Eusko Jaurlaritzari zein Espainiako Gobernuari eskaera egin diote, neurriak har ditzaten, "kooperatibak malgutasunez eta maniobra-tarte handiagoz jokatzeko" aukera izan dezaten, hala, kooperatiben barne-gaiei eta euren "eredu juridikotik ondorioztatzen diren sozietate-betebeharrei aurre egiteko". Eta erantsi dute: "Neurri-proposamen hori onartuz gero, kooperatibek aukera izango lukete egoera hau amaitutakoan baldintza hobeetan suspertzeko eta bide bat irekiko litzateke epe laburrean kudeatzeko zailak diren egoerak konpontzeko, egungo ziurgabetasun eta segurtasun gabezia handian".
Besteak beste, honako ildo hauen gaineko neurriak eskatu dituzte: legez ezarritako epearen –lehen seihilekoaren– ondorengo hilabeteetan Batzar Nagusiak egin ahal izatea, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzaren laguntza-aginduetan ezarritako epeak berrantolatzea eta Euskadiko Kooperatiben 11/2019 Lege berriak estatutu sozialak egokitzeko ezartzen duen epea luzatzea.
Erkidetik azpimarratu dutenez, "gobernuak ezarritako itxierak gehien eragindako sektoreetako (aisialdia, kultura, ostalaritza, zerbitzuak, hezkuntza, garraioa...) enpresa kooperatiboek, gainerako enpresek bezala, neurri aringarrien onuradun izan behar dute, baita haietako bazkide langileek eta besteren konturako langileek ere, Gizarte Segurantzako LAEBean kotizatu ala Erregimen Orokorrean kotizatu". Gogorra ekarri dute, egoera berezi baten, ohiz kanpoko neurriak hartu behar direla eta "elkartasunaren printzipioen" alde egiteko eskatu dute, kooperatibek betidanik izan duten balioa izanik.