Koronabirusarekin kutsatutakoen etxebizitzak zelan garbitu

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 23a, 19:51

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialetik koronabirusa izan dutenen etxebizitzak zelan desinfektatu behar diren zehaztu dute, senideen artean kutsatze gehiago izan ez daitezen.

Koronabirusa duen edo izan dezakeen senide bat etxean dutenak bat baino gehiago izango dira egunotan, eta elkarbizitzarako jarraibideak eman dituzte Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialetik. Kezkarik handiena da gaixoek familiako beste kide batzuk ez kutsatzea, eta horretarako, zelan garbitu etxea zehaztu dute. 

Lixiba eta behin erabiliko diren eskularruak

Garbitzaile moduan erabiltzeko gomendatu dute prestatzea ur litro bakoitzeko 20 zentimetro kubiko lixiba dituen disoluzioa. Gainera, gaixoa egondako guneak garbitzeko erabilitako zapiak eta eskularruak bota egingo dira lana bukatutakoan. 

Etxeko gune batzuk arreta bereziarekin desinfektatu beharko dira, hala nola, ohe ondoko mahaitxoa eta lanparak, komuna, dutxa, iturriak, telebistaren urruneko agintea eta hainbat etxetresna. Beste hainbat objektuk ere tratamendu berezia behar dutela adierazi dute, besteak beste, izarek, telefono mugikorrak, ordenagailuak eta jateko erabilitako ontziek.

Gela horren garbitasun lanak egiteko eskularruak jantzi beharko dira derrigorrean, eta behin lanak bukatutakoan bota horiek. Erabilitako eskularru horiek ezin direla edonola kendu eskuetatik gogorarazi dute, esku garbiek guante zikinak uki ditzaketelako une horretan eta koronabirusarekin kutsatu. Eskuak garbitu beharraren garrantzia ere azpimarratu dute, bai eskularruak jantzi aurretik, bai kendu ostean.

Aparte dagoen gelan

Gaixoa edo kutsatuta egon daitekeen pertsona etxeko gainerakoak egongo diren guneetan ez ibiltzea gomendatzen dute; norberarendako bakarrik izango den gela batean egotea da egokiena, aireztatutako gela batean eta atea itxita. Gela horretatik irten beharra izanez gero etxeko gainerakoengandik metro betera edo bira egon beharko du uneoro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak