugun erantzunen arabera, momentuz, ez da behar laguntza gehigarririk", adierazi dute. "Edozein behar izanez gero, herritarrek udaletxera deitu dezakete". 

Leintz Gatzagan, berriz, Whatsapp taldea osatu dute herritarrek. "Herriko familia ia guztiak daude talde horretan", adierazi dute Gizarte Ongizate Sailetik. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak