Osasungintza arloko lau profesionalekin egon da GOIENA, egoera nola bizi duten jakiteko.
Iñaki Peña, barne-medikua
Iñaki Peña barne medikuntzako profesionala da Debagoieneko Ospitalean. "Gaixotasun berria den heinean, ezjakintasuna dago, baina baditugu Txinako eta Italiako erreferentziak. Hala ere, guretzako Txagorritxu da erreferentzia, etor daitekeena nolakoa izan daitekeen jakiteko".
"Gasteizen jada heldu dira egoerarik okerrenera, eta gu jakitun gara okerrena hurrengo asteetan helduko zaigula; baina prestatuta gaude".
Azaldu du "kezkaz" bizi izan dutela Txagorritxun gertatutakoa. "Bertako lankide askok egin dute jada berrogeialdia, eta horietako batzuk infektatuta daude; gehienak, barne medikuntzakoak. Horren eraginez, Debagoieneko Ospitaleko langileren bat edo beste Gasteizera joan behar izan da, errefortzu bezala zerbitzua ematera". Egoera horrek zentroen arteko laguntza areagotu duela dio. "Txagorritxun gertatukoak egoera irauli du. Normalean, Debagoienean ditugun kasu larriak Gasteizera bideratzen ditugu, bertan baliabide gehiago dituztelako: espezialista gehiago, baliabide material gehiago... baina orain, alderantzizkoa gertatzen ari da, gu ari baikara Gasteizko pazienteren bat edo beste hartzen. Une honetan, gainezka daude, eta laguntza eman behar diegu. Jada hasi dira ere pazienteak Gasteiztik Donostiako Ospitalera bidaltzen, bertako egoera askoz hobeagoa baita. Gasteizen jada heldu dira egoerarik okerrenera, eta gu jakitun gara okerrena hurrengo asteetan helduko zaigula; baina prestatuta gaude".
Gema Bikuña, erizaina
Erizain oñatiarrak Mendaroko ospitalean egiten du lan, larrialdien alorrean. "Egoera kontrolpean dugu une honetan; kasu positibo gutxi ditugu, eta modu eraginkorrean ari gara lanean. Egokitzeko gaitasun handia eskatzen digu egoerak, protokoloak ia egunero aldatzen direlako". Espazioak eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzen dabiltzala aipatzen du. "Larrialdietako espazioak berrantolatu egin behar izan ditugu. Hala, arnasteko zailtasunak eta halako sintomak dituzten pazienteak gela isolatu batean jartzeko moldaketak egin behar izan ditugu.
"Txanda bakoitzean lauzpabost erizain daude, orokorrean; baina, une honetan, jai duen erizain bat ari da boluntarioki lanean txanda bakoitzean"
Hasieran, txandako erizain guztien artean artatzen genituen, eta eurengana joateko babes neurriak erabiltzen genituen denek: maskarak, betaurrekoak, eskularru bereziak, amantal bereziak... baina orain, erizain, erizain-laguntzaile eta mediku bakarra aritzen da txanda bakoitzean paziente horiekin. Modu horretan, babes material askoz gutxiago erabiltzen dugu. Une honetan, herritarrak etxean isolatuta daude, baina horren emaitzak ez ditugu orain iragarriko. Hurrengo bi asteetan edukiko dugu lan gehien, eta komeni da materiala zentzuz erabiltzea".
Mendaron txanda boluntarioak egiten dabiltza erizainak. "12 orduko txandak egiten ditugu, astean hiru egunez. Baina beharra dagoenez, boluntarioki ari gara jaiegunak lanera bideratzen. Txanda bakoitzean lauzpabost erizain daude, orokorrean; baina, une honetan, jai duen erizain bat ari da boluntarioki lanean txanda bakoitzean".
Leire Fernandez, erizaina
"Koronabirusa ebola bezalakoa izango zela uste genuen. Urrutitik ikusten genuen, baina hona helduko zenik pentsatu gabe; eta kasu honetan, heldu egin da. Txinakoa eta Italiakoa ikusita, duela hilabete hasi ginen formakuntzak jasotzen, batez ere, norbera babesteko ekipamenduak nola erabili jakiteko. Baina, errealitatean, protokoloak ia egunero aldatzen dabiltza, eta kosta egiten ari zaigu azkartasunez lan egitea. Pixkanaka, protokoloak ari dira egonkortzen, eta gu ere bagabiltza trebatzen".
"Ziurrenik beldurragatik, baina larrialdietara datozen kasu ez larriak nabarmen jaitsi dira; eskerrak, bestela ez genuke-eta baliabide nahikorik izango krisi honi aurre egiteko"
Lan karga handitu zaien galdetuta, hona erantzuna: "Nik larrialdi zerbitzuetan egiten dut lan, eta gure kasuan, lan bolumena asko jaitsi da. Krisi honen guztionen aurretik kasu askoz gehiago artatzen genituen, baina orain, kopuru hori asko jaitsi da. Ziurrenik, beldurragatik izango da, baina larrialdietara datozen kasu ez larriak nabarmen jaitsi dira; eskerrak, bestela ez genuke-eta baliabide nahikorik izango krisi honi aurre egiteko. Koronabirusarekin lotutako pazienteak artatzeko debora gehiago behar dugu, babes neurriengatik, batez ere; beraz, paziente gutxiago ditugu, baina denbora gehiago eskatzen dutenak.
Egoera larriena heltzear dagoen arren, indartsu ikusten du lantaldea: "Debagoieneko Ospitalean oso lantalde ona daukagu, eta harreman ona dugu gure artean. Eta esango nuke talde sentsazioa are indartsuago izaten ari dela krisi garai honetan. Elkarri laguntzeko ahaleginak egiten ari gara".
Marina Lopez, Ruiz Perez Farmaziako langilea
Gipuzkoako Sendagileen Elkarteak farmazietara gel eta maskara bila ez joateko mezua igorri du. Marina Lopezek Arrasateko Ruiz Perez farmazian egiten du lan, eta aurreko asteburuan guardian egotea egokitu zitzaien.
"Gel eta alkohol gabe, ura eta xaboia nahikoa dira babestuta egoteko. Hori bai, gutxienez, 20 segundo behar dira eskuak garbitzeko"
"Gel hidroalkoholikoa, maskarak eta alkohola agortuta daude erabat, eta nahiz eta eskatu, ez zaizkigu heltzen. Zapatuan, adibidez, erosle bakoitzeko alkohol pote bat saldu genuen. Jendeak seinaka erosiz gero, ez dago denontzako. Goizean 24 pote jaso genituen, eta bi ordutan, denak salduta. Hala ere, gogoratu nahiko nuke gel eta alkohol gabe, ura eta xaboia nahikoa direla babestuta egoteko. Hori bai, gutxienez, 20 segundo behar dira eskuak garbitzeko". Produktu falta ikusita, itxaron zerrendak jarri dituzte: "Falta diren produktuak emateko itxarote-zerrenda bat dugu, eta orain, 40 lagun daude. Gaixo kronikoei eta aldez aurretik eskatu dutenei lehentasuna emateko da".