Atzo aldatu egin zuten datuak emateko modua, Espainiako sistemarekin bat egiteko. Horrela, atzo eman ziren datuek hamabi ordutan atzemandako kasuei egiten zien erreferentzia, gaurkoak berriz 24 ordutan gertatu direnak dira. Zehatzago esanda, martxoaren 16ko 20:00etatik martxoaren 17ko 20:00etara egon diren kasu berriei buruzko informazio da gaur eman dutena. Eta atzo emandakoa berriz, martxoaren 16ko 08:00tik 20:00ra artekoa. Hala, atzoko 38 kasu berrietatik gaurko 208ra igoera handia da, baina ordu kopurua ere bikoitza izan da.
Guztira, 973 pertsona daude kutsatuta EAEn: Araban 545, Gipuzkoan 131 eta Bizkaian 197. Hildakoen kopuruak ere gora egin du, dagoeneko 40 dira hildakoak: 27 Araban, 5 Gipuzkoan eta 8 Bizkaian. Bestalde, 14 dira osatu diren pertsonak.
Sanchez arduratuta agertu da hildakoei dagozkien datuekin, hala ere, esan du koronabirusaren heriotza tasa %4,1ekoa dela EAEn, Madrilen baino dezente baxuagoa. Gainera, nabarmendu du hil diren herritarren gehiengoa adinekoak eta aurretik beste patologia batzuk zituztenak direla. Eta beraz, orain arte markatutako neurriak betetzen jarraitzea ezinbestekoa dela.
Egoerak "larria" izaten jarraitzen duela onartu du Miguel Sanchezek, izan ere, datuek adierazten dute kasu berriak inoiz baino gehiago igo direla. Gaineratu du, "oraindik ez dugula goia jo" uste dutela; horregatik, herritarrei eskatu die "arduraz" jokatzeko eta gomendatutako neurriak betetzeko.
4.020 proba
Miguel Sanchezek esan duenez, orain artean koronabirusaren 4.020 proba egin dira EAEn eta herritar guztiengana heltzeko egiten ari diren esfortzua "handia" dela esan du. Zehaztu duenez, Osakidetzak orain arteko egunetan baino %50 proba gehiago egin ditu azken 24 orduetan. Milioi bat pertsonako 1.837ri egin zaie proba.