Frantzian, Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon eta Eskozian bizi diren lau debagoiendarrek koronabirusa euren herrietan, euren egunerokotasunean, zein eragin izaten ari den kontatu diote GOIENAri. Hain zuzen, etxetik eta lantokitik erantzun dituzte galderak.
Ion Zabaleta (AEBn bizi den arrasatearra)
Film baten gidoia izan daitekeen egoera bizi dutela dio Nashville-n bizi den arrasatear honek. "Martxoaren 2ko gauean, tornado bat jasan genuen hirian. Etxetik 600 metrora pasa zitzaigun. Oraingoz, 25 hildako daude. Eta hamar egunera, birusaren kontua heldu da".
Zabaletak gaineratu du gauzak aldatu egin direla, baina hainbat egoera tornadoaren ondorioak aldatu dituela, ez koronabirusak ekar dezakeenak. "Hemen, musikaren hiriburuan, kontzertu guztiak bertan behera gelditzen hasi dira aurreko astetik. Nire inguruko lagunak, denak musikariak, lur jota daude. Bira guzti-guztiak suspenditu dira. Era berean, kale nagusian, turisten kalean, betiko mugimendua dago. Zentzugabe ari dira jokatzen taberna eta jatetxe asko. Horrela jarraituz gero, Europako estatistikak motz geratu daitezke. Hala ere, egia da taberna askok ixtea erabaki dutela azken 48 orduetan. Eta hainbat supermerkatutan minutu gutxitan agortu dira produktu batzuk".
Zabaletak dio kalean ibiltzeko mugarik ez dagoela oraindik; bai, ordea, lanerako. "Hartu duten erabaki bakarra etxetik lan egiteko neurria da; horixe ezarri digute, besterik ez. Ikastetxeak orain dela bi astetik daude itxita, tornadoak eragindako kalteengatik, eta orain, apirilaren 1era arte luzatu dute erabakia, birusagatik".
Koronabirusaren azterketei eta bakunari buruz ezer ez du-tela esaten dio Zabaletak, oraindik hango albistegietan tornadoari buruzko notiziek minutu gehiago hartzen dituztela birusari buruzkoek baino. "Probak non egin daitezkeen... ba, galdera ona da hori. Guri, esaterako, enpresak esan digu kostu guztiak ordainduko dizkigula. Bakunari buruz, ordea, ez da ezer entzuten. Zoritxarrez, tornadoaren inguruan hitz egiten da gehiago, oraingoz 25 hildako baitaude, eta milaka pertsona etxe gabe geratu dira. Birus handiena telebista bera da".
Mireia Ibabe (Mexikon bizi den bergararra)
Mexikoko erdialdean dagoen Puebla hirian bizi da Mireia Ibabe bergararra. Jendea kezkatuta sumatzen du koronabirusagatik. "Kalean jende gutxiago ikusten da, bai, baina herritarrak kezkatuta daudelako da hori, eta etxean egoteko erabakia hartu dutelako. Gobernuak oraindik ez du alarma egoerarik eta konfinamendurik ezarri. Aireportuan, esaterako, ez dute tenperaturarik hartzen, nahiz eta maskarekin eta eskularruekin ikusi jendea. Dio egoeraren lehen fasean gaudela, baina hasi da bigarren faserako neurriak hartzen. Jende asko pilatzen den tokietara ez joateko gomendioa egin dute, zabalik jarraitzen duten arren, baina eskolak, esaterako, unibertsitateak barne, itxi egingo dituzte martxoaren 20tik apirilaren 20ra".
Ibabe herrialde ezberdinetakoak diren beste hamabi lagunekin batera bizi da etxe batean eta beraiek kalera ahalik eta gutxien ateratzeko erabakia hartu dute, eta egunerokotasuna etxe barrura mugatu. "Gaixotzen diren herritarren kopuruari dagokionez, saltsa handia dago datuetan. Gobernuak kopuru batzuk ematen ditu, baina gehiago diren ustea dago herritarren artean. Hemengo osasun publikoa ez da ona eta pribatura joateko dirua behar da. Herritar askok gaixotasuna etxean pasatzen dutela uste da, inora joan barik".
Mikel Arana (Eskozian bizi den eskoriatzarra)
Mikel Arana eskoriatzarrak ez du aparteko egoerarik ikusi orain arte Eskozian, herritarrak ohiko bizimodua egiten ari direla dio, nahiz eta bere kasuan, adibidez, lanera joateko egunak murriztu dituzten bere lantokian.
"Nik, esaterako, etxetik lan egingo dut asteazken, oste-gun eta ostiralean. Eta hurrengo astean alderantziz, astelehenean eta martitzenean etxetik jardungo dut eta beste hiru egunetan bulegora joango naiz. Gainerakoan, jendea normal ikusten da zinemara joaten edo taberna eta jatetxeetan. Uste dut jende askok ez duela oraindik uste ze ondorio izan ditzakeen birus honek. Glasgowko kaleetan ikusten den argazkia ohikoa da: jendea oinez, tabernetan, eta abar".
Amaia Navarro (Frantzian bizi den oñatiarra)
Joan den egubakoitzetik ezer ez da antolatu Frantzian koronabirusagatik, eta zapatuan, martxoak 14, tabernak, zinemak eta lehentasunezko produktuak saltzen ez dituzten dendak ixten hasi ziren, Lyon-en bizi den Amaia Navarrok adierazi duen moduan. "Eguenera arte ez genuen ardura handirik. Kaosa iritsi zen Emmanuel Macron presidenteak esan zuenean astelehenetik aurrera eskolak itxita egongo zirela".
Ikastetxeak itxita, eta lantokietan ere lana etxetik egitea eskatu eta ahalbideratu dute Frantzian. "Nik lehendik ere banuen aukera hori, baina hiru ume etxean edukita nahiko zaila da eta baja eman didate. Gobernuak onartutako neurri berri bat da: hamalau egunez etxean geratu umeak zaintzen, gizarte segurantzak ordainduta. Hala ere, ikusiko dugu nola izango den gero, hamalau egun baino gehiago izango dira eta. Herritarrok, baina, etxean gaude konfinatuta, martitzen eguerditik; hamabost egun iraungo du. Tarte horretan, ziurtagiri bat beharko dugu kalera ateratzen garen bakoitzean poliziari erakusteko".
Asteburuan hauteskundeetako lehen itzulia izan zuten Frantzian, eta aparteko neurririk ez zuela ikusi gaineratu du oñatiarrak: "Gure boto-lekuan, adibidez, inork ez zituen eskularruak edo maskarak erabili; distantziarik ere ez zen gorde ilaran zeuden pertsonen artean. Gomendio bakarra izan zen etxetik eramatea boligrafoa eta paperak. Bigarren itzulia atzeratu egingo dutela esan du presidenteak".