Geroz eta jende gehiago dago kutsatuta eta ospitalean; baita kutsatu gabe berrogeialdian. Hala, askotariko egoerak sortu dira herritarren artean. Testigantza eta istorio asko, gainera, gogorrak dira. Horietako lau jaso ditu GOIENAk. Guztiak oso baliagarriak, zenbait egoeraren aurrean herritarrei jakinarazteko nola jokatu behar duten. Istorio guztiek helburu bera dute: lasaitasuna eta arduraz jokatzeko eskaera helaraztea.
Ikasgai diren istorio gogorrak
87 urteko ama egoera kritikoan –erizain batek kutsatuta– duen semearekin; Gasteizen irakasle den kutsatutako emakumezkoarekin eta haren senarrarekin; berrogeialdian dagoen gizonezko kutsatu gabearekin; eta Txagorritxun –koronabirusaz gain metastasia du– hiltzear den emakumezkoaren alabarekin berba egin du GOIENAk.
Izaskun Besa Gil: "Ama badoa eta ezin naiz alboan egon"
Izaskun Besa Gil Gasteizen bizi den aretxabaletarrak sare sozialen bidez zabaldu duen bideoarekin jakinarazi du bizi duen egoera gogorra. Herritarrei arduraz jokatzeko dei egin die. Izan ere, Besaren ama martxoaren 7tik dago Txagorritxuko ospitalean eta 8an jakinarazi zioten koronabirusaren proban positibo eman zuela.
Bazkaltzen ematera joan da hainbat egunetan, erizaintzako laguntzaileek duten lan karga ikusita. Orain, murriztu egin dizkiete bisitak eta ezin du halakorik egin. "Amarengana hurbildu ere ezin naiz egin, metro eta erdira egon beharra dut, gelako ezer ukitu barik. Ama badoa eta ezin naiz alboan egon. Garuneko metastasia dauka eta gaitz hori aurrera doala bagenekien, baina onkologoak konfirmatu digu koronabirusak amaren egoera okertu egin duela eta ez dela irtengo. Berrogeialdian dagoen Gasteizko zaharren egoitzan kutsatu zen. Positibo bat jakinarazi zutenean banekien ama zela. Agintariek ez digute ezer argirik esan; ezta zaharren egoitzatik ere. Ospitalean ez da giro eta euren artean asaldatuta dabiltza, lanez gainezka".
Besak arduratsu jokatu du, eta bere burua berrogeialdian jarri: "Eusko Jaurlaritzatik iritsi zitzaidan gutunak ez nau berrogeialdira derrigortzen. Hala ere, zentzuz eta arduraz jokatu gura izan dut eta berrogeialdia egingo dut koronabirusaren proba ez didatelako egingo eta kutsatuta egon naitekeelako. Egun bakar batean lau positibo ere ikusi ditut ospitalean, eta gaia serioa da. Denok arduraz jokatu behar dugu, eta etxean egon; mezu hori helarazteko zabaldu dut sare sozialetan bideoa. Etxean egon beharragatik kexaka dabiltzanei esan gura diet gutxiago kexatzeko eta betetzeko esandakoa. Jende asko dago-eta egoera okerragoan"
Gasteizen irakaslea da: "Kutsatuta, baina onik gaude etxean"
Gasteizen irakaslea den arrasatearrak positibo eman du; baita bere senarrak ere. Joan den asteko astelehenean hasi zen irakaslea lehen sintomekin: "Buruko mina eta gauean sukarra izan nuen. Martitzen osoa propio jarritako telefono zenbakira deika igaro nuen. 5 ordu ere eman nituen, alferrik, telefonoaren bestaldean zain. Horregatik, nire medikuari deitu nion. Hark ez zuen koronabirusaren inolako sintomarik antzeman. Lasai egoteko esan zidan. Hala ere, telefono zenbaki horretara deika jarraitzeko gomendatu zidan. Azkenik, goizeko lauretan lortu nuen telefonoan norbaitek artatzea. Telefonokoak, berdintsu: sintoma horiek ez zirela koronabirusarenak. Baina neurriak hartzea eta etxean egotea erabaki nuen. Eguenean, senarra hasi zen sukarrarekin. Anbulatoriora deitu eta handik bi ordura deitu ziguten koronabirusaren proba egingo zigutela esanez. Hala, asteburuan jakin genuen positibo geman genuela. Horren guztiaren ondorioz, berrogeialdian daude bai geure haurrak eta baita nire eta senarraren gurasoak. Egunero deitzen digute Osakidetzatik jarraipena egiteko familia osoari. Erosketak egiteko, aldiz, nahiko gaizki. Eroskin onlinebidez egiten saiatu gara eta webgunea gainezka dago. Koinatuaren bitartez eta lagunei esker moldatzen gara; atarian uzten dizkigute elikagaiak. Denak ondo gaude, baita haurrak ere, eta, gaitza gainditu edo gainditzear dugula dirudien arren, beste 15 egun egongo gara etxean neurriak hartuz, badaezpada".
Erizainak kutsatuta du ama: "87 urte ditu; ez dakigu bueltarik emango dion"
Gizonezko oñatiarra oso kezkatuta dago bere amak 87 urte dituelako eta koronabirusaren proban positibo eman duelako. Ama orain Debagoieneko Ospitalean isolatuta dagoela kontatu dio GOIENAri. Bere arrebak berrogeialdian daude, kontaktu zuzena izan zutelako amarekin kutsatzeko gakoak diren egun horietan. "Bestelako patologia baten ondorioz ama Txagorritxun zegoen ingresatuta; alta eman eta etxera etorri zenean hasi zen guztia. Gaizki sentitzen hasi zen, eta orduan, berarekin zegoen arrebak 900 20 30 50 telefonora deitu zuen. Eta proba egin zioten joan den asteko martitzenean; positibo eman zuen. Medikuek esan ziguten Txagorritxuko kardiologia sailean ama artatu zuen erizaina kutsatuta zegoela. Nire arrebek ere egun horietan zuzeneko kontaktua izateagatik proba egin dute eta negatibo eman dute. Hala ere, berrogeialdian daude. Amak, aldiz, joan den eguenetik okerrera egin eta Debagoieneko Ospitalean dago ingresatuta, egokitutako gela berezi batean. Medikuek esan digute adinagatik buelta eman diezaiokeela edo ez. Kezkatuta gaude gertatu daitekeenarekin, bronkioak ez ditu-eta oso ondo. Ni egun horietan amarekin ez nintzenez egon, ez naute berrogeialdian jarri, baina arduratsu nabil, neurriak hartuz. Edozer gerta daiteke eta medikuek esaten dutenaren zain egon besterik ez daukagu".
Milanen izandakotik gertu: "Emaitza jakin arte urduri egon naiz"
Koronabirusaren probaren emaitza jakin aurreko uneak urduritasunez bizi izan dituela aitortu du gizonezko arrasatearrak. Negatibo eman du, berrogeialdian dago eta une honetan lasaiago dagoela dio: "Proba egin zidatenetik eta emaitza jaso arte, luze samar egin zitzaizkidan egunak eta orduak. Hasierako egunak urduri samar igaro ditut, baina lasai nago orain. Gasteizeko zentro komertzial batean izan nintzen. Bertan bi neska solasean zenbiltzan. Horietako bat Milanen igaro berri zuen oporraldiaz mintzo zen. Ondo zeudela-eta ez genion garrantzirik eman. Hamar bat egun geroago, hilaren 11n, iluntzean eztarriko eta buruko mina eta eztula hasi zitzaizkidan. Medikuarengana joan nintzen, marranta zelakotan. Badaezpada, Gasteizko pasartea jakinarazi nion. Ez nuela ondo egin hara joaten esan zidan. Maskara jarri zuen eta tenperatura hartu (37,8), eta arnasa neurtu zidan. Etxean bakartzeko esan zidan eta proba egitera joango zirela. Hilaren 12an etorri ziren proba egitera; domekan jakin nuen negatiboa zela". Tartean, bikotekideak eta biek neurriak hartu dituzte etxean: komun eta ohe ezberdinak erabiliz, maskaratxoa une oro jantziz eta eskuak behin eta berriro garbituz, besteak beste. "Biok ditugu adinez nagusiak diren gurasoak, eta eurengatik ere egin dugu. Neska-lagunak gurasoekin egotea ere murriztu du. Ni berrogeialdian nago eta bajan, oraingoz".