Osakidetzako erizain bat hil da koronabirusagatik

Imanol Beloki Unamuno 2020ko mar. 19a, 13:42

Iñigo Urkullu lehendakariak, Osasun sailburu Nekane Murgak, eta Estefania Beltran De Heredia Segurtasun sailburua agerraldian.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Osakidetzako 52 urteko erizain bat hil da koronabirusak jota. Atzo iluntzeko 20:00ak arteko datuei erreparatuz, 24 ordutan 217 kasu berri zenbatu dituzte; guztira, 1.190 positibo daude EAEn, horietatik, 455 ospitaleratuta. Hamahiru hildako berri izan dira, eta beraz, koronabirusak hildakoak 53 dira EAEn. Nafarroan, bost hildako eragin ditu.

Urkulluk "konpromisoa" eskatu dio gizarteari, eta badaezpadako neurriak errespeta ditzaten adierazi du. "Prebentzioa da birusari aurre egiteko tresnarik onena". Horretarako, Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat garatzen ari dela iragarri du, Korean egin zuten moduan. Datorren asterako prest egongo da.

Euskal gizarteari zuzendutako lau mezu azpimarratu ditu lehendakariak:

1) Erronka hau hasi besterik ez da egin, eta neurri komunikatiboak, fiskalak, hornikuntzakoak…  ari direla hartzen adierazi du lehendakariak. Horrekin batera, adituek esandakoak jarraitzen ari direla gaineratu du.

2) Norberaren konpromezua ezinbestekoa da. Prebentzioa da neurri garrantzitsuena: Auto-babes neurriak ezinbestekoak dira, garbitasuna, distantziak errespetatzea… Aplikazioa garatzen ari direla egoerak erregistratzeko adierazi du, eta tresna datorren astean egongo dela eskuragarri adierazi du. Norberaren konpromezua ezinbestekoa dela nabarmenduz.

3.Etxean konfinamenduan egoteak zentzu bat daukala adierazi du Urkulluk; Denon osasuna bermatzea. Horregatik da hain garrantzitsua.

4. Laguntza gehiago behar dutenei lagundu egin behar diegula adierazi du. Pertsona bakoitzaren ahalegina, konpromisoa eta auzo-lana eskatuz.

Azken datuak

Osasun sailburu Nekane Murgak azken datuen berri eman du: 

Nekane Murga Osasun sailburuak hartu du hitza gero, eta, lehenik, gogoan izan du koronabirusak hildako lehen erizaina. Jarraian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako azken datuak azaldu ditu: 217 kasu berri zenbatu dituzte; guztira, 1.190 positibo izan dira. Horietatik, 455 ospitaleratuta daude. Hamahiru hildako berri izan dira, guztira, 53, eta, Nafarroako bostei gehituz gero, Covid-19ak 58 hildako eragin ditu Euskal Herrian.

"Egoera larria da oraindik. Horregatik herritarren laguntza ezinbestekoa da borroka hau irabazteko. Beraz, gomendioak jarraitu behar ditugu. Adituek esaten dutenez oraindik ez dugu goia jo, eta zorrotz bete behar dira badaezpadako neurri guztiak". Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan positibo eman zuten hemezortzi pertsona sendatu direla ere esan du.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialaren komunikatua

Bizkaian Covid-19aren eraginez hildako erizain baten heriotza dela eta, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialaren (COEGI) Gobernu Batzordeak beraien atsekabea eta doluminak adierazi nahi izan dizkie hildakoaren senide, lankide eta lagunei.

Honela dio komunikatuak:

"Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialaren (COEGI) Gobernu Batzordeak bere atsekabea adierazi nahi du jendaurrean eta atzo, Basurtuko ospitalean, 52 urterekin hil zen lankidearen senide, lankide eta lagunei doluminak helarazi.

Zorigaiztoko albistea ezagutu eta gero, une gogor eta latz hauetan, Gipuzkoako Elkargoak babes osoa erakutsi nahi die asistentzia eta zainketa lanean erantzukizun handiz jarraitzen duten profesional sanitarioei.

Halaber, COEGIko Gobernu Batzordeak eta bere lehendakari Pilar Lekuonak jendaurrean nabarmendu eta eskertu nahi dute Gipuzkoan lanean diharduten 5.285 erizainen lana, une hauetan erakusten ari diren konpromisoagatik.

Halaber, herritarrei erantzukizunez jokatzera dei egiten diete, etxean geratzeko eta une oro osasun agintaritzen jarraibideak betetzeko. Elkarrekin baino ezingo dugu hau gainditu, azpimarratu dute.

COEGItik, Elkargoko profesionalei gogorarazten diete Lurraldean diharduten erizain guzien esanetara daudela, behar duten edozein gauzatarako".

Prebentzioa indartzeko aplikazio sozial berria

Eusko Jaurlaritza mugikorrerako aplikazio bat lantzen ari da, kasuen prebentzio, jarraipen eta identifikazio-lana indartzeko. Pertsonak erregistratu ahal izango dira, hurbilen dituzten kontaktuak txertatu ahal izango dituzte eta haien osasun-egoera erregistratu ahal izango dute.

Aplikazio hori aurrerapausoa izango da, Osasun Publikoaren arloa epidemiologia-lanarekin egiten ari den lana indartzen duelako, bai eta asistentzia-eremurako ere. Pertsonak prebentzio-neurriez eta haien osasun-egoeraren jarraipenaz kontzientziatzen ere lagunduko du.

Horrelako aplikazioak beste herrialde batzuetan baliagarriak direla frogatu duten tresnak dira, eta Osasunaren Mundu Erakundearen jarraipen eredua lantzen du, baita Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroa edo Korean erabiltzen dena. Euskadi lanean ari da euskal enpresa batek Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean garatutako aplikazio sozial horretan. Beraz, lankidetza publiko-pribatuaren ondorioa da.

Tresna hori datorren astean egongo da eskuragarri, eta medikuntzako eta datuen babeserako berme guztiak izango ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak