Etxean bada ere, sasoia mantendu guran dabiltza debagoiendarrak

Jone Olabarria 2020ko mar. 18a, 10:31

Herritar ororendako konfinamendu egoera ezarri zenetik, etxean egotera behartuta daude debagoiendarrak ere. Neurriak ahalik eta eragin txikiena izan dezan, ariketa fisikoa egitea da adituen gomendioetako bat, nork bere aukerak baliatuta.

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala "kezkatuta" agertu da konfinamendu egoera luzatuak izan ditzakeen ondorioengatik, bai ospitaleko egonaldian zehar, baita etxebizitza partikularretik ez irteteagatik. Herritar orori eragiten dion konfinamendu egoera honetan, mugikortasunik gabeko edo etzanda emandako epe luzeek arazoak sor ditzaketela azaldu dute; artikulazioen zurruntasuna, indar muskularraren galera, arnasketa-arazoak, zirkulazio-arazoak, azaleko ultzerak edo egoera mentalaren aldaketak –depresioa, antsietatea...– besteak beste.

Gauzak horrela, ahalik eta aktiboen egoteko espazio eta baliabide mugatuak izan arren, egoera fisikoa zaindu eta sasoian mantendu nahian dabiltza herritar ugari, etxetik, bakoitzak ahal duen heinean eta eskura dituen materialekin.

 

JON REGUEIRO

"Monitorea naiz Oñatiko kiroldegian, eta, hortaz, hartu-eman zuzena dut kirol munduarekin. Orain egun batzuk, egoera hau hasi zenean, nire lankide batzuek zuzeneko spinning saioa eskaintzeko asmoa zutela esan zidaten, Facebook bidez, hala herritarrek haien etxeetatik egiteko aukera izan zezaten. Ideia ona iruditu zitzaidan, herritarrek sasoian egoteko tresna bat izan zezaten, nork bere etxetik.

Nire kasuan, etxean hainbat ariketa egiten nabil egunotan, bizikletan edo indarra lantzeko ariketak. Horiek partekatzeko asmoz, bideoan grabatu dut spinning saio bat, etxean egiteko modukoa, klase birtual bat izango balitz bezala. Bideo hori sare sozial bitartez zabaldu dut, nahi duenak erabili dezan eta bere bizikletan egiteko. Hain zuzen ere, hori da nire intentzioa, denentzat eskuragarri izatea nahiko nuke.

Spinningeko klaseez gain, bestelako ariketa batzuk ere bideoz grabatu guran nabil. Badakit herritar guztiek ez dutela etxean bizikleta bat edo kirol material zehatzik, eta, hortaz, inongo materialik gabe, nork bere pisuarekin edota etxean denok izan ditzakegun objektuekin erraz egin daitezkeenak izango dira".

 

MAITANE DIEGUEZ

"Nire bikotekidearekin batera nabil egun hauek igarotzen bere etxean. Biok gara kirolariak eta ohituta gaude gure egunerokoan ariketa fisikoa egitera; kalera irtenda korrika egitera, esaterako. Gure kontura ere aurretik ariketak egiten genituen etxean edo kalean; hortaz, guretzat ez da hain ezohikoa. Gainera, nik saskibaloian jokatzen dut eta bera areto futbolean dabil, hortaz; gure eguneroko zati garrantzitsua da kirola. Kirol jarduera guztiak bertan behera geratu zirenean, jada hasi ginen sasoia mantendu nahian zerbait egiten, baina konfinamendu egoerak beste errealitate bat ekarri du. Zaila izan daiteke etxetik irten gabe, gimnasiorik gabe edo kalera, mendira ezin joanda kirola egitea, baina, hala ere, garrantzitsua iruditzen zait sasoian mantentzea, fisikoki soilik ez, mentalki ere osasuntsu egoten laguntzen digulako.

Egoera ikusita, etxean core motako hainbat ariketa egin ditugu: abdominalak, indarra lantzekoak...Etxean dugun materialarekin moldatzen gabiltza, ahal dugun moduan. Ikusteko dago oraindik zenbat iraungo duen egoera honek, baina konfinamenduak iraun bitartean ia egunero entrenatzeko asmoa dugu; gutxi gora-behera, 45 minutuz. Gehienbat, materialik gabeko ariketak egiten aritu naiz orain arte: abdominalak lantzekoak, plantxak, besoetako indarra lantzeko ariketak, hankak... baina etxean dugun materiala ere erabiliko dugu".

 

DANEL SANTAMARIA

"Nire egunerokoan kirola egiten saiatzen naiz beti, bai gimnasiora joanda, baita kalean bestelako jarduera batzuk eginda ere. Ahal dudan guztietan oinez joaten saiatzen naiz lekuetara, horrela ere ariketa fisikoa eginez eta aktibo mantenduz nire gorputza. Egoera normalean, konfinamendu gabe, astean hainbatetan joaten naiz gimnasiora. Orain baina, ariketa fisikoaren intentsitatea murriztu behar izan dut nahitaez, azken batean etxetik ezin irtenda egoteak ez du beste aukerarik ematen eta.

Etxean ariketak egin ahal izateko badut soka bat eta baita goma batzuk ere. Horiek ematen dizkidaten aukerak baliatu eta indarra mantentzeko ariketak egiten ditut; baita abdominalak, flexioak,...Espazio murriztua izanda egiten daitekeena egiten dut etxe barruan, baina zorionez badut eraikineko teilatuan aire pixka bat hartu eta ariketa fisikoa egiteko aukera ere. Bertara igo eta gomekin, sokarekin edo nire pisua baliatuz lan egiten dut egun hauetan.

Azken finean, helburua hori da, ahal dugun heinean, orain arteko sasoia mantentzea, egun hauetan ezingo dugu askoz gehiago irabazi eta. Ariketa hauetaz gain, eserita edo ohean gehiegi ez egoten saiatzen naiz, ordu eta erdiro mugitzeko ahalegina egiten dut, pare bat aldiz jaiki eta pixka bat ibili besterik ez bada ere. Garrantzitsua iruditzen zait gure burmuina eta gorputza aktibo mantendu eta egun hauetan okupatu egotea.

Dena den, garrantzia berezia ematen diot errutina bat finkatzeari; goizean goizetik egitea nahi duguna ongi planifikatu eta gure egunerokoa eramangarriagoa egiten, gure elikadura zaindu eta lo orduak mugatu eta kontrolatzeari. Ez dakigu zenbat iraungo duen honek, baina sasoi fisikoaz gain, osasun mentala ere zaindu behar dugu konfinamendu egoeran egonda".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak