Gipuzkoan dagoeneko 90 pertsonak dute COVID-19 gaitza, Araban 474k eta Bizkaian 201ek.
Datuen eguneraketari buruzko informazioa emateaz gain, sailburuak ospitaletako farmazietan medikamentuak jasotzen dituztenei ez bertaratzeko eskatu die. Azaldu duenez, pertsona horiek telefono deia jasoko dute, botika nola eta noiz jaso behar duten azaltzeko.
Koronabirus kasuak atzemateko probak
Kazetarien galderei erantzunez, Murgak azaldu du orain arte 3.500 test egin dituztela, bataz beste 1.270 milioi bat pertsonako. Datu horri lotuta, zehaztu du Europan bataz bestekoa 350 dela. Atzo aurreko astean egindako proba kopuru antzerakoa edo gehiago egin zituztela nabarmendu nahi izan du Osasun sailburuak, baina, une honetan proba eskaera gehiago daudenez, bi talde lehenesten dituztela esan du: pertsona zaurgarriak eta osasun arloko langileak.
Bestalde, esan du, une honetan ez dabiltzala ospitale publikotako pazienteak pribatuetara bideratzen.
900 20 30 50 telefonoa kolapsatuta dagoela salatu dute hainbat herritarrek. Ildo horretan, Murgak esan du otsailaren 26tik 50.000 dei jaso dituztela, eta txanda bakoitzeko langile kopurua hirukoiztu egin dutela. Horretaz gain, call center bat prestatzen dihardutela aurreratu du. Telefono gune horretan, deiak dagokion tokira bideratzeko ardura izango dute, izan ere, sailburuak esan duenez, jasotzen diren deietako batzuk informazioa eskatzeko dira eta ez sintomak dituztelako. Bestalde, egoera guzti hori kontuan izanda, gazteei eskatu die, sintoma gutxi badituzte baloratu dezatela, ea telefonora deitzeko beharra duten.
Boluntario sareak
EAEko herri askotan sortu diren elkartasun sareei dagokienez, Nekane Murgak eskerrak eman dizkie ekimen horiek bultzatu dituztenei. Hala ere, koronabirusaren hedapena saihesteko, eskatu du talde horien koordinazioa esperientzia duten instituzioen esku uztea. Horrela, Guztien artean sarea sortu dutela jakinarazi du eta esan du bertatik kudeatuko direla eskaerak. Sare horren parte dira Gurutze Gorria eta boluntarioekin lana egiten duten elkarteak, besteak beste. Laguntza behar dutenentzat 945 22 22 22 telefonoa jarri dute eskuragarri, eskaera guztiak bertatik bideratzeko helburuarekin.
Boluntarioek soilik pertsona zaurgarriei eskainiko diete laguntza, beti ere, ez badute koronabirusaren sintomarik.
Segurtasun neurriei dagokienez, zehaztu du boluntario moduan diharduten pertsonak 18 eta 65 urte bitartekoak eta arriskurik ez dutenak izan beharko direla. Gainera, laguntza eskaintzen duten pertsonek banaka emango dute zerbitzua –beharrezkoa balitz binaka–, eta beti pertsona bera izango da laguntza emango duena.